Oso uda ona ostalaritzan; freskura bila zetozenak ernegatu egin ditu beroak

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko ira. 2a, 10:02

Oraindik orain datu zehatzik ez egon arren, oso okupazio altua izan dute eskualdeko ostatuek; Oñatiko Turismo Bulegoan, aldiz, beherakada sumatu dute: hain tenperatura altuekin, bisitari askok nahiago izan dute eguna kostaldean pasa, giro