Puntua aldizkariaren 339. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Fikziozko kontaketak gehienbat pantailetatik jasotzen diren garaiotan, irakurzaletasuna suspertzeko aitzakiak ez dira gutxi gurean. Besteak beste, tokian tokiko gertaera eta pertsonaiei buruzko kontuak deskubritu daitezke literaturaren bitartez; gurean idazle ugarik egin dute bailarako gaiak modu entretenigarrian irakurleari gerturatzeko ahalegina.
Jauntxoen garaira atzera
Historiako kapitulu ilunak sarri izaten dira eleberriak idazteko helduleku egokiak. Ez bat, baizik eta hiru nobela idatzi dira 1448ko Arrasateko erreketa sonatuari buruz: Yon Etxaideren Gorrotoa Lege, Juan Kruz Igerabideren Ez Lemaio, Arrasateren erreketa eta Toti Martinez de Lezearen El señor de la guerra. Idazlanok Leinuen Gerra dute abiapuntu; zehazki, ganboatarren jarraitzaileek, Oñatiko Gebara familiak hauspotuta, Aramaioko Butroe sendiaren aldeko oinaztarrak zigortzeko asmoz Arrasateko hiribildua erre zuteneko garai hura. Jauntxoen arteko liskarrak, orduko gizartearen egitura, amodiozko istorioak, jokabide gupidagabeak... Duela 500 urte baino gehiagoko Debagoienaren argazkia irudika daiteke hiru lan horien lerroetan barrena. Hamarkada batzuk geroago –1550ean–, Arrasaten jazotako beste gehiegikeria bat, kasu honetan oñatiar baten gaineko erailketa matxista, dauka hizpide Irene Tristan goitizenarekin sinatzen duen Arantza Otaduy historialariak Acomardiy kontaketa laburrean, bailarako emakumeen historia azaleratzeko helburuarekin.
XIX eta XX. mende artekoak
XIX. mendera salto eginda, lukurrerien aurkako aldarria egin zuen Antero Apaolazak Patxiku Txerren izeneko obran. Berez, El judas de la casa liburuaren euskarazko moldaketa da, baina, bertsio originala hitzez hitz itzuli beharrean, istorioa Antzuolan kokatzeko lizentzia hartu zuen autoreak, baita herriko hizkera naturalean idaztekoa ere. Badirudi Bittor eta Eladio Urrondo anaiek ez zutela Apaolazaren eleberria irakurri, Araotzeko Urondoa baserriaren jabetzagatik sekulakoak egin baitzizkioten elkarri. Gorabeherok deskribatzen ditu Otalorea-n Martinez de Lezeak.
Erdi Arotik XXI. mendera arteko getaerak idazle askoren inspirazio-iturri izan dira
Loreekin jarraituz, Arrasate eta Elorregi arteko Etxezarreta eremuko lorategi aberatsa dakar Roberto Telleriak Los Ariza, El jardín del ingeniero eleberriaren izenburura, XX. mende hasierako gertaerak gaur egungoekin harilkatuz. Zertxobait atzerago, XIX. mende amaierara, bidaiatzen du Patxi Irurzunen El tren de los locos-ek. Gesalibarko bainu-etxea eta Bergarako kartzela baldin badira eleberriko lokalizazio nagusiak, ezinbestean bi izen propio ere azaldu behar: Michelle Angiolillo eta Canovas del Castillo.
Gerrako orbainak
Motibazio politiko aski ezberdinak zeuzkaten bi pertsonaiok, 36ko gerran elkarren aurka borrokatu ziren erresistenteen eta matxinatuen antzera. Debagoieneko lubakietan, kaleetan eta etxeetan eragindako ondorioak dokumentatuta daude saiakera eta autobiografia ugaritan, baina baita fikziozko irakurgaietan ere. Hor dago, esaterako, Unai Iturriaga eta Sanvi-ren Udaberririk ankerrena komikia; trama Durangoko bonbardaketan zentratuta dagoen arren, Elgetan jazotako gorabeherak ere aipatzen dira bertan. Testuinguru hartatik urrundu gabe, Elgetatik gertu dagoen Intxuzabal baserriko ospetsu baten bizitza, Jazinto Rivas soinu-jolearena, hain izan zen emankorra, eleberria –Joxean Agirreren Elgeta– eta komikia –Koldo Izagirrek, Dani Fanok eta Garluk-en Sasi artean Elgeta– argitaratu dira haren omenez. Hamaika ipuin liburuan, Juan Martin Elexpuruk Gerra-urte eta Buelta datorrenean kontaketa laburretan ere heltzen dio gai berari: "Lehenengoan gure ama Klementa da, nolabait, protagonista, gerra hurbiletik ezagutu zuen, frontea baserrian bertan egon baitzen sei hilabetez, eta han egoten ziren soldaduak eta aholkulari alemanak; bigarrenean, berriz, aita batek Aretxabaletako Untzilla auzora, gerran aritutako lekura, eramaten du semea, eta han pasatakoek eragiten dizkioten gogoetak kontatzen dizkio", azaldu du idazle bergararrak.
Aro garaikideko gaiak
Gerra amaitu bazen ere, euskal gatazka armatuak jarraipena izan du, eta literatura egiteko hamaika aukera eskaini. Badago berriki argitaratutako nobela bat, Askatu, Portal numero 6, Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialistaren erailketan oinarritzen dena; ETAk 2008an San Andresen egindako atentatuan, alegia.
Eta Debagoieneko zigilua daraman kooperatibismoa ere bada gai literario erabilia. Esaterako, Fermin Etxegoienek Autokarabana eleberrian jorratu zuen Mondragon korporazioko enpresa batean lanean zebilen pertsonaiaren bizipenak aintzat hartuta. Bestalde, Harkaitz Canoren Beti oporretan eleberrian bada kapitulu bat, Safaria izenekoa, Laboral Kutxako eta Fagorreko langile banak Afrikan elkarrekin egindako oporraldiari buruzkoa.
Gazteenak inspiratzeko
Gaztetxo eta haurrei begirako obra literarioak ere badaude Debagoieneko erreferentziez jositakoak. Magali ez dago bakarrik eleberrian, esaterako, Bergarako institutu batera darama irakurlea John Anduezak, emakumeen aurkako biolentzia mahai gaineratzeko. Nerabeen arteko bikote harremanez dihardu, bestalde, Unai Busturiak eta Julen Ribasek ondutako Astelehenak komikiak, Arrasateko euskalkian idatzita. Bi autoreek Mari eta halako pertsonaia mitologikoak ere azaleratu dituzte bineta estiloko marrazkietan, Numenak I eta Numenak II aleen bitartez.
Gazte literaturan nerabeen arteko harremanak, eta haurrenean, mitologia nagusi
Mitologia ardatz duen beste lan bat Miren Diaz de Gereñuren Olentzero, azken jentila ipuina da. Jose Migel Barandiaranek jasotako kontaeretan oinarrituta, Eskoriatza da Mari Domingi, Basajaun, Basandere eta Olentzeroren beraren ibileren kokagunea. Barandiaranen Obras completas lanaren bigarren zenbakian, bestalde, Urkuluko zubia izeneko ipuin bat dago jasota. Amaitzeko, ipuin bakarra baino hainbat ipuin jasotzen ditu ahoz ahoko kontaketa eta kondairetan oinarritutako Bazen behin Aramaixon bildumak.
Toti Martinez de Lezea: "Tokiko historia nobelei esker ikasten dute gehienek; gozatzen dute"
Euskal eleberri historikoen idazle ezagunenetakoa da gasteiztarra.
-Debagoiena XV. mendean irudikatzea posible da, esaterako, El señor de la guerra irakurrita
-Baina oso gutxi idatzi da, oro har, Euskal Herriko historiari buruz; gehiena kanpokoengatik dakigu. Hala ere, bazeuden emakume batzuk eresiak abesten zituztenak; lehen bertsolariak izan ziren, eta haien kantuetan inspiratu nintzen leinu gerrari buruzko eleberri hau idazteko; izan ere, modu horretan utzi zuten bi bandoetako senideek Arrasateko erreketari buruzko testigantza. Jauntxoen arteko liskarrek ezaugarri literario interesgarriak dituzte, pertsona krudelak zirelako.
Fermin Etxegoien: "Kooperatiben gaiak osagai guztiak dauzka, lilura sortzen du kanpoan"
Autokarabana-n, idazleak Oñatin kokatzen du eleberria, nahiz eta ez aipatu esplizituki.
-Kritika onak jaso ditu nobela horrek.
-Hein batean, kooperatiben mundua azaltzen delako. Gatazka armatuari buruzko euskal nobela handia idatzi daitekeen bezala, berdin egin daiteke gai honi buruz, gizartearen geruza guztiak adierazi baitaitezke.
-Bestela, bailarako ze gai edo toki dira aproposak?
-Ukitu mistiko-antzestral batetik, Arantzazu eta frantziskotarren inguruko nobela bat ederra litzateke. Arrasateri ere indar handia ikusten diot zerbait garaikidea egiteko: etorkinek eragindako soziologia, punk mugimendua, industrializazioa... Baditu helduleku ugari.
Eneko Barberena: "Bizi zaren tokiari buruzko fikzioa idazteak baditu bere argi-ilunak"
Afrikanerrak futuristaren kokalekua Arrasate da, eta kaleratuko duen hurrengoa, zati batean ere bai.
-Zergatik eraman fikziora ezagun duzun tokia?
-Begiak ixtea nahikoa delako espazioa irudikatzeko. Kanpoko idazle batek ez lituzke detaile batzuk atzemango. Bestalde, gerra, auzoen arteko desberdintasunak... herrian nola islatzen diren ikusi nahi nuen. Era berean, tripan korapilo batzuk sortzen zaizkizu, eta kudeatu behar!
-Bailaran girotutako nahikoa nobela idatzi al dira?
-Ez asko. 34ko iraultzak, RIPek eta Maritxu Kajoik merezi dute eleberri bana. Gurean, letragintzari dagokionez, lan handiagoa egin da musikaren alorretik.
Artikuluan aipatutako izenburuez gain, besterik ezagutuz gero, jakinaraztea eskertuko dizugu! Bidali mezua berriak@goiena.eus helbidera edo WhatsApp edo Telegram bidez 688 69 00 07 zenbakira.