ALBISTEAK

Danbaka lehiaketako hemeretzi talde aukeratuta, hogeigarrenaren zain

Iñigo Barrena Kortabarria 2022ko ira. 30a, 08:40

Epaimahaiak hemeretzi talde aukeratu ditu, zuzenean lehiaketan arituko direnak; hogeiko zerrenda osatuko duena, berriz, publikoak aukeratu beharko du boto bidez. Gaurtik hasita botoa eman daiteke Danbakaren webgunean.

Hamabi urteren ostean, indartsu itzuli da Danbaka musika lehiaketa. 31 talde eta bakarlarik eman dute izena eta askotariko musika estiloetakoak entzun ahal izango dira Bergarako Seminarixoan. Ez da, ordea, denentzat lekua izango oholtza gainean. Epaimahaikide izango direnek dagoeneko aukeratu dituzte zuzenean lehiaketan parte hartuko dituzten hemeretzi taldeak, eta "lan oso zaila" izan dela azpimarratu dute.

Antolakuntzatik ere harridura izan da nagusi jasotako erantzunarekin. "Harritu egin gaituzte jasotako proposamen kopuruak eta horien kalitateak, eta horrek biderkatu egin du antolatzaileok aldez aurretik genuen gogoa bosgarren edizio honi begira", dio Jokin Bereziartuak, Danbakako bozeramaileak. Lehiaketan parte hartuko duen azken taldea publikoak aukeratuko du boto bidez.

Epaimahai berria

Danbaka berritasunekin dator, nola ez, eta horietako bat epaimahaia osatuko duten kideak dira. Bost izango dira; Julen Narbaizak errepikatu egingo du eta lau aurpegi berri izango dira taldeen lanak baloratzeko eta epaitzeko: Kristina Markina eta Aitor Aldanondo bergararrak, Iñigo Ugarte oñatiarra eta Cascantekoa den baina Arrasaten bizi den Nerea Loron La Furia, hain zuzen ere.

Danbakako datak

Parte hartzaile guztien zerrenda kaleratu ostean, honako hauek izango dira bosgarren edizioko datak: urritik abendura bitarteko bost ostiraletan izango dira kontzertuak, guztiak Bergarako Seminarixoan, 21:30ean hasita. Beraz, emanaldiak urriaren 14an, urriaren 26an, azaroaren 11n, azaroaren 25ean eta abenduaren 16an izango dira. Kontzertu bakoitzean lau taldek joko dute eta egutegia urriaren 10ean argitaratuko da  webgunean eta Goienako hedabideetan. Bost kontzertu horietatik, hiru onenak aukeratuko ditu epaimahaiak finalerako; hain zuzen, 2023ko urtarrilaren 13an izango da, Seminarixoan.

Antolatzaileak, ilusioz

Luzea izan da itxaronaldia, baina ilusioa da nagusi Danbakaren bueltan, Jokin Bereziartua Danbakako bozeramaileak dioenez: "Hamabi urte Danbaka barik egon ostean, bagenekien baldintzak bazeudela berriro ere ekimenari heltzeko, bazegoela Debagoienean uzta berri bat Danbaka moduko erakusleiho baten gustura parte hartuko zuena. Sinistuta gaude Danbaka plaza ederra izango dela musikarien uzta berria behar den moduan loratzeko. Ordu erdiko hogei emanaldi ditugu aurretik, gozatu eta gozarazteko. Seminarixoan espero zaituztegu!".

Aurkeztu diren 31 taldeen zerrenda

Epaimahaiak aukeratutako taldeak

Aurkeztutako taldeen artean hauek dira epaimahaian izango
diren kideek lehiaketan zuzenean izateko aukeratu dituzten

hemeretzi taldeak:

BROKEN LEGACY Oñati. Metal-corea.
ETXEPE Arrasate. Musika urbanoa.
ARRAGOA Bergara. Folka.
SINDY BERBENAS Arrasate. Oi!
LETAGIN Oñati. Rock-and-rolla.
THE CLAYTON Aramaio. Punka eta rock-and-rolla.
SUKENA Oñati. Euskal triki-popa.
ISLABAT Bergara eta Elgoibar. Post-rocka.
ILUMINATIZZ Aretxabaleta eta Otxandio. Punk-rocka eta rock-and-
roll esperimentala.

LEMAK Bergara eta Antzuola. Pop-rocka.
ERROMINTXELAK Arrasate eta Bergara. Swinga eta gipsy jazza.
EYHARTS Bergara. Elektronika.
ORHI Bergara. Pop-rocka.
INGUMA Oñati. Oi! eta rock-and-rolla.
KIIMAK Antzuola. Pop-rocka.
KTARSIA Bergara. Akustikoa.
JASAN Aretxabaleta eta Eskoriatza. Metala eta rock gogorra.
AIERT Oñati. Bakarlaria.
BALARRASA Aramaio, Eskoriatza eta Atxondo. Metala eta rocka.

 

PUBLIKOAK AUKERATZEKO TALDEAK

Azken taldea aukeratzeko publikoak botoa eman beharko du www.
danbaka.eus
webgunean, aukeratu gabe gelditu diren hamabi
taldeen artean:

ETEN Aretxabaleta. Rocka.
UNAI CANTABRANA Elgeta. Bakarlaria.
KORDA ROTA Arrasate-Antzuola. Eskandinaviako kutsua duen
punk-rocka.

TRIGGER Aretxabaleta. Musika esperimentala, txeloa oinarri.
GOLDEN BLEND Bergara eta Antzuola. Punk-rocka.
TRUMANS Arrasate, Oñati eta Bergara. Bluesa eta rocka.
112 Arrasate. Punk-rocka.
BANANA SHAKE Arrasate. Punka, rock-and-rolla eta ska.
GOZZUE Oñati-Otxandio. Rocka.
• DBQ (DEBEKU)
Bergara. Punka, metala eta rocka.
LOW COST DELUXE Bergara eta Arrasate. Rock-and-rolla.
EL EXTERMINIO DE LA RAZA DEL MONO Aramaio eta Arrasate.
Spiz-punka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak