Puntua aldizkariaren 340. alean argitaratutako elkarrizketa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Hein handi baten bere jarduera pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen errealitatea ikusaraztera bideratzen duen EREI elkartearen eskutik Oñatin izan da hitzaldia egiten Nadia Ghulam (Afganistan, 1985). Haren bizipenekin eta beraren herrialdeari buruz esandakoekin, mutu eta hunkituta utzi zituen bertaratutakoak.
Harrigarria da hitzaldian nola kontatzen duzun hain gogorra den zure bizitza: umorearekin eta egunerokotasuneko zipriztinekin.
Pertsona erresilientea naiz, zailtasun eta trauma asko sufritu dituena; horrek etor daitezkeen zoritxarrei aurre egiteko neure burua berregiteko gaitasuna eman dit. Trauma oso gogorrak jasan dituzten pertsona gutxik lortu dezakete gaitasun hori, eta psikologo eta psikiatra askok diote lortzen dutenek umorea erabiltzen dutela inguruan dituztenek sufritu ez dezaten. Jasan ditudan injustizia guztiak era zuzenean kontatuz gero, gorrotoa edo mendeku gogoa sortu ahal dizkizut; baina hitz egokiak edo egunerokotasuneko kontuak erabiliaz hori saihesten badut, gizateriak itxaropena izatea lortuko dut.
Nolakoa zen zure bizitza 8 urte zenituela bonba bat zure etxean erori aurretik?
Bada, etxeko printzesa nintzen ni, nahi zuen guztia zuena; ez nekien jaten nuena edo erabiltzen nituen arropak nondik zetozen. Oso neskatila zoriontsua nintzen. Afganistan gerran zegoen; nire hirian bertan, Kabulen, gerra zegoen, baina urrutiko zerbait zela iruditzen zitzaidan, niri helduko ez zitzaidan zerbait bezala. Heldu eta gerran dagoen herrialde batean bizitzea zer den ulertu nuen arte. Bonba etxean erori zenean, dena aldatu zen bat-batean: familiako burua izan behar izan nuen, gainerakoekin arduratu. Eraso hark ez zuen nire etxea bakarrik suntsitu, nire familia ere bai; eta, asko saiatu arren, ez dut erasoaren aurretik neukan familia berreskuratu [Anaia zaharra erasoa gertatu eta gero hil egin zen eta aita buruko osasun arazoekin hasi zen].
Momentu jakin batean, 11 urterekin, hildako zure anaia Zelmairen nortasuna hartu zenuen. Zergatik?
Bizirauteko beharrak. Ez nuen pentsatzen hamar urte iraungo zuen erabakia izango zenik; pentsatzen nuen hurrengo egunean Nadia izango nintzela berriz eta nire bizitzarekin jarraituko nuela. Baina erabaki hark sufrimendu, zailtasun eta beldur askoko hamar urte ekarri zituen.
"Bizirauteko beharrak eroan ninduen nire anaia Zelmairaren nortasuna hartzera"
Nolakoa zen zure bizitza mutil moduan eman zenituen hamar urte haietan?
Nire egunerokoa ordu asko lan egitea zen, lan gogorrak: putzuak egitea, eraikuntza, nekazaritza lanak... Eta neska nintzela igarriko zuten beldur handiarekin.
2010ean, zure esperientzia kontatzen duen liburua, Nire turbantearen sekretua, kaleratu zenuen. Zeure burua sendatzeko modu gisa?
Sendatzeko baino gehiago, kontzientziatzeko. Liburua ez da bakarrik gerra sufritu izan duen neskatila baten traumak, gizateriarendako itxaropena baizik; erakutsi nahi nuen zorigaizto asko pasatu arren nahi izanez gero zure bizitza aldatu dezakezula. Gizarte honetan zailtasunak dituzten pertsona asko daude eta uste dute ezingo dietela aurre egin. Baina nire mezua da: "Nik bonba baten azpitik irten arren bakea posible dela uste badut, bakean bizi zaren horrek %100ean sinetsi behar duzu hori posible dela".
Zein zen Afganistanen egoera 2006an handik irten zinen arte?
Nik gerra zibila bizi izan dut; gero, talibanen erregimena; eta ondoren, Ameriketako Estatu Batuen eta NATOren okupazioa. Talibanen erregimenaren barruan, emakumeek debekatuta genituen hezkuntza-eta horrelakoak, eta AEBek askatasunik ez zuten emakume afganiarrak erabili zituzten herrialdean sartzeko aitzakia moduan. Eta orain, berriz ere utzi gaituzte talibanen eskuetan, hango emakumeek laguntzarik beharko ez balute bezala. Erridikulua da egin dutena, lehen geunden egoera berean utzi gaituzte. Hogei urtean hainbeste arma beharrean koadernoak eta boligrafoak bidali izan balituzte, herrietan eta probintzietan hiri handietan bezala eskolak egon izan balira, ez zatekeen hainbesteko ezjakintasunik egongo. Hedabideetan-eta barrabaskeriak egiten ikusten diren talibanek inoiz ez dute boligrafo bat izan eskuetan. Beti gerra, gerra, gerra... Eta orain, berriz ere afganiarrak dira ondorioak sufritzen dituztenak.
Nola lortu zenuen 2006an Afganistan utzi eta Europara etortzea, Kataluniara?
Monica Bernabe kazetari kataluniarraren laguntzarekin. GKE txiki bat zuen Afganistanen, nire istorioa jakin zuten eta osasun arrazoiengatik laguntzea erabaki zuten. Izan ere, bonbaren ondorioz, zauri asko ditut, eta, tarteka, ebakuntzak egin behar izaten dizkidate. 21 ebakuntza egin dizkidate orain arte. 21 urterekin heldu nintzen Kataluniara, eta gauza asko hutsetik ikasi behar izan nituen: nola jan, nola jantzi, nola hitz egin... Eta oso gogorra da. Askok esaten dute: "Nire herrialdera bazatoz, gauzak hemen egiten diren moduan egin behar dituzu". Baina eman denbora, ikasita zeneukan guztia berriz ikasi behar duzu eta. Asko kostatzen da, bai fisikoki eta baita psikikoki ere. Bakarrik etorri nintzen, eta, guraso kataluniarrek asko lagundu didaten arren, oso gogorra izan zen; izan ere, nire familiarendako lan egin nuen beti, eta haiek atzean uztea...
Iaz, talibanek berriz ere eskuratu zuten agintea Afganistanen. Nola hartu zenuen?
2006an Afganistan utzi nuenean, jendeak argi apur bat ikusten zuen, ordura arteko zailtasunetatik irten eta apurka-apurka herrialdea berreraikitzeko aukera egon zitekeelako. Denborarekin ikusi dugu itxaropen faltsua zela, berriz ere talibanen eskuetan erori garelako; ez nuen horrelakorik espero. 2020an konturatu nintzen AEBek eta NATOk ez zutela Afganistani laguntzeko asmorik, Dohan talibanekin elkartu zirenean bakearen alde berradiskidetzeko. Eta nik pentsatu nuen: "Ze eratako bakea, talibanek ez dute-eta bakea ezagutzen?". Berradiskidetzea baino gehiago, herrialdea berriz ere talibanei saltzeko negoziazioa izan zen: indar militarrak atera zituzten, baina armak eta produktu kimikoak nire herrialdean utzi zituzten, talibanen esku.
"50 urtean Afganistanen gatazkak egoteko interesak baliabide naturalak dira"
Oñatiko hitzaldian esan zenuen Afganistangoa ez dela gerra erlijiosoa, ez dela islamagatik, eta 50 urtean hainbeste gatazka egoteko beste interes batzuk daudela.
