'Ttap' aldizkaria erabat berrituta dator

Uxue Igarza Loiola 2022ko ira. 29a, 18:30

2020az geroztik Goiena Komunikazio Taldeak kudeatzen duen aldizkari digital multimedia da Ttap. Egubakoitzero argitaratzen da, eta eskuko telefonoan irakurri daiteke euskaraz eta doan. Orain, beste itxura eta eduki batzuekin egongo da eskuragarri.

Diseinu eta eduki berria izango ditu Ttap aldizkariak bihartik aurrera. "Jostagarriagoa", "dinamikoagoa" eta "bisualagoa" izango da, Monika Belastegi zuzendariaren esanetan. "Ttap aldizkari bizia da eta egungo gizartea bezala aldatzen eta eboluzionatzen doa; horren emaitza hauxe da, eduki berria, diseinu berria, freskoa eta gaurkotua. Edonoren eskura eta askatasunez partekatzeko eta zabaltzeko gertu dagoen edukia, alegia", gehitu du.

Aldaketa bisualei dagokienez, irudiek garrantzi handia izango dute, eta batzuk pantailaren azalera osoa hartuko dute. Bestetik, letraren tamaina ere handitu egin dute, irakurketa errazteko.

Atal berriak ere bai

Aldizkariaren atal nagusiak egokitu dituzte eta baita berriak sortu ere.  "Elkarrizketa nagusiari Deabruaren galderak izeneko galdera-erantzun laburren ikus-entzunezko atala gehitu zaio, eta, elkarrizketatua musikaria den kasuetan, kantu bat ere abestuko du", aurreratu du Belastegik.

Modaren atala ere moldatu dute, euskal diseinatzaile, sortzaile eta artisten erakusleiho izateko helburuarekin: "Orain arte baino leku nabarmenagoa izango du atalak (...) Bertako artisauen eta sortzaileen lanari balioa eman nahi diegu".

Bestalde Epa, Opi! izeneko atala ere izango du aldizkariak. Belastegiren esanetan, askotariko aurpegi eta izen ezagunei egindako elkarrizketa "labur eta freskoak" izango dira, eta euren azken berriak jasotzeaz gain, kuttunen dituzten bost lekuak kokatuko dituzte Euskal Herriko mapa interaktiboan.

Berrikuntzekin amaitzeko, Asteko behatxulotik eta Iritzia ataletan gaurkotasunari egingo diote keinu, eta Museoetako musak atalak Euskal Herriko museoetako ateak irekiko dizkio erabiltzaileari.

Komunitateari eutsi diote

Zuzendariak azpimarratu du "kolaboratzaile komunitate sendoari" eutsiko diola Ttap aldizkariak. Arantxa Urretabizkaia, June Fernandez, Ander Izagirre, Oier Zuñiga, Amaia Uribe, Irati Agirreazkuenaga, Paul Caballero, Exprai, Aritz Gordo, Ane Irazabal, Olaia Beloki eta Abraham de Amezaga dira, besteak beste, kolaboratzaileen zerrenda osatzen dutenak.

Halaber, iritzien atala, argazkilarien txokoa eta zinema gomendioak mantenduko dira; baita erreportajeak ere, askotariko gaiak zabal jorratzeko.

Webgunea lagungarri

Webgunea ere, ttap.eus, gaurkotu eta edukiz jantzi dute: "Ttap aldizkariaren aperitiboa izateko helburua du atariak. Aldizkari digitalaren lagungarri izango da edukia partekatzeko eta zabaltzeko orduan”, nabarmendu du zuzendariak.

Egin 'Ttap'

Ttap aldizkari digital interaktiboa doan deskargatu daiteke aplikazioan, iOS zein Android gailuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak