Herri biziak eta zahartzaro aktiboa, eskutik

Mireia Bikuña Madrid 2022ko urr. 4a, 14:25

Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikoetako Sailak sustatu eta Matia Fundazioak abiarazitako ekimena da Euskadi Lagunkoia. Gizartea geroz eta zaharragoa den heinean, adineko pertsonak eragile aktibo izan daitezen bultzatu gura duena. Debagoieneko lau herritan sortu dira Lagunkoia taldeak.

Urriaren 1a Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna da. Pertsona nagusi nortzuk diren definitzea ez da samurra. Adina hartzen da kontuan horretarako, eta, datuei begiratuta, garbi geratzen da euskal gizartea geroz eta zaharragoa dela. 2021eko Eustaten datuak aintzat hartuta, ondorio nagusietako bat da 65 urtetik gorako hamar pertsonako, 20 urtetik beherako zortzi bakarrik daudela Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta horrek biztanleria gero eta zaharragoa dela adierazten du. Baina, era berean, erretiroa markatzen duen adin horren bueltan dauden herritarrak "gazte" sentitzen dira oraindik, eta, euren adina aldarrikatuta ere, "aktibo" daudela diote. "Oraingo erretiratuak eta duela 30 urtekoak ez gara berdinak. Beste modu batera bizi dugu erretiroa. Bizirik jarraitzen dugu, eta eragile izan gaitezke, edozein alorretan".

Jaurlaritzak eta Matia Fundazioak ipini zuten martxan Euskadi Lagunkoia 2012an

Osagai horiek guztiak hartu eta koktelera batean sartuta, Euskadi Lagunkoia egitasmoa ipini zuten martxan duela hamar urte, 2012an. Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu eta Matia Fundazioak abiarazitako ekimena da, eta haren helburua da adinekoek eta, oro har, herritarrek EAEko udalerriak hobetzen parte har dezatela bultzatzea; alegia, eragile aktiboak izatea, zahartu ahala nork bere bizimoduaz disfrutatzen jarraitzeko. "Orain lortzen dugunak balioko digu aurrerago. Orain gazte dena adindua izango da urte batzuk barru", dio Euskadi Lagunkoiako koordinatzaile Elena del Barriok.

Sarea osatuz

Euskadi Lagunkoiak hiru helburu nagusi zehazten ditu: adineko pertsonek EAEko herrietako eta hirietako bizitzan ongizate-sortzaile gisa eskaintzeko dutena baliatzea; herritarren parte-hartze prozesuak sortzea eta bultzatzea; eta ekimen lagunkoien sare bat sortzea Euskadin. "Proiektu hau zahartze aktiboaren paradigmaren pean garatzen da. Adinekoekin egiturak eta zerbitzuak berrantolatzen ditu, banakoen behar eta ahalmen ezberdinetara egoki daitezen, eta, hala, haien partaidetza sustatzen du", esan zuen aurkezpen egunean Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako zuzendari Marian Olabarrietak.

OMEk zehaztutako metodologia aintzat hartuta egiten dute lan herrietako taldeek

Sare bat sortzeko bide horretan, hamar urteko ibilbidean, 70 herrik egin dute lagunkoi izateko urratsa: 27 bizkaitarrak, hemezortzi arabarrak eta 25 gipuzkoarrak. Azken horien artean daude Debagoienekoak: Aretxabaleta, Antzuola, Eskoriatza eta Bergara. Lau horiek, zailtasun maila ezberdinarekin, aurrera egin dute. Aramaio eta Oñati sarean sartzeko ahaleginetan dihardute.

Zortzi lan-ildo

Ingurune lagunkoiak sortzeko, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) lau fase ezarri ditu: diagnostikoa, plangintza, esku-hartzea eta ebaluazioa. Metodologia zortzi esku-hartze eremutan aplikatzen da: partaidetza eta ehun soziala; herri partaidetza eta enplegua; komunikazioa eta informazioa; osasuna eta gizarte zerbitzuak; kanpoko guneak eta eraikuntzak; garraioa eta etxebizitza.