Islamaren erabateko manipulazioa da, taliban guztiak manipulatuta daude. Ez dakite zer den islama; ez da gerra, bakea esan nahi du. Eta haiek ez dakite zer den bakea; hortaz, ez dute islama ezagutzen. Beste interes horiek baliabide naturalak dira. Gasa dugu, petrolioa, harribitxiak. Orain, koltan asko agertu da, eta Txinak horretan interesa du; horregatik da hain adiskidetsua talibanekin. Mendietan ura ere badugu. Eta afganiar biztanleriaren ezjakintasunaz aprobetxatzen dira: jakintza duzunean, ona eta txarra bereizi ditzakezu. Dena den, ni Espainiara heldu nintzenean pentsatzen nuen ez zegoela ezjakintasunik, eta handia dago. Teknologiarekin oso konektatuta zaudete, hedabideak dituzue... baina botere handiek manipulatuta zaudete. Izan ere, nik pentsatzen nuen unibertsitatera doan pertsona batek, ikasten duenak, ezagutza duenak, ez duela gerrarik egingo. Baina Vox alderdia boterea hartzen ikusten dudanean, eta astakeriak esaten... Ez da eskuetan boligrafo bat inoiz hartu ez duten talibanen moduan! Balioak dituen hezkuntza falta da.
Hemen kontziente gara talibanak boterean egoteak emakumeentzat dakarrenaz?
Talibanekin emakumeak guztiz galdu du askatasuna. Ezin du erabaki ezta jantziko duen soinekoaren kolorea ere! Gizartearen erdia guztiz desagerrarazi dute.
Zuk zeuk Ponts Per La Pau elkartea sortu zenuen.
Bakerako zubiak esan nahi du, eta nire herrialdean ikasi nahi duten emakume afganiarrei laguntzea da asmoa. Baliabide oso gutxi ditu, baina amets oso handiak. 2016a ezkero dago martxan, eta, orduan, gastuei aurre egin ezin zietelako ikasi ezin zuten 35 neskatila eta emakumeri laguntzen nien. Izan ere, amerikarrak joan diren lekura kapitalismoa ere joan da: hogei urte iraun zuen okupazio amerikarraren baitan eskola asko izan ditugu, baina pribatuak, ez publikoak. Orain, erregimen talibanarekin, 320 pertsonari laguntzen diegu hezkuntza kontuetan; gutxienez, liburuekin, koadernoekin... Irakurketa talde klandestinoak ere baditugu, baina denontzat arrisku handiarekin. Hala ere, itxaropena gurekin bizi da, eta nik argi dut ez dudala ezer txarrik egiten; hezkuntza gure eskubidea da. Koranak, esaterako, esaten du hezkuntza derrigorrezkoa dela gizonentzat eta emakumeentzat.
Hitzaldian esan zenuen beste gauza bat da Afganistan ez dela gerra. Zer da zuretzat?
Bakerako itxaropena. Edozein haur afganiarri otoitz egiteko esaten badiozu, esaten duena da gure herrialdera bakea etortzea espero duela. Ez duzue Afganistan ezagutzen. Afganistan kultura aldetik aberatsa da, hizkuntza aldetik plurala... Janaria oso ona da, eta jendea oso adeitsua. Nola ikusten dudan nire herrialdearen etorkizuna? Bizitza eman behar izan arren ere, emakume afganiarrak ez gara geldituko gure herrialdea gure boligrafoekin berreraiki arte. Ez dute gurekin amaituko, bakearen hazia ereingo dugu.
"Ez duzue Afganistan ezagutzen: kultura aldetik aberatsa da, hizkuntza aldetik plurala..."
Eta nola imajinatzen duzu zure etorkizuna?
Nazio Batuen Erakundera helduko naiz eta idatzita dauden arren inoiz praktikan jarri ez diren bakerako balioei helduko diet. Bakearen alde lan egin nahi dut, gerra sufritu dudalako eta ez dudalako nahi nire atzetik datozen Nadia horien bizitzetan horrelakorik berriz ere gertatzerik.