Euskarazko tokiko kazetaritza irabazle Tokikom sarietan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko aza. 11a, 11:27

Gaur banatu dituzte Tokikom sariak Arantzazun egin den ekitaldian. Euskaltzaleen Topagunearen eta Tokikom osatzen duten hedabide guztien ibilbideak saritu dituzte hamargarren urteurrenean.

Tokikom sarien zazpigarren edizioa egin da, gaur goizean, Arantzazuko ArantzazuLab eraikinean. Tokikom osatzen duten duten hedabideetako kideak, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendaria, eta Garbiñe Mendizabal zein Xabier Arauzo, Gipuzkoako zein Bizkaiko Foru Aldundietako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak izan dira ekitaldian.

Iban Arantzabal Tokikomeko lehendakariak hartu du hitza ekitaldiari hasiera emateko. Azaldu duenez, euskararentzako estrategikoa da hedabideetan ere euskaraz egitea: "Asko dauka irabazteko eta bidea egiten jarraitu beharko dugu". Nabarmendu duenez, egiteko garrantzitsuak kalitatea eta elkarlana dira.

Estibaliz Alkortak eta Garbiñe Mendizabalek ere elkarlan horretan jarri dute azpimarra. Alkortak adierazi du Tokikomek Eusko Jaurlaritza bidelagun duela, eta denborak erakutsi duela bidea elkarlana dela. Mendizabalek, bestalde, elkarlanean lan egitea "errentagarriagoa" dela esan eta eskaera egin du: "Elkarlana behar dugu zuen eta gure artean; izan ere, gure hizkuntzaren normalizazioak elkarlana beharko du eta gure herriaren normalizazioak ere elkarlan hori behar du".

Aurkezpenaren ostean, Urko Aristi ETBko telebista aurkezleak hartu du saioa gidatzeko ardura. Hamargarren urteurrena ari da ospatzen Tokikom eta nondik datorren jakiteko nahiz 10 urte hauen errepasoa egiteko Abaok egindako ikus-entzunezkoa proiektatu dute: 10 urte, 10 ahots

Etorkizuna izan dute hizpide goizaren lehen zatian. Horretarako, lehendabizi, hainbat galdera erantzun behar izan dituzte bertaratutakoek aplikazio bidez, erakundearen eginbeharren eta etorkizunen inguruan. Behin galderak erantzunda, Tokikom 10 urte barru, non eta nola mahai-inguruan hartu dute parte UKT-ko Gorka Zabaletak, Aleako Aritz Martinez de Luna eta Pil-pileaneko Egoitz Unamunok.

Tokikom sariak

Normalean, toki komunikabideen urteko kazetaritza lanik onena saritzen badute ere, 10. urteurrena ospatzeko, komunikazio proiektu nabarmenenak saritu nahi izan dituzte. Hortaz, aurreneko saria Euskaltzaleen Topaguneak jaso du "duela 10 urte, batere ziurtasunik gabe, baina ausardia eta gogo handiz toki komunikabideen sektorea sendotzeko aurrerapausoa ematea erabakitzeagatik".

Ondoren, Tokikom osatzen duten hedabide guztiek jaso dute oroigarria euren sorreratik tokiko euskal kazetaritzaren alde egin duten lanagatik.

Kazetaritza adar berriak

Atsedenaldiaren ostean, Joxe Rojasek hartu du hitza Tokikomen hamar urteetan sortu dituzten tresna digitalen errepasoa egiteko.

Ondoren, bazkidetza izan dute hizpide Negozio ikuspegia. Publizitate eta paperetik, bestelako balio eskaintza baterako bidean solasaldian. Bazkidetzaz eta bazkideei eman beharreko balio erantsi horietaz aritu dira Aiurriko, Krokikako nahiz 28 kanala eta GITB-eko hiru bazkide.

Kazetaritza egiteko adar berriak izan dituzte hizpide Aikorreko Itxaso Marinak, Geuriako Jon Villapunek eta Anbotoko Jone Guenetxeak. Mojo ekipoak, sare sozialak eta ikus-entzunezkoak izan dituzte hizpide kasu honetan. 

Tokikomeko zenbait komunikabideek ere datu-kazetaritzaren aldeko apustua egin dute, eta horren adibide da EITBrekin elkarlanean egiten ari diren Saretzen egitasmoa.

Erlazionatuak

Tokikom sariak 2022, argazkitan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022 aza 11 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak