EKKO proiektuaren 'Ilusioa/inklusioa' egitasmoa aurkeztu dute

Imanol Beloki Unamuno 2022ko aza. 17a, 10:23

EKKO proiektuaren barruan, azaroaren 30etik aurrera, Ilusioa/inklusioa izenpean, Aretxabaletan eta Eskoriatzan lau mahai-inguru eta kirol jarduera bat izango dira. Alde batetik, proiektua ikastetxeetan garatzen ari da Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleekin eta haien gurasoekin. Eta, bestetik, "gure seme-alaben osasun osasun fisiko, psikiko eta sozialak guztion helburu izan behar dela" kontzientziatu nahi da komunitatean.

Eskola, kirola, komunitatea eta osasuna eskutik doaz EKKO proiektuan. Egitasmo honek trebetasun sozialak lantzen ditu 10 eta 12 urte bitarteko haurrekin (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak), eta, aldi berean, herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi ditu. Orain, programa komunitateari zabalduko zaio, azarotik abendura bitartean Aretxabaletan eta Eskoriatzan egingo diren lau mahai-ingururekin eta kirol jarduera batekin.

Programa osoago bat antolatu nahi izan dute oraingoan; Eskoriatzako eta Aretxabaletako Udalak, bi herrietako ikastetxeak, Mondragon Unibertsitatea, UDA, eta San Juan de Dios ospitalea ari dira elkarlanean, eta proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutakoa da. Egitasmoaren urrats berriak ezagutarazteko, berriz, Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak eta Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak, Ainhoa Cabero Aretxabaletako Gazteria zinegotziak, Maider Etxaniz Eskoriatza eta Aretxabaletako Gazteria teknikariak, Agurtzane Elkoro UDAko presidenteak, eta Emilio Martin San Juan de Dios ospitaleko psikologoak azaroaren 30ean abian jarriko den programaren xehetasunak eman zituzten, eguaztenean, Eskoriatzako kultura etxean.

Esparru ezberdinak arakatuz

Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak azaldu zuen, proiektu honek ibilbide luzea duela. "Drogen kontsumoaren prebentzioan arreta jarriz hasi zuela bere ibilbidea, baina gaur egun beste arrisku batzuk antzeman dira nerabezaroan; hala nola, antsietatea, depresioa, elikaduraren nahasmenduak eta ludopatiak, beste beste. Egoera horren aurrean, programa osoago bat jarri nahi izan dugu martxan". Arreta jarri nahi izan da gizarte trebetasunen garapenean (autoestimua, gatazken konponketa, komunikazioa, erabakiak hartzea, pertsonen arteko harremanak…) prebentzio tresna gisa.

Horrekin batera, Unai Elkorok Aretxabaletako alkateak honakoa gaineratu zuen: "Ikastetxeetan gauzatzen den programarekin batera, komunitatea inplikatu nahi da, zeharka, gurasoengan, gazteengan eta beste eragile batzuengan eragina izan dezan", adierazi zuen Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak.

Hitzorduez haratago, ezaugarri azpimarragarriak

Emilio Martin San Juan de Dios ospitaleko psikologoak, berriz, EKKO proiektuaren berri eman zuen. "Lau gauza garrantzitsuren emaitza da programa hau. Bi udal ados jarri dira neska-mutilak lehen mailan jartzeko; oso garrantzitsua da, halaber, ikastetxeek programa hori eskola-ordutegian sartzea erabaki izana, beste irakasgai bat bezala; eta, era berean, MUko unibertsitateak neska-mutilekin lan egingo duten pertsonak prestatzea erabaki izana. Eta laugarren hanka garrantzitsua da neska-mutilekin lan egingo duten pertsonak bertakoak direla. Beraz, programa trinkotzen du eta balioa ematen dio horrek".

Egitaraua

EKKO programaren barruan, lau mahai-inguru egingo dira azaroaren 30ean, abenduaren 14an, 15ean eta 20an, kirol jarduera batekin batera; azken hau abenduaren 16an eta 17an.

Azaroak 30. Mahai-ingurua: Zein da gure seme-alaben osasun egoera? Guraso eta ikastetxeetako ordezkariek parte hartuko dute. Haurren inguruko diagnostiko bat egingo da, bizi dituzten egoerak eta dituzten kezkak partekatzeko, eta hezitzaile gisa duten eginkizuna balioesteko. Ekitaldia Eskoriatzako Huhezi fakultatean izango da, 18:00etan hasita (euskaraz).

Abenduak 14. Osasun mentala gazteen artean. Saio honetan haur eta gazteen sektorean ohikoenak diren arreta-eskariei, ikusten diren gabeziei, eta haiekin eta haien familiekin egiten den esku-hartze motari buruzko informazioa emango da. Onna Psikologiak, Jeiki Fundazioak eta Huhezik parte hartuko dute. Aretxabaletako Komunikazio fakultatean izango da mahai-inguru hau, 18:00etan (gazteleraz).

Abenduak 15. Industria eremuan aurreikusten den etorkizuneko lanbide eskaria. Enpresa munduko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkarien parte-hartzearekin. Eskoriatzako Huhezi fakultatean izango da, 18:00etan (euskaraz).

Abenduak 20. Kirolak hezkuntza eta balio transmisio eragile gisa duen garrantzia. Gurasoei eta haurrei zuzendutako mahai-ingurua da. Helburua ohitura osasuntsuak izatea, konpromisoa, erantzukizuna, elkarlana eta zerbaiten parte dela sentitzea balioan jartzea da. Partaideak: Real Sociedad Fundazioa, Athletic Club Fundazioa, Eibar Fundazioa, UDA eta Araski Gasteiz. Aretxabaletako Komunikazio fakultatean elkartuko dira, 18:00etan (euskaraz).

Abenduak 16 eta 17. Kirol ekintza. LH5. eta LH6. ikasleei eta euren gurasoei zuzenduta dagoen ekimena da. Abenduaren 16an Eskoriatzan izango da hitzordua, eta bertan, mugikorren erabilera, apustuak, sare sozialak, pornografiaren kontsumoa eta beste hainbat gai jorratuko dira. 18:00etan hitzaldi bat izango da Zaldibar antzokian (gazteleraz), eta 19:00etan saio praktiko bat kultur etxean.

Abenduak 17. Aretxabaletako kiroldegian kirol probak antolatuko dira (petanka, desafio probak…). Jarduera goizez egingo da.

Izen-emateak lotura honetan egin daitezke: [Izen-ematea]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak