Puntua aldizkariaren 342. alean argitaratutako elkarrizketa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Azkenaldian, fakturak besterik ez da berbagai gizartean. Igo eta igo ari baitira gastuak, elikagaienak, oinarrizko produktuenak, gasolinarenak... Eta, tartean, baita gasarenak ere. Gero eta kezka handiagoa sortzen du berogailua pizteak; horretarako sarbidea edukiz gero, behintzat. Dena den, hainbat dira kontsumoa murrizteko saiakerak egiten dabiltzanak.
Egoera ulertzeko, baina, funtsezkoa da zerk sortu duen jakitea, eta horretaz jardun du Oier Etxebarriak. Goiener-eko kidea da, eta, nabarmendu duenez, egoera geopolitikoak eta eskaintzaren eta eskaeraren arteko oreka apurtzeak eragin du gasaren prezioak gora egitea. Haren arabera, Lur planetan gero eta gas gehiago erabiltzen da, eta, eskaerari erantzuteko, erauzteko garestiagoa den eta itsasontzian ekarri behar den gasa erabiltzen da. Bada merke erautsi eta gasbide bidez ekartzen dena ere, baina hor ere prezioak igo dituzte. "Gasa behar duena ordaintzeko prest dago. Gas barik geratu baino, nahiago dugu garestiago ordaindu".
Emandako datuen arabera, gasaren prezioa bost-hamar puntu garestitu da azken urtean. Lehen fakturan 0,04 €/kWh zena gaur egun arautuak ez diren merkatuetan 0,10-0,30 €/kWh inguruan dago; arautuetan, aldiz, kilowatt ordu bakoitza 0,06 eurotan.
Merkatuan arreta jarrita
Izan ere, gas merkatu arautua eta librea daude, eta Etxebarriak arautura igarotzea gomendatu du. "Azken baliabideko tarifa, TUR siglez ezaguna, gas merkaturatzaile arautua da. Estatuko Gobernuak araututakoa da". Hau da, Gobernuak ezartzen du gasaren prezioa, eta hiru hilabetetik behin eguneratzen da. Kontsumitzaileak ordaintzen duen kopuruaren zati bat finkoa da, eta gas naturalaren prezioaren arabera aldatzen da bestea. Jaitsi edo igo egin daiteke, baina Goienerko kideak jakinarazi du igoera "oso mugatua" dela. Alabaina, ez arautuan, gasaren prezioak ez du mugarik.
OCU Erabiltzaileen eta Kontsumitzaileen Elkarteak ere azken baliabideko tarifara jotzea gomendatu du, eta baita adibide bat eman ere. Haren arabera, hiruhileko honetako prezioekin, urtean batez beste 723 euroko faktura ordainduko lukete azken baliabideko tarifa duten etxebizitzek. Aldiz, merkatu librean, gas kontsumo berarengatik, urteko faktura 1.500 eurokoa litzateke.
Beraz, tarifa horretara igaro nahi duenak aldaketa eskatzeko dei bat egin besterik ez du. Baser Cor (EDP), Regulada Naturgy (Naturgy), Curenergia (Iberdrola) eta Energia XXI (Endesa) dira, zehazki, eskaintza hori duten enpresak. Hala, egun kontratatuta dagoen tarifa zein den ezagutzeko, fakturako kontratuaren atalean begiratu daiteke.
50.000 kWh baino gutxiago
Dena den, tarifa hori eskatzeko baldintzetako bat da urtean 50.000 kWh baino gutxiago kontsumitzea, eta, beraz, etxe guztiak ezin izan dira kontratu horretan sartu orain arte: esate baterako, etxebizitza komunitarioak. Baina egoera aldatzear da.
Izan ere, Espainiako Gobernua energiaren prezioei aurre egiteko planak iragartzen dabil, eta beste tarifa arautu bat sortuko dute gas berogailu komuna duten komunitateentzat. Era horretan, etxebizitza horien berogailuen faktura erdira jaitsiko litzateke.
Oier Etxebarria, Goienerreko kidea: "Gas barik geratu baino, nahiago dugu garestiago ordaindu"
Beraz, bailaran galdara komunitarioa dutenek ere tarifa horretara igarotzeko bidea izango dute, eta begi onez jaso du berria Eguzkiñe Uribesalgok: "Proposamen ona da, orain arte ezin izan dutelako horrelakorik egin izan duten potentziarengatik".
Hain zuzen, zenbait bizilagunen komunitatearen administrazioaz arduratzen dira Uribesalgo Administrazioak, eta aldaketak erdiesteko urratsak egiten aritu dira azken hilabeteetan: "Normalean, administrari bakoitzak negoziatzen ditu argindarra eta gasa komertzialekin, baina elkarrekin jardutea hobe izango zela pentsatu genuen". Hala, beste hemeretzi administratzailerekin bat elkarte bat sortu zuten negoziazioak egiteko. "Publikoa ez den lizitazio antzeko bat argitaratzen dugu, eta denok aldatzen gara baldintza onenak eskaintzen dizkigun aukerara".
Instalazio fotovoltaikoak
Gas merkatutik harago, ordea, badira beste aukera batzuk. Instalazio fotovoltaikoen alde egitea, esate baterako.
Horretan aritzen da, besteak beste, Ekitermik kooperatiba. Bertako ingeniaria eta arduradunetako bat da Xabier Lizaur, eta azaldu du gero eta bezero gehiagok dutela interesa instalazio fotovoltaikoetan. "Ez bakarrik fakturarengatik, baizik eta sentsibilizazio handiagoa dagoelako klimarengatik, eta baita kanpoarekin hain menpekoa ez izatearekin ere". Uste du jendeak gero eta nahi handiagoa duela energia elektrikoa tokian toki sortzeko.
Eguzkiñe Uribesalgo, administraria: "Komunitateetako administrario batu gara baldintza onenak lortzeko"
Izan ere, energia elektrikoa etorkizunean gasarekin "oso lotuta" egongo dela ziurtatu du Lizaurrek. "Gehienbat, argiztapenerako erabili dugu orain arte energia hori, baina, orain, berokuntzarako eta ur sanitariorako ere elektrizitatea izango da iturria, bateragarria delako instalazio berriztagarri fotovoltaikoekin". Azaldu duenez, instalazio horiek ahalbideratzen dute nork bere elektrizitatea sortzea. "Bero ponpek, energia elektrikoa iturri izanik, beroa sortzen dute urarentzako eta berogailuarentzako".
Fatxadak isolatzea
Etxea bero mantentzeko beste bideetako bat da azala babestea. "Kanpoko hormek isolamendu egokia izanez gero, berotasuna ez da galduko", azaldu du Lizaurrek. Era horretan, bero demanda txikiagoa izango da, eta kontsumoa murritzagoa.
Bailarako herri batzuetan, esaterako, H-Enea Living Labek sustatuta, Birgaintzen plana abiatu zen 2018an, eta horrek helburu du 1980ko hamarkada baino lehenago eraikitako etxeetako tenperatura eta konforta bermatzea. Antzuolan, esate baterako, etxeko hormak isolatzeko bigarren deialdia egin dute oraintsu.
Dena den, aukera horiez gain, tximinia edo beheko sua izanez gero, egurra erre daiteke, edo, instalaziorik erabili gabe, mantak erabili. Are gehiago, estufak ere badaude, baina baliteke horrek elektrizitatearen gastua areagotzea.
Energia aurrezteko zenbait aholku
• Etxean ez zauden uneetan, berogailua itzali.
• Erradiadoreak estaltzea saihestu.
• Erradiadoreak garbitu.
• Hutsik dauden geletan erradiadoreak itxi.
• Hegoaldera begira dauden etxeetan, ahalik eta gehien
aprobetxatu eguzkiaren erradiazioa, pertsianak horretarako
propio irekita.
• Gauetan, pertsianak jaitsi.
• Kanpoko ateetan zirritu-zintak jarri.
• Termostatoak horretarako aukera emanez gero,
etxebizitzaren erabileraren arabera, erabili tenperatura
ezberdinak ordutegi desberdinetan.
• Etxebizitzako tenperatura kontrolatzeko aukerarik eduki
ezean, instalatu balbula termostatikoak erradiadoreetan.
• Erabili geletako balbula termostatikoak horietako bakoitzean
tenperaturak jaitsi ahal izateko.
• Jaitsi termostatoko erosotasun tenperatura. EITE Eraikinetako
Instalazio Termikoen Erregelamenduaren gomendioa
tenperatura 19-20 gradukoa izatea da.
Udalak ere kezkatuta
Gorakadaren kezka administraziora ere iritsi da, eta, beraz, erabakiak hartu nahian dabiltza.
Gorka Artola Bergarako alkateak azaldu duenez, berogailuak piztean, 18-19 graduko tenperatura ezarriko dute, Espainiako Gobernuak ezarritako neurriaren arabera, eta erabilera denborak ere "zorrotzago" aztertuko dituzte.
Izan ere, zehaztu duenez, fatxadak isolatzea, adibidez, ez da posible Bergarako eraikin publiko gehienetan, baina etxean tenperatura goxoak mantentzeko zailtasunak dituzten herritarrentzat bi jardunbide egon litezke.
Gaur-gaurkoz, baina, azaldu du Agorrosin dela kontsumo handiena duen eraikina, eta badirela urte batzuk gasaren kontsumoa murrizteko neurriak hartzen dabiltzala; adibidez, erabilitako ur beroa aprobetxatuz. "Horrez gain, teilatuan dagoeneko badauden eguzki plaka termikoak osatzeko asmotan gabiltza".
Halere, bailaran, kirol instalazioetan hartu beharreko neurrien inguruan hitz egiten dabiltzala jakinarazi du Artolak, eta horren berri eman du Asier Mujikak, Aretxabaletako Udaleko Kirol teknikariak.
Xabier Lizaur, Termikeko kidea: "Energia elektrikoa iturri izanik, beroa sortu daiteke ur beroarentzako"
Hain justu, xehetasunetan sartu ez bada ere, proposamen bat egin dute udaletara eramateko, gasaren faktura murriztea asmo, egoera "jasangaitza" dela iritzita. "Zerbait egin behar da, bai edo bai, ez da gure kapritxo bat". Dena den, aitortu du "tentuz" ibili behar dutela, erabiltzaileen konfort maila gehiago kaltetu gabe ere.
Ikastetxeetan ere neurriak
Eta ikastetxeak ere kezkatuta daude. Arrasate Herri Eskolako zuzendaria da Naiara Salamanca, eta jakinarazi du ekoON enpresaren bidelaguntza dutela. "Lehen pausoa da ikustea zein den kontsumoa, eta, behin hori izanda, neurriak hartuko ditugu". Dena den, Udalarekin daude hartu-emanean, publikoa izanik.
Hain justu, D2030en energia trantsiziorako esku-hartzearen baitan kokatzen den Ikastetxe-klik izeneko proiektua du martxan enpresak, energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko, "ikasleak parte hartzaile aktiboak" izatearekin bat, Maitane Gomez de Segura Eskoriatzako Luis Ezeiza eskolako zuzendariaren arabera.
Eta egitasmo horretan dago Arizmendi ikastola ere: "Iraunkortasunaren gaiarekin arduratuta gaude, prezioen gorakadan ez ezik, energiaren kontsumoan jarri beharko genuke arreta". Adibidez, eraikinen azterketa energetikoa egiten dabiltza.
Elkar Hezi ikastetxea ere proiektu berean dago, bat datorrelako eskolako hezkuntza proiektuarekin. Baina beste erabaki batzuk ere hartu dituzte, gasarekin lortzen dutelako eraikinaren berokuntza eta sukaldearen funtzionamendua. "Gelen antolaketa egitean, adibidez, berotzen errazenak diren eraikineko gelak zertarako eta zenbat erabiliko diren erabakitzean jarri dugu arreta".