Aretxabaleta

Euskadi Lagunkoia sortu zen urte berean osatu zuten Aretxabaleta Lagunkoia taldea, Basotxo erretiratuen elkartearen arrimuan. Lehen egunetik heldu zioten zezenari adarretatik. "Bilboko Euskaldunan ezagutu nuen Euskadi Lagunkoia, eta Aretxabaletan abiarazteko egitasmo ederra zela pentsatu nuen. Basotxon sortu genuen taldea 25 bat lagunek", gogoan du Basotxoko kide Pedro Etxebarriak. Elkarren artean edozein gairen gainean hitz egiten ikasteko jarri zuten abian taldea, eta lan-saio mordoa egin zituzten orduan, hamabost inguru, "sekula eztabaidatu gabe". Diagnosi-txostena egin zuten era autonomoan. Lehenengo biak aurre-ezagutza modura, eta hurrengo zortziak arlo desberdinak aztertzeko baliatu zituzten. 2013ko irailean aurkeztu zuten txosten mardula. Metodologian zehaztutako zortzi lan-ildoak landu zituzten, eta bakoitzean hainbat proposamen egin. Udaletxean entregatu zuten txostena, eta ez zuten erantzunik jaso. "2017an, EAJ alkatetzara heldu zenean, txostenaz galdetu ziguten, eta aurrera egitera animatu. 2013an egindakoari buelta batzuk eman, aldaketak sartu, berrikusi, txukundu... Gogotsu hasi ginen berriro, baina pandemiak errotik moztu zuen bidea", kontatu du Etxebarriak. Txosten berria 2021ko ekainerako bukatu zuten, 300 bat proposamenekin. "Taldea sortu genuenen oso garbi geneukan Aretxabaleta Lagunkoian ez zuela parte hartuko ez udal teknikaririk ezta udal ordezkari politikorik ere. Herri gehietan bazuten Udalaren ordezkaritza, baina guk oso garbi genuen: herritar soilak bakarrik".

Aretxabaletako ordezkaritza, Urkullu lehendakariarekin.

Denda Lagunkoiak izan daitezen lan egiten dihardute Antzuolan eta Aretxabaletan

Bakardadea eta errespetua

Diagnosian aurkezturiko ekimenetako bat izan zen eremu publikoetan eta bideetan txakurren kakek sortzen duten arazoa konpontzea. Horrekin batera, GSR Debagoiena zaharren egoitzaren azterketa egin zuten. Hango arduradunekin hainbat bilera egin ostean, proposamenak aurkeztu zizkieten. Oraingoz, geldi dago gai hori. Ura agentziarekin ere elkarlanean egon dira, bailarako beste Lagunkoia talde batzuekin, herrietako eta bailarako uraren kalitatearen gaineko azterketa egiten. Baina, duda barik, Aretxabaletako Lagunkoia taldea orain arte egindako ekintzetatik gehien asebetetzen dutenak dira pertsona nagusien bakardadeari buruzko hausnarketa eta Kurtzebarri Institutuarekin errespetua oinarri hartuta egindako idazlan lehiaketa. Azken horretara 140 lan aurkeztu zituzten. Gaztetxoek adineko baten lekuan jarri eta haren egunerokoa kontatu zuten.

Antzuola

Landatxope erretiratuen elkartearen gonbidapen batetik hasi zen Antzuola Lagunkoia sortzeko asmoa. Aretxabaletako taldearen oinarri berberekin hasi zuten bidea, 2014an. 2015ean zehar hainbat topaketa egin zituzten, eta OMEk markatutako lan-ildoak lantzen hasi ziren. Ondorioz, 2016-2020 aldian martxan ipintzeko moduko 75 proposameneko txostena osatu zuten. "Udalean aurkeztu genuen. Izan ere, beti izan dugu Udalaren babesa. Begi onez ikusi zituzten taldea eta proposamenak", dio Antzuola Lagunkoia taldeko kide Pilar Etxanizek. Beste eragile batzuekin ere kolaboratu dute. Adibidez, herriko Idolaz aisialdi taldearekin eta eskolarekin. "Garrantzitsua da belaunaldien arteko hartu-emana".

Kide berrien bila

Antzuola Lagunkoiak egindako proposamen asko gauzatu dira, eta dagoeneko martxan daude; beste batzuk udal agendan daude; baina beste hainbat ezin izan dira egin, hainbat arrazoirengatik. Egindakoen artean daude herriko ur-parkea sortu izana, herriko irisgarritasuna hobetzeko esku-hartzeak –besteak beste, udaletxean igogailua eta Herriko Plazan bainugela–, komertzioak lagunkoiak izan daitezen egitasmoa eta ibilaldi osasuntsuen eraketa. Azken horrekin, adineko pertsonak kirola egitera eta harreman sozialak izatera bultzatu gura dituzte. "Egindako proposamenen jarraipena egingo dugu, eta diagnosia eguneratzen joango gara", diote.

Pandemia tarteko, taldearen lana moteldu egin da. "Gogor jo gaitu koronabirusak, eta orain, kosta egin zaigu martxa hartzea, baina bizirik gaude. Hasieratik zenbiltzan kide batzuek taldea utzi dute, baina gaudenok baditugu erronka eta helburu berriak. Hala ere, eskertuko genituzke aurpegi berriak talderako. Bereziki, erretiratuta daudenak. Taldean denok ondo sentitzea eta denon ahotsa jasotzea dugu helburu", diote.

Euskadi Lagunkoiaren hasierako asmoetako bat zen herriak bizirik mantentzea, eta Antzuolan sinistuta daude bide horretan adineko pertsonen ekarpenak oso aberatsak izan daitezkeela. "Erakutsi dugu egindako proposamenak zentzuzkoak direla, eta eragile aktibo izan gaitezkeela. Herritar guztien ongizatearen aldeko proposamenak dira. Gizartean adineko pertsonekiko dagoen irudia oso negatiboa da. Pasiboak garen itxura zabaltzen dute, baina erakutsi gura dugu jubilatu arren ez dugula motibazioa galtzen eta aktiboak garela".

Etorkizunera begira

Etorkizunera begira lanean jarraitzeko asmoa dute, eta badituzte erronka berriak buruan. "Adinduen nahiak eta beharrak hobeto ezagutzen saiatuko gara, bazterketa eta bakardade arriskuak identifikatu eta, gure eskuetan badago, horiek saihesteko. Harreman sozialak bultzatu eta etxebizitzen egokitasuna eta eskura ditugun zerbitzuak aztertu, arazoei irtenbidea eman ahal izateko".

Eskoriatza eta Bergara

Antzuolaren urte berean sartu zen Euskadi Lagunkoian Eskoriatza. Alegia, 2014an. Olazar erretiratuen elkarteko hogei bat kidek hartu zuten Eskoriatzako Lagunkoiaren ardura. Herriak zituen ahuleziak eta indarguneaz azpimarratu zituzten. Udalaren babesa ere izan zuten egitasmoan aurrera egiteko, baina pandemia heldu zen eta proiektua kinka larrian utzi zuen. "2022an egin ditugu ahaleginak taldea berriro martxan ipintzeko eta pandemia aurreko dinamika berreskuratzeko, baina, oraingoz, ez dugu lortu. Hasierako kide zirenek beste lehentasun batzuk dituzte orain. Esango nuke etapa bat bukatu dela Eskoriatza Lagunkoian. Hori bai, jende berria badator, ez genuke arazorik edukiko gure esperientzia partekatzeko", dio taldeko kide Jose Mari Kortazarrek.

Eskoriatzako taldea.

Bergarako taldearen egoera oso antzerakoa da. Taldea biziberritzeko ahaleginetan dihardute. "Bizipoz kooperatibaren laguntzarekin egin nahi dugu aurrera. Udalari aurrekontu bat aurkeztu diogu horretarako, baina, oraingoz, ez daukagu erantzunik. Pandemiaren ostean, iaz hasi ginen berriro, baina ez gara kapaz dinamika positiboan sartzeko", dio Roberto Kareagak.

Oñati eta Aramaio

Oñatin eta Aramaion hasi dira Lagunkoia taldeak osatzeko pausoak ematen. Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikoetako sailburu Beatriz Artolazabalek Euskadi Lagunkoiaren gaineko azalpenak eman zituen Oñatin, irailaren 19an, EAJk gonbidatuta. "Sistema jakin baten barruan, esperientzia duenarekin, adierazleak erabiltzen dituena, metodologia zorrotz bat duenarekin eta ebaluazioak egiten dituenarekin garatzea egitasmo hori. Hori da EAJk proposatzen duena", dio Oñatiko EAJko kide Lourdes Idoiagak.

Aramaion, aurtengo martxoan egin zuten zahartzaro aktiboa eta herriak bizirik mantentzeko pausoak ematen diharduen egitasmoa aurkezteko batzar irekia. Matia Fundaizoko kide Ainara Tomasenak eman zituen azalpenak. "Aramaioar adinduak eroso sentitzeko" herria izateko egin daitezkeenak azaldu zituen. "Orain, herritarren eskuetan dago taldea osatzeko azken erabakia", dio Cristina Etxenausia zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak