Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko herritarrek hainbeste aldiz egindako eskaera errealitate bihurtuko da laster. Oñatiko Udalak 2020an Taper Arkitektura enpresari Elorregiko autobus geltokiaren proiektua enkargatu zion, eta ondoren, exekuzio proiektu batean zehaztu zen 2021ean. Oñatiko alkate Izaro Elorzak adierazi du, argi zeukatela komunaren zerbitzua martxan jarri behar zela herritarren eskaeretako bat zelako. Elorzak aurreratu duenez, hori dela eta hasi ziren proiektua garatzen, eta Arrasaterekin, Bergararekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarrizketetan. Egitura berriaren mantenua Debagoieneko Mankomunitatearen bidez egitea proposatuko dute, baina oraindik lantzen ari diren gaia da.
Elorzaren hitzetan, "obra zuzendaritza kontratatu dugu ahalik eta azkarren lizitazioa martxan jartzeko eta obrekin hasteko. Egia da, lanekin hasi aurretik, hitzarmenak sinatuta izan behar ditugula eta adostua. Azken lanetan gabiltz eta ea hori egitea lortzen dugun".
Aurrekontua duela gutxi eguneratu dute, eta 222.000 euroko ingurukoa dela aurreratu du Oñatiko alkateak. Ondoren, mantenua, urtean 17.000 eurokoa izatea aurreikusten du.