Puntua aldizkariaren 343. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Bilbon Ambrosio Martin O'Daly irlandarrak emandako mitina entzundakoan erabaki zuten zenbait emakumek Emakume Abertzale Batza (EAB) sortzea, lehen aldiz aditu baitzuten emakume nazionalistez osatutako Cumann na mBan izeneko erakundea zertan zatzan. Haren izaera militarra baztertuta, kutsu erlijiosoarekin, euskaratik eta emakumeen heziketaren aldeko bokazioarekin, 1922ko maiatzaren 7an eratu zen ofizialki EAB, baina hurrengo urtean, Primo de Riveraren diktadura ezartzearekin bat legez kanpoko bilakatu zen, harik eta 1931n Espainiako Errepublika heldu zen arte. Loraldi bezala gogoratzen dute adituek hurrengo bost urteetako ibilbidea: "Asko garatu zen mugimendua, herri eta hiri ugaritako milaka afiliaturen babesa zeukan-eta", diote aho batez Karmele Perezek, Begoña Bilbaok eta Gurutze Ezkurdiak. EHU irakasleak hirurak, argitaratzear dute EAB 100 urte Aberria eginez liburua, eta argi dute emakume haiek izan zirela gerra aurreko lehen ikastolen sustatzaileak.
Ikastoletan, hain zuzen, abertzaletasunaren balioak irakasten zizkieten haurrei, eta horregatik dira "gure identitate nazional eta kultural euskotarraren aitzindariak", Ezkurdiaren esanetan.
Bestalde, XX. mende hasieran emakumeei zegozkien egitekoetan hobekuntzak txertatzen saiatu izan ziren, hezkuntzan ez ezik, baita erizaintzan –lan munduratzeko formakuntzak eskainiz– eta ongizatean –behartsuenei lagunduz– ere. "Gainera, ordura arte apenas esku hartu zuten zenbait alorretan pausoak ematera ausartu ziren, politikan, bereziki, emakumeen boto eskubidea eta politikan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu baitzuten", azaldu du Ezkurdiak. Ekarpen hura balioa emateko modukoa izan zela gaineratu du, "gaur egun politika delako emakume eta gizonen parekotasunean arlorik garrantzitsuena". Kontrara, arlo ekonomikoan – enpresaburu gehienak gizonezkoak dira– eta kirolean desberdintasunak "askoz nabariagoak" direla argudiatu du.
Erresistentzia eta erbestea
Ziurrenik, oraindik eta onura handiagoak ekarriko zituzten haien eginahalek, altxamendu frankista gertatu izan ez balitz, 1936an zeharo aldatu baitzen euren zeregina. "36ko gerran, atzeguardian aritu ziren, gudarien arropak josten eta arma fabriketan laguntzen. Ihes egin behar zutenei mugak pasatzen eta etxeak aurkitzen laguntzen zieten. Erizainek, bestalde, frontean eta ospitaleetan lan handia egin zuten", azaldu du Perezek. Francoren tropek aurrera egin ahala, Kataluniara lekualdatu zuten elkartea, buruzagitza berria osatuta. Diktaduran zehar, ostera, Iparraldean, Baiona inguruan finkatu zuten mugimenduaren erdigunea: "Europako eta Latinoamerikako erbesteratuek modu klandestinoan bidalitako dirua jaso eta banatzeko lan egiten zuten, presoei eta errefuxiatuen familiei botikak eta arropa emateko". Hala, gerraren ondorio latzak bizi izan zituzten emakume haiek 1978ra arte luzatu zuten elkartearen jarduna. Bien bitartean, militante askori ukatu egin zieten gerra aurretik jarduten zuten lan esparruan aritzeko eskubidea, erizain edo andereño titulua kenduta. Horien artean zeuden, jarraian ageri den bezala, bailarako kide ugari.
Bailarako militanteak
Emakume Abertzale Batza, 30eko hamarkadan, herriz herri artikulatzen hasi zen. Gipuzkoaren kasuan, 66 herritara zabaldu zen, 10.000 afiliaturen babesarekin. Debagoienari dagokionez, dokumentatuta dago gutxienez lau herritan sortu zirela taldeak. Bertako kideen bizitzei buruz jasota dauden datuekin jasan zuten errepresio politikoaren argazkia atera daiteke.
Bergaran
Bailara mailan, beharbada, Bergara da mugimenduak oihartzunik handiena izan zuen herria. Idoia Etxeberriak eta Juan Martin Elexpuruk idatzitako Lan eta lan, emakumea Bergaran liburuan jasota dagoen bezala, 400 bazkide izatera iritsi zen herriko taldea. Etxeberriaren iritziz, politikak erakarrita baino gehiago, euskarak erakarrita batu ziren erakundera, aukera ematen baitzien euren ama-hizkuntzan askotariko jarduerak antolatzeko.
Batzokia zen euren elkargunea, eta dantza zein antzerki saioak antolatzen zituzten, esaterako, Juste Amenabarrek eta haren ahizpa Mariak. El Día egunkarian 1935eko urriaren 18ko zenbakian aipatzen da Justek berak egin zuela elkartearen sorrerako aurkezpena. Diktadura frankistan alde egin behar izan zuten bi ahizpek, baina gero berriz itzuli ziren, eta euren aitak eta nebak –biak hil ziren gerran– zeramaten zapaten negozioa hartu zuten euren gain, baita Masterrekan joskintza lantegia ireki ere. Kultura arloan, antzerki taldea suspertzeko ahalegina egin zuen Juste Amenabarrek, debeku eta errepresio- giroan, 1965an, Ernai antzerki taldea sortu baitzuen Txomin Amosarrainekin batera.
Hezkuntzari dagokionez, Maria Oianguren Txantxote izan zen EABko figurarik garrantzitsuena. Bergarako batzokiko abertzaleen laguntzarekin, 1933ko urtarrilaren 8an martxan jarri zuten Ariznoako Euzko-ikastola San Pedro kalean. Euzko Ikastola Batzako Gipuzkoako lehen ikastetxea izan zen Bergarakoa. Euskaraz irakurtzen, idazten eta kantatzen irakasten zien bertan Maria Txantxote-k, hura egin baitzen lehen 40 neska-mutilen kargu. Orduan zerabilten irakurgaien artean zeuden, besteak beste, Xabiertxo, Martin Txilibitu eta Loretegia.
Gipuzkoako lehen ikastola Bergaran sortu zuen Maria Txantxotek 1933 hasieran
Gerra hasi zenean, Oiangurenek Frantziara eta Belgikara egin zuen ihes. Gerraostean herrira itzuli zen, baina agintari berriek erbestera bidali zuten beste bi urtez. Ez zioten eskolarik ematen utzi, eta josteko eta bordatzeko tailerra irekitzearekin konformatu behar izan zuen. Nolanahi ere, hark jarri zuen 1971ko ekainean sortu zen Aranzadi Ikastolaren hazia, ia 40 urte lehenago.
Bittori Aranburu izan zen, bestalde, Bergarako elkarteko lehen lehendakaria. Gerra garaian ondasunak bahitu zizkiotenetako bat izan zen, eta 1937ko maiatzean ihesi joan zen alabarekin Bordelera, Habana ontzian, handik Donibane Lohizunera. Gerora, jaioterrira bueltatu eta bertan bizi izan zen. Ez zuen zorte hori izan Miren Agirreoleak. Bergarako EABko diruzain izandakoa, mitinlaria ere bazen. Jakina da Gernikako estatutuaren aldeko diskurtsoa egin zuela Orion, "euskal askatasuna" lortzeko bidea zela ulertuta. Nolabait, Bergarako ordezkaria izan zen gainontzeko herrietako ekitaldietara joaten zirenean, Sukarrietan Sabino Aranaren hilobia bisitatzerakoan eta Olaberriako batzokiaren inaugurazioan hark hartu baitzuen hitza.
