Jon Zayas: "Statkraft batzar irekiak egiteko prest dago, herritarrei proiektua azaltzeko"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko urr. 14a, 10:30

Itsaraz parke eolikoko zuzendaria da Jon Zayas Statkraft enpresa norvegiarreko kidea. Jakinarazi duenez, enpresa kontaktuan dago Eskoriatza eta Aramaioko Udalekin, eta prest dago herritarrekin ere biltzeko.

Eskoriatza eta Aramaio artean eraiki nahi dute Itsaraz parke eolikoa, eta proiektuaren zuzendaria da Jon Zayas (Irun, 1992). Azaldu duenez, hasierako fasean daude, eta, momentuz, neurketa eolikoak egin behar dituzte, eta azterketa gehiago. Dena den, zortzi haize errota jarri nahi dituzte: zazpi Aramaion eta bat Eskoriatzan, hain zuzen ere. Dena ondo bidean, 2026 amaierarako aurreikusten dute lanak hastea.

205 metroko altuera izango dute aerosorgailuek. Zer ahalbideratuko dute?

Haize errota baten potentzia unitarioa, egun, sei-zazpi megawattekoa da, eta duela hamabost urte, bakarrekoa. Beraz, gaur egungo aerosorgailu batek duela hamabost urteko zazpi aerosorgailuren potentzia du. Tamaina, noski, handiagoa da, baina lurzoruaren okupazioa murriztuagoa. Gutxi gorabehera, 44.000 etxebizitza hornitzeko energia garbia sustatuko genuke, Debagoieneko biztanlerian eta industrian jariatzeko.

Hasi al zarete administrazioarekin, enpresekin eta herritarrekin hitz egiten?

Eredua estrukturatzen gabiltza. Udalekin hitz egiten ari gara, enpresekin, euskal gobernuarekin, eta ideia da guztion artean denok eroso gauden eredua sortzea proiektuaren onura eta etekina bertan gelditzeko.

Hor daude Eskoriatza eta Aramaio ere. Egon al zarete bertakoekin?

Kontaktuan gaude udalekin, eta batzar irekiak egiteko ere prest gaude, besteak beste, proiektuak goitik behera azaltzeko eta beraien zalantzak argitzeko.

Era horretan, posible al da energia subiranotasuna erdiestea?

Bai. Euskadik kontsumo energetiko handia du daukagun industria dela-eta, eta ideia da autonomia lortzea energetikoki.

Dena den, salaketetako bat da enpresa publikoa izan arren norvegiarra dela. Zergatik hemen?

Errekurtso eolikoa oso ona delako. Nondik gatozen ez da horren garrantzitsua, baizik eta nola egiten ditugun gauzak. Hori da azpimarratu nahi duguna, bilatzen ari garen eredua jarraituz: etekina bertan gelditzea.

Beste salaketetako bat da naturan inpaktu zuzena izango dutela eolikoek, eta, agian, eztabaida lekualdatu behar dela, kontsumoa murriztera...

Statkraftek lehentasuna jarrita du ingurugiroan. Inguruneko azterketetan denbora eta lan asko egiten dugu, eta guretzako hori funtsezkoa da. Benetan natura suntsituz gero, proiektuak ez dira egingo. Eta, modelo energetikoari dagokionez, ikerketak ere egin ditugu autokontsumoari buruz, eta ikusi da autokontsumoa ez dela nahikoa Euskadin dugun industriarako eta hain kontsumo handirako.

Oreka bilatu behar al da eragin ditzakeen inpaktuen eta izan ditzaketen onuren artean?

Bai, proiektu guztiek dutelako inpaktu bat. Parke eolikoen kasuan, bisuala da, baina ezer ez egiteak ere inpaktua du. Gasa eta ikatza erretzen jarraituz gero, naturan inpaktua izango du etorkizunean, eta hegazti eta animalia gehiago hilko dira energia produzitzeko modelo honekin jarraituz gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak