Pentsiodunen borrokak ez du etenik eta Debagoienako hainbat herritako plazak pentsiodunez bete dira berriro ere udako etenaldiaren ostean. Hilabete guztien KPIaren batez besteko indizea erabili beharrean, ordainsariak KPI "errealaren" arabera eguneratzea nahi dute pentsiodunen elkarteek. Horretarako milaka sinadura batu dituzte euskal herrian zehar eta urriaren 15ean Madrilen egingo duten elkarretaratzean, Kongresuko talde parlamentario guztiei entregatuko dizkiete sinadurak, iritzia aldatzeko asmotan. Bestalde, inoiz baino gehiago, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea ere aldarrikatzen dute.
Gizartea jasaten ari den inflazioarekin gainera, gizartearen bizi kalitatea ere okertu egin dela salatzen dute, are gehiago pentsio baxua duten pertsona eta familien kasuan. Hemen ere, esaterako, emakume alargunen pentsioa %100 izateko eskatzen dute, egun, bataz beste, gizonezkoenarekin alderatuz %30 baxuagoa baita. Beste aldarrikapen batzuen artean da baita ere osasun eta zaintza publiko eta kalitatezkoak izatea.
Bestalde, gaur Arrasateko plazan egin duten bilkuran, Arrasateko lorezainei ere babesa eman diete eta hauek hilaren 15ean egingo duten manifestaziora deitu dituzte herritarrak.
Debagoieneko beste herri batzuetan ere elkartu dira; Antzuolan, Oñatin eta Bergaran, esaterako.