Agirreoletarrak Donostiara joan ziren gerra garaian, baina ez ziren itzuli Bergarara. Miren izan zen familiatik bizirik irten zen bakarra, eta Burgosen moja sartzea beste irtenbiderik ez zuen aurkitu.
Emakume batzuk espetxeratuak ere izan ziren; Ana Txintxurreta, Bergarako EABko idazkaria, tartean. Berez, haren senar Damian Arana –EAJkoa– atxilotzeko agertu zitzaizkion soldadu frankistak etxean, baina, gaixorik zegoenez, Txintxurreta eramatea erabaki zuten. Intxorta 1937 kultur elkartekoek aipatu bezala, kalean umiliazioak jasan behar izan zituen, beste askori bezala, ilea moztu eta errizino-olioa eman baitzioten.
Oñatin
Gogoratu Guran taldeak eta Intxorta 1937k ekoiztutako Gerrako garrak Oñatin liburu eta dokumentalak zigor mota horiek erakusten ditu grafikoki. Horren erakusle da 1937an Bilbo nazionalen esku geratu zenean, Francoren soldaduek Oñatiko hamar emakume antifrankista kaletik ilea moztuta pasearazi zituzteneko argazkia. Horien artean zegoen Maria Aranzazu Galarza Zulueta, haurrei euskal dantzak erakusten zizkielako ezaguna. Haren ahizpa Edurne eta Maria Felipa Ortiz de Zarate Abaunzekin batera izan zen atxilotua.
Emakume askori, kartzela, umiliazioa, erbestea eta lan egiteko debekua ezarri zieten.
Edurne Galarza Zulueta Oñatiko EAJk omendua izan zen 2016ko Intxortako Erresistentzia Egunean. Oñatiko batzokiko Emakume Abertzale Batzaren kide eraginkor gisa definitu zuten orduan. Aurrez aipatutako liburuak informazio dezente dakar Edurneri buruz. Antza, Arabako Domaikia kontzejuko irakaslea zen, eta Gasteizko espetxe batean izan zuten preso gerra garaian, harik eta, negoziaketa baten ondorioz, eskuindar emakumezko preso batzuen trukean aske geratu zen arte. Hilabete batzuk geroago, Ondarretako kartzelara eraman zuten, hala ere. Leporatzen zizkioten karguen artean zeuden "euskal ideologia separatistaren arabera jokatzea, emakumeen elkarteko kide izatea eta hauteskundeetan hautagaitza abertzalearen alde aritzea publikoki". Bi urte egin zituen espetxean. Irteterakoan, Euskal Herrian maistra segitzea debekatu zioten bost urtez. 1958tik 1979ra Antzuolan aritu zen irakasle.
Oñatiko Emakume Abertzale Batzaren inguruan, Gerrako garrak Oñatin liburuan aipatzen da Kale Barriko batzokian festak eta antzerkiak antolatzen zituztela 30eko lehen urteetan. San Inazio eguneko eta batzokiko egun seinalatuko dantza saioak ere nabarmentzekoak dira. Oñatiko Emakumeen lehendakaria, 1932tik taldea ahuldu zen arte, Maria Felipa Ortiz de Zarate Abaunz izan zen. 1937ko abuztuaren 6an Oñatiko alkateak idatzitako txostenaren arabera, Ortiz de Zaratek EAJren aldeko propaganda egin zuen hauteskunde garaian, eta Errepublika garaian milizianoentzako arropak josten zituen. Froga horietan oinarrituta, 25 pezetako isuna ezarri zion Angel Sagaz epaileak.
Arrasaten
Emakume Abertzale Batzakoen artean beranduen hil zen kidea arrasatearra da: Estefania Fani Garai. 106 urte bete berritan hartu zuen azken arnasa, 2020ko apirilaren 25ean. XX. mendeko herriko historiaren testigu garrantzitsuenetakoa izan zen, Intxorta 1937ko partaideek sarritan jo baitzuten harengana iraganeko kontuez galdetzera. Izan ere, haren seme Jose Ignazio Zaitegik aipatu bezala, "buru argiko emakumea zen, betidanik asko eta asko irakurritakoa. Memoria pribilegiatua izan zuen 100 urte bete ostean ere, medikuek azaltzen jakin izan ez zutena".
Lekuko izateaz gain, argazkien zaintzaile ere izan zen, eta, horri esker, azken 100 urteetako Arrasateko historiaren pasarte asko bizirik heldu dira gaur egunera arte. "Esaterako, Arrasateko Emakume Abertzale Batzakoek Gernikan ateratakoa, batzokian egindako bilerenak eta Arrasateko EAJkoak Bedoña auzoan Estepan Urkiaga Lauaxeta-rekin ateratakoa hari esker heldu zaizkigu", dio Intxorta 1937 elkarteko Juan Ramon Garaik.
Faxistek eliza garbitzera behartu zuten Garai 36ko gerran, Pilarica egunean garbi-garbi egon zedin, eta ondo gogoratzen zituen Francoren aldekoek Arrasateko lau emakumeri egindako umiliazioak. Kaskamotz utzi eta errizino-olioa edanarazi ostean, danborren erritmora herriko kaleetan desfilatzera behartu zituztela kontatzen zuen.
Pasatakoak pasa eta gero, ez zuen "gorrotorik gordetzen", margariten –emakume karlistak– edo falangisten argazkiak erakustean "ez baitzuen haien izenik aipatzen; inoiz ez", Jose Ignazio semearen esanetan.
EABko kideen izenak bai, horiek aipatzen zituen argazkietan. Gernikan ateratakoan 40 emakume arrasatear inguru daude; horien artean, Francisca, Isabel eta Trini Zaitegi ahizpak. Franciscaren alaba Natik, 92 urterekin, ondo gogoan ditu militante abertzaleek jasan behar izan zituztenak: "Nire aita hil egin zuten eta oraindik ez dugu haren gorpuaren berririk. Kontua da faxistek ez zigutela haren omenezko errezoak egiten uzten, ezta ave maria bat ere! Kontrara, behartzen gintuzten hildako jeneral frankistak gurtzera". Haren ama eta izeba parrokiatik kanporatuak izan zirela ere aipatu du: "Txikia nintzen orduan, eta nire amak ez zidan ezer kontatu nahi izaten, beldur handiarekin bizi baitzen".
Antzuolan
1932ko abuztuaren 6an Euzkadi egunkariak zekarren modura, Antzuolan ere sortu zen EABren taldea. Albistean, neska kaletar eta baserritarrei dei egiten zieten erakundera batzeko, laster ehun kidera iritsiko zirela iragarriz. Lehen zerrendako izen batzuk aipatzen dira bertan, hala-nola Bitori Aristegi, Leona Aristegi, Modesta Gabilondo, Elisabete Larrañaga, Marina Aranguren eta Anparo Artolazabalenak. Katolizismoaren aldeko elkartea dela dioen arren, bandera bedeinkatzea "ukatu-edo" egin zieten parrokian; ondorioz, Antiguako ermitan bedeinkatu zuten, Iñigo Ramirez de Okariz historialariaren arabera. Zaila da elkarteari buruz gehiago jakitea, galdu egin baitzen informazioa.
Batzokietan dantza eta antzerki saioak egiten zituzten, eta mitinak ematen zituenik ere bazen.
Aramaion
Mari Cruz Guruzeta Unzueta da Emakume Abertzale Batzarekin lotura estuena duen aramaioarra. Eta hori ez zuela haren jaioterrian eragin, Areatzan (Bizkaia) baizik. Bertan ezkondu eta eratu zuen familia, eta, bien bitartean, Areatzako EAB sortzeko ezinbesteko pertsona izan zen. Euskaltzalea eta euskal kulturaren bultzatzailea, EAJko politikari ospetsuekin batera egin zituen mitinak. Ofizioz, emagina zen, erditzen laguntzen zien belaunaldi askotariko emakumeei. Bistakoa da estimu handia diotela Areatzan Guruzetari, haren izeneko plaza bat eta emagin lana omentzeko Areatzako sabelak izeneko eskultura baitaude bertan.