Taldeko parte sentitzeko sistema

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko ira. 27a, 11:04

Arbasoengandik jasoa, auzolana kultura bati lotua dagoen antolatzeko sistema da. Gaur egun, kultura aldaketa handia gertatu da, eta horrek eragin du auzolanaren bilakaera bat; nekazari ingurune batetik harago doan sistema da. Bailaran auzolana bultzatzeko sortu diren elkarteetako eta lanetako batzuk jaso dira erreportajean.

Auzolana antzinako sistema da, gaur egun arte iraun duena. Arbasoengandik jasoa, herri askok auzolanari esker biziraun dute. Antzinako sistema izan arren, garai berrietara egokitzen jakin izan du auzolanak. Bailarako herrietan ere garrantzi handia izan du auzolanak. Juan Martin Elexpuru idazle bergararra: "Batez ere, bidegintzarako erabiltzen zen, bideak konpondu eta garbitzeko". Auzoetan egin izan den lana da, nekazari ingurunean. Gaur egun, baina, bestelako modu batzuk ere ezagutzen dira: errekak garbitzeko, jaiak antolatzeko, larrialdi egoeretarako... Tradizionalki, auzolana definitu izan da herri bateko azpiegitura komunak eraikitzeko, zaintzeko eta mantentzeko sistema moduan; hau da, bideak, zubiak, iturriak, ur-askak edota ur-bideak eraiki edo konpontzea. "Antolatzeko modua da, kultura baten parte dena", azaldu du Jasone Mitxeltorena kazetari etxalartarrak eta Auzolanaren kultura liburuaren egileak. "Kultura bati lotua dagoen sistema da. Gaur egun, bizirik dago, baina gutxituta, kultura aldaketa gertatu delako. Hain zuzen, belaunaldi berrietan gailendu dena da bakoitzak berea egitea, eta guztia egin daitekeela diruz ordainduta", esan du.

Mitxeltorenaren esanetan, mundu ikuskeratik, auzolanean gailentzen den balio nabarmenena da talde baten parte sentitzea: "Konturatzen naiz pertsona helduek mundu ikuskera berezia dutela, gu erabiltzen dutela mintzatzerakoan. Gu horrek balio dezake etxekoak aipatzeko, herrikoak, auzokoak... edo mundu honetako herrikideak aipatzeko. Belaunaldi berriek, aldiz, ni erabiltzen dute mintzatzeko orduan". Auzolana egiten den tokietan komunitate lotura estua dago eta horrek ahalbideratzen du taldean aritzea. Herritarren arteko harremanak sendotzen laguntzen du, eta egunerokoan mantendu eta nabaritzen da. Azken finean, elkarbizitza sendotzen laguntzen du.

Antzuola

Gorlako aisialdi-gunea

Arrola mendizale elkarteak deituta, Gorlako aisialdi- gunea txukuntzen ibili dira. Txukun eta erakargarri jarri dute, herritarrek erabili ahal izateko. Irain iturria konpondu nahi dute orain.

Tradiziotik abangoardia izatera

Auzolana tradizioa izanik abangoardia bilakatu dela dio Mitxeltorenak: "Kapitalismoak indarra hartu duen honetan, sistema berregituratu beharra sentitu dutenek beste eredu batzuk proposatu dituzte, eta horiek antzekotasuna dute auzolanaren sistemarekin". Berritzailea da antolatzeko eta jarduteko moduan.

"Antzina, auzolana erabili izan da beste modu batera egin ezin ziren lanak egiteko; hau da, herritarrak auzolanean batzen ziren hainbat lan aurrera ateratzeko. Bada, XXI. mendean dauden erronka berriei erantzuteko sistema baliagarria ere bada", dio Mitxeltorenak. "Kapitalismoari, indibidualismoari... goitik behera ezarritako sistemak sortutako erronkei aurre egiteko ze eredu hartu, hori da gakoa", gehitu du kazetariak.

Aramaio

Andramariko eskailerak

Lorabarri Astearen barruan, azkeneko bi urteetan Andramari ermitaren ingurua eta eskailerak garbitzeko auzolana deitu dute. Etxeko txikienekin egiteko moduko auzolana antolatu izan dute.

Ohituratik sortutako ordenantzak

Udal askotan daude auzolana arautzeko ordenantzak. Ordenantza horien bitartez auzolana egitea derrigortzen da, nolabait. Hala ere, Mitxeltorenak zera dio: "Nola jakin dezakegu nondik datorren eta nola sortua den auzolana? Legeak idatzi zirenean, ohiturazko zuzenbidea hartu zen oinarri moduan. Horrek esan nahi du ordenantza horiek idazterakoan herrietan zeuden egiteko moduen arabera egin zirela ordenantzak. Hau da, egiteko modu horiek udaletako ordenantzak baino lehenagoakoak dira, eta horietan oinarritu dira ordenantzak".

Derrigortasunaren inguruan zera dio Elexpuruk: "Garai batean, familia handiak ziren, eta beti zegoen norbait lanera joateko moduan. Gerora, hori aldatu egin da eta ordenantzak sortu dira. Kasu batzuetan, lanera joaten ez den familiak diru kopuru bat ordaindu behar izaten du".

Auzolana etxean ezagutu du Elexpuruk, baina, dioenez: "Ez gure zaharrek beste". Elkar laguntzeko balio zuela dio: "Lan batzuk egiteko jende asko behar izaten zen, eta horregatik elkartzen ziren. Garia ebakitzeko, adibidez; igitaiarekin ebakitzen zuten, eta, lehenengo, elkartzen ziren beheko baserrietako garia ebakitzeko, eta, ondoren, goragoko baserrietakoak. Lurretia ere auzolanean egiten zen; soro-barrenean otarreak lurrez bete eta gora igotzen zituzten". Gaur egun baserritik ez dela ia inor bizi dio, eta horregatik auzolanerako ohitura galdu dela. "Orain dela 60 urteko baserri inguruak eta oraingoak ez dute zerikusirik. Orain ere egiten da auzolana, baina nahiko anekdotikoa da", nabarmendu du.

Bergara

Deba ibaia

Herritarrek osatutako talde batek Deba ibaia garbitzen du, auzolanean, azkeneko 10 urteetan. Urrian egiten dute deialdia, eta erantzun "oso ona" jaso izan dutela diote.

Gaur egun, mendi pista bat konpondu behar denean, gune horretan lurrak dituzten lur-jabeei deitzen zaie lanerako. Bestalde, auzoetako jaiak direnean, eliza edo ermita ingurua konpondu eta txukuntzeko elkartzen dira auzotarrak. Horretarako ere joera handia dago bailaran. 2013an, esaterako, Eskoriatzako Atxorrotx ermita eta inguruak berreskuratu eta garbitu ziren; urte berean, Aramaioko Azkoaga eta Barajuen auzoetan zaharberritze lanak egin zituzten; 2014an, Aramaioko Gantzagako errepidea auzolanean konpondu zuten; eta, Oñatin, Garagaltza auzoko galtzada zaharra berreskuratu zuten. Badira aurten egindako lanak ere: Arrasateko Zapatei koban 5,6 tona zabor atera zituzten ekainean auzolanean. Egin diren ekimen guztiak zerrendatzea ezinezkoa litzateke.

Elgeta

Egoarbitza

Udalak deituta, urtero egiten dute Egoarbitzako herri sailaren garbiketa, urriaren 12an. Horrez gain, baserri-bideak garbitzeko dei ere egiten du Udalak, baso jabeekin eta baserritarrekin.

Herrigintza

Iñigo Ramirez de Okariz historialariaren esanetan, auzolana kontzeptua bera zaharkituta geratu da, eta herrigintzarekin lotutako edozer gauza auzolana dela dio. "Talde edo elkarte batek dituen balioak sustatzeko eta lortzeko antolatzen dituen ekintza ezberdinak auzolana izango lirateke: izan daiteke kultur taldea, edo izan daiteke odol-emaileen taldea". Nabarmendu du herrigintza hori ulertu behar dela herri barrura egindako lan moduan eta baita kanpora begira egindako lana ere: bi noranzkotan. "Auzolana garai berrietara egokitu da, transformatu egin da", dio.

Antzuolan, esaterako, indar handia du auzolanak. Arrola mendizale elkarteak deituta egiten dituzte lanak: "Mendizale elkarteak sorreratik du bere baitan auzolanaren gaia. Aurten, gainera, 50. urteurrena ospatzen gabiltza, eta horregatik indartu nahi izan dugu auzolana. Naturarekin lotutako lanak egiten ditugu". Iturriak, bideak, parkeak... konpondu eta kontserbatzen dituzte.

Oñati

Arantzazuko santutegia

Hilean behin elkartzen dira Arantzazuko Adiskideak elkarteko kideak, Arantzazu eta inguruak garbitu eta txukuntzeko. Deialdi irekia egiten dute; bihar egingo dute auzolana, irailaren 24an, 09:30ean.

Kultur mugimenduak ere baditu auzolanaren adibide asko: gaztetxeen inguruan sortutako ekimenak, besteak beste. Horrez gain, Oñatiko Eltzia egitasmoa, Bergarako Kukubaso elkartea, Aretxabaletako Peñakarga elkartea eta Eskoriatzako Leintz Lotzen... Horiek guztiak auzolanean sortuak eta auzolana bultzatzeko sortutako elkarteak dira.

Mitxeltorenak dio "abantaila" dugula: "Guk bizirik ezagutu dugu auzolana, zortedun gara". Iraganetik jasotako ondarea orainaldiko  giltza dela dio: "Orain, jakin behar dugu giltza horrekin ze ate zabaldu". Auzolanaren sistema ez dela Euskal Herrira mugatzen dio Mitxeltorenak: "Sistema unibertsala da. Mundu osoko kulturetan ezagutzen dira horrelako sistemak".

Eskoriatza

'Gatz bidea'

Orain dela sei urte sortu zuten Leintz Lotzen egitasmoa. Gatzaga Eskoriatzarekin lotzea zen asmoa, eta, bide batez, baita bailararekin ere. Amets horren ardatza Gatz bidea egoki jartzea da.

Larrialdietan

Larrialdi egoeretan, herritarren laguntza eskatzen denean jendeak erantzun ona ematen du. Esan daiteke larrialdi egoerek jendea batzen dutela; izan ere, baliabide ekonomikorik ez dagoenean, auzolana irtenbide aproposa da. Beharrei aurre egiteaz gain, aurrez aipatu diren onurak ere baditu auzolanak. Horrez gain, norberaren herriaren alde egiteak dakarren asebetetzea ere nabarmendu du Mitxeltorenak.

Bailarako herrietan, pandemia garaian, herritarrek erantzun ona eman zuten. Komunitatearen eta auzolanaren indarra agerian geratu zen 2020an. Antzuolan aitzindariak izan ziren: martxoaren 13an bertan atera zuen bandoa Udalak boluntario sarea osatzeko. Besteak beste, pertsona nagusiei eta zaurgarriei erosketak egiten laguntzea zen helburua. Gainontzeko herriak hurrengo egunetan batu ziren boluntario taldea edo zaintza sarea osatzeko lanera. Auzokideei laguntzea izan zen, azken finean, ekimen horien helburua.

Kultur ereduak

Leku fisikoak baino gehiago, kultur ereduak bereizi beharko lirateke; hau da, herri txikietan egiten da auzolana, baina baita herri ertainetan eta hirietan ere. Nekazari ingurune batean egiten zen lanetik bestelako lan batzuk egitera pasa izan dira toki askotan: kultura alorretik, auzolan bidez egin daitezke herria eta ondarea jendarteari zabaltzeko ekimenak. Beste kasu batzuetan, auzolanak balio dezake auzokideen arteko harremanak sendotzeko, elkartasunean oinarrituz eta lan komunitarioa sustatuz.

Arbasoengandik jasotako sistemak bizirik dirau oraindik ere; azken hamarkadetan gertatu diren kultura aldaketei egokitzen jakin izan du. Egoera berrietara egokitu etorkizuneko giltza izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak