ALBISTEAK

Badator 'Kantari' saioaren 8. aldia

Aitor Agiriano Arrese 2022ko aza. 22a, 14:30

Debagoieneko karaoke ikuskizun arrakastatsuenean izena emateko epea zabalik dago. 7-11 urte bitarteko debagoiendarra bazara, sortu hiru, lau edo bost laguneko taldea eta eman izena hemen. Azaroaren 30a izango da izena emateko azken eguna. 

2023ko urtarrila bukaeran hasita egingo da Kantari saioaren 8. aldia Debagoienean. Herriz herri egingo dira emanaldiak eta, ohi bezala, ikuskizunaren aurreko asteburuan entseguak egingo dira. Aurrez, baina, parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du eta, azken aldietan bezala, online egingo da hori. Debagoieneko 7-11 urte bitarteko gaztetxoek izango dute parte hartzeko aukera; hiru, lau edo bost laguneko taldeak osatuta. Behin taldea eginda, partaide bakoitzak bere izen-emate orria bete behar izango du. Azaroaren 30a izango da izena emateko azken eguna. 

Aurten, gainera, indarberrituta dator karaoke ikuskizuna. Izan ere, kantu berriak estreinatuko ditu saioak: En Tol Sarmiento, Huntza, Nogen, Kai Nakai... taldeen abesti berriak izango dituzte-eta gaztetxoenek gozagai, besteak beste. Parte hartuko duten talde guztien artean egingo da kantuen zozketa eta abenduaren 12ko astean jakinaraziko zaie gurasoei, WhatsApp bidez, talde bakoitzari prestatzea egokitu zaion kantua zein den, kanturako lotura eta baita entsegu eta grabazio egun, ordu eta lekuak ere. 

Gogoratu, Kantarik ez duela inolako lehiaketa kutsurik; eta ez da irabazle ezta galtzailerik ere izango. Parte hartzea eta ondo pasatzea da garrantzitsuena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak