AEDk ez du antolatuko Oñati-Arrasate proba

Xabier Urtzelai 2022ko ira. 22a, 18:00

Lasterketa bi urtean antolatu eta gero, Arrasateko euskara elkarteak hausnarketa prozesu baten ondoren erabaki du aurten fokua Euskaraldian jartzea. "Ez da pandemiagatik izan; neurtu egin behar da indarra non jarri", dio Itxaro Artolak.

Udazkenean bailaran izan ohi den hitzordu kuttunetako batek kale egingo du aurten: Oñati-Arrasate herri lasterketak, hain zuzen. Urteetan Oñatiko Antxintxiketan atletismo taldeak izan du lasterketa antolatzeko ardura, besteak beste, Arrasate Atletiko taldekoen laguntzarekin, eta orduan, Arrasate-Oñati izena zuen probak. Hala, 2018an AED elkarteak hartu zuen lasterketa antolatzeko erreleboa, eta hor ere atletismo taldekoen laguntzarekin eta beste kolaboratzaile askorekin, bi edizio arrakastatsu antolatu zituzten, 2018an eta 2019an.

Hirugarren edizioa antolatzeko gurpilean sartuta, pandemia tarteko AEDk bertan behera utzi behar izan zuen 2020ko edizioa, eta, bi urteko hutsunearen ondoren, udazken honetan ez da lasterketarik egongo. "Ez da pandemiaren ondorioz hartutako erabakia izan, iaz euskara elkartearen baitan egindako hausnarketa prozesu baten ondorioz hartutako erabakia izan da. Bi edizio hauek erakutsi digute ze lan dagoen halako lasterketa baten atzean, sarritan esan dugun hori; halako hitzordu batek antolaketa ia profesionala eskatzen du, eta gu ez gara profesionalak", dio Itxaro Artolak. Hala, AEDtik nahiago izan dute kirol hitzordu bat antolatu beharrean indarrak neurtu eta fokua Euskaraldian jarri –2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango da Euskaraldia–.

Euskararekin hartu-eman estua

Oñati-Arrasate, edo Arrasate-Oñati, ez da lasterketa arrunta, historikoki kirol hitzordu horrek hartu-eman estua izan du euskararen normalizazioaren aldarrikapenarekin. 80ko hamarkadan sortu zuen Oñatiko atletismo-zale talde batek, eta ondoren, Oñatiko Laixan euskara elkarteak hartu zuen proba antolatzeko ardura –AEDkoen laguntzarekin–.

Urte batzuen ondoren, lasterketak beherakada izan zuen –2009an ez zuten antolatu–. Baina 2010etik 2017ra, Oñatiko Antxintxiketan taldeko lagunek sekulako bultzada eman zioten probari, 300 lagunetik gora batzeraino. 2017an, talde horrek erreleboa eskatu zuten, bestela ere beste lasterketa batzuk antolatzen nahikoa lan zeukatelako. Eta 2018an, euskara elkarte baten babesera etorri zen, ostera ere, proba. Esanguratsua izan zen AEDk 35 urte bete zituela 2018an eta efemerideak bat egiten zuela lasterketaren 35. urteurrenarekin. Erreleboa nork hartuko zain geratuko da, berriz ere, Oñati-Arrasate, edo Arrasate-Oñati.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak