Puntua aldizkariaren 345. aleko Bat-batean atalean argitaratutako elkarrizketa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Hamarkada bat pasatxo da aktore lanetan. Nola definituko zenuke orain bizi duzun momentua?
Urte asko dira honetatik bizi naizela, eta ibilbidearen parte bat gehiago dela esango nuke. Azken urte eta piko honetan lan askorekin ibili naiz, bai Kamikaz kolektiboarekin eta baita bakarka ere, eta hainbat proiekturen amaiera oraintxe heldu da; trantsizio unean nago.
Horrek bertigoa ematen du, ala ilusioa piztu?
Denetik. Beti daude horrelako uneak. Batzuetan, proiektuak errenkadan datoz eta lanera eta sormenera entxufatuta zaude. Baina gure lanean proiektuak hasi eta bukatu egiten dira epe baten barruan. Etorriko denaren inguruko galderek bertigoa ematen dute, baina, aldi berean, ederra ere bada galdera horiek egiteko aukera izatea.
Zenbat kosta zitzaizun zeure burua aktore moduan aurkeztea?
Atzera begira jarrita, konturatzen naiz oso umetatik modu naturalean izan dudan zerbait dela; eskolako antzezlanetan-eta beti erakutsi dut neure burua oso txikitatik. Akaso, ez nuena pentsatzen zen horretatik bizi nintekeenik, garai haietan erreferente handirik ere ez nuelako Euskal Herri mailan. Antzerkia ikasi nuen; lehen lana irten zen; oso sortzailea naizenez, nire piezak ere sortu ditut...
Zure ibilbidea ikusita, argi dago ez zarela lana noiz helduko zain egotekoa. Horren adibide da, esaterako, zeuk sortutako Panpina obra.
Ez naiz inoiz ere kanpotik zer lan etorriko den zain egon, eta horrek askatasuna ere ematen dizu. Panpina-rekin ideia izan nuen, eta, alde horretatik, inpultsiboa naiz: bulkada sentitzen badut, ekintzara pasatzen naiz. Sekulako bidaia izan zen: oholtzan bakarrik ia ordubetez; gero, Ganbila bilduman ere argitaratu zen... Baina neuk sortzea ez da izaten beste eskaintzarik ez datorrelako, berezkoa dudalako baizik. Ederra izan da baita ere bidean Amancay Gaztañaga, Miren Gaztañaga eta Iraia Elias topatu eta Kamikaz kolektiboa sortzea.
2014an sortu zenuten Kamikaz kolektiboa; antzerki konpainia bat da?
Antzerkia egin dugu, baina film laburrak ere bai; edozein adierazpideri lekua egin nahi diogu, gure etxetxoa dela esan genezake. Antzerkian, adibidez, umorea ezaugarri garrantzitsua da; zirikatzaileak gara, ganberroak. Hori ikusten da orain erakusten gabiltzan Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obran. Film laburren kasuan, aldiz, oraindik ere kontatu nahi ditugunak nola kontatu esploratzen ari gara.
Egongo da Vikingak saioagatik ezagutuko zintuenik. Igarri duzu telebistan agertzeak dakarren fama?
Kalean bateren batek ezagutu, eta esan dit; lan eskaintza aldetik ez dut nabaritu. Gertatu zait jendeak aurrez egindako obrengatik ezagutzea, eta sekulako ilusioa egiten dit, gure lekua egiten ari garela esan nahi duelako.
Zuzendari ere izan zara. Asko aldatzen da lanaren perspektiba?
Beste leku batetik ikusten duzu: aktorea izanda, agertokian tentsioa askatzen duzu; eta zuzendari moduan, aurretik egin dituzu egin beharreko lanak, beste kudeaketa lan bat da. Nolakoa den zuzendari izan ostean beste baten aginduetara jartzea? Pertsonaren arabera da: elkar ulertzen duzuen, feeling-ik badagoen... Konfiantza badago, zoragarria da, baina, bestela...
Zure jaioterriaren, Azpeitiaren, parodia bat den Herriye obra izan duzu azken lanetako bat.
Herriko antzerki topaketen 40. urteurrenaren harira sortu zen ideia. Elementu asko ditu aldi berean, eta hor ere zirikatzaile ibili gara, une oro herriari erreferentziak eginaz. Lau egunez eskaini dugu Azpeitian, sarrera guztiak agortuta zeudela. Printzipioz, hor geratu da, eta, berriz egitekotan, Azpeitian izango da, ez beste herri batean.
Besteen azalean jartzeak zenbat lagundu dizu zeure burua ezagutzen?
Horretan, terapiara joateak lagundu dit asko. Pertsonaiak zure beste alderdi bat ezagutzeko balio dizu: askotan, zure teklak non dauden jakin behar duzu pertsonaiari eskaini ahal izateko.