Gogortasunei aurre hartzen

Puntua: Oiartz Garitaonandia 2022ko aza. 15a, 16:27

Haren izen teknikoa hiperkeratosia da, baina jendeak gogortasunak, duriziak edo kailuak izenez ezagutzen ditu. Hiperkeratosia larruazalaren kanpoko geruzetan keratina gehiegi pilatzen delako gertatzen da. Larruazala loditzeak marruskaduratik eta presiotik babesten du.

Puntua aldizkariaren 344. alerako Oiartz Garitaonandia podologoak idatzitako artikulua da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Hiperkeratosiaren forma gehienek ez dute minik egiten. Kanpoko presio batekin lotuta egon daitezke; adibidez, zapata edo barne-presio batekin. Alegia, behatz deformatu batekin edo ibilera txar batekin. Sintomak hainbat izan daitezke: larruazala gogortuta eta ertz zehatzik gabe izatea, kolore horixka izatea – keratinarengatik– eta lehortasuna, besteak beste. Gainera, normalean, ez dute minik edo molestiarik eragiten.

Zergatik sortzen dira?

Ibilera txarragatik izan daiteke. Askotan, toki beretan agertzen dira gogortasunak. Horren arrazoietako bat zapaltzeko era izan daiteke. Ibiltzen ari garenean presioak ez baditugu ondo sakabanatzen, oinetakoaren zati batzuk beti kaltetuak izango dira eta presio horietaz babesteko gogortasunak sortzen dira. Oinetakoek ere badute zerikusia. Punta estuko oinetako desegokiek eta takoizko oinetakoek gogortasunak agertzea sustatzen dute, oina eta behatzak estutzen baitituzte. Galtzerdiak janztea komeni da. Oinetakoak janzterakoan ez baditugu galtzerdiak janzten, oinaren azalak zuzenean ukituko du oinetakoen material gogorra, eta gogortasunak eragin. Gaizki jarritako edo zimurtutako galtzerdien ondorioz ere ager daitezke. Oinaren deshidratazioa hiperkeratosiaren presentziari ere laguntzen dion faktorea da. Oso ohikoa da; orpoen inguruan, batez ere. Pertsonek oinetan deformazioren bat badute, hala nola juanikoteak edo behatzak garra eran, larruazalaren eta oinetakoen arteko presio handitu egiten da eta gogortasunak azaldu daitezke.

Podologoarengana joateko ohitura funtsezkoa da hiperkeratosia saihesteko

Nola tratatu lesio hori?

Azpimarratu beharrekoa da gogortasunarekin nahas daitezkeen beste gaixotasun batzuk badaudela; adibidez, garia edo garatxoa –giza papilomaren birusak eragindakoa–. Bi patologia ezberdin izanik, bi tratamendu ezberdin egin behar dira. Garia gogortasun gisa tratatzen badugu, egoera okertu eta infekzioa zabal dezakegu. Espezialistak kasu bakoitzaren araberako tratamendurik egokiena egingo du. Hauek dira ohikoenak:

  • Kiropodia: podologia tratamendu hori da gogortasunak konpontzeko ohikoena. Deslaminazioaren bidez, oinaren larruazaleko zelula hilak kendu ahal izango dira.
  • Martxaren azterketa biomekanikoa: ibileraren azterketa biomekaniko oso batekin, eta presio-plataformari esker, ibiltzean presio handiena duten puntuak ezagutu ahal izango dira. Barne-zola pertsonalizatu batzuekin, presioak berrorekatuaz, oinetan presio handiak jasaten dituzten puntuak deskargatu ahal izango dira.
  • Maskurren kontrakoak: larruazalean erredurak eta zauriak sortu ditzake horien erabilerak, eta gogortasunaren egoera okertu. Horregatik, podologoek gogortasunak edo helomak tratatzeko erabiltzen dute. Adituek ez dute gomendatzen hauen erabilera.

Prebentzio neurriak

Nola prebenitu daitezke gogortasunak? Podologoarengana joateko ohitura izatea funtsezkoa da lesio hori saihesteko. Zapaltzeko moduaren arabera eta beste patologia batzuk kontuan izanik, jarraibide ezberdinak eman ahal baitizkizute; oinetakoen aukeraketan lagunduz, besteak beste. Hala eta guztiz ere, gogortasunak ez sortzeko, etxean jarrai ditzakegun puntu batzuk azalduko dizkizuet jarraian:

  • Oinetako egokiak: gomendagarria da ezaugarri jakin batzuk dituzten zapatak erostea, gure oinari kalte egin ez diezaioten eta gogortasunak eragin ez ditzaten. Hurrengo ezaugarriak hartu behar dira kontuan: orkoi zabala izatea behatzetako presioa saihesteko; egonkortasuna ematea, oinari ondo eusteko, zola finak saihesteaz gain; kalitatezko materialekin eta ehun transpiragarriekin eginak izatea; takoirik ez erabiltzea – gehienez ere, hiruzpalau zentimetroak izan daitezela– eta zapatak sarri aldatzea, mota askotariko zapatak jantzi, marruskadurak toki berean sortu ez daitezen.
  • Masail-harria: azal hila esfoliatuz gero, gogortasunen agertzea saihesten lagunduko du. Lesio edo narritaduraren bat agertuz gero, espezialistarengana joan. Ez da tratamendu bat, osagarri bat baizik.
  • Higienea: garbitzea eta, batez ere, sakon lehortzea gure higiene-errutinan bete beharreko eguneroko ohitura da.
  • Hidratazioa: oinaren hidratazio egokiak lesio horien presentzia geldiarazten lagunduko du. Azken batean, gogortasunak edo hiperkeratosiak jendearen artean oso ohikoak diren arren, ez diegu garrantzirik kendu behar. Larriak ez izan arren, lesio horien agerpenak zerbait ondo ez doala adierazten digu –oinetakoak, ibiltzeko modua eta abar–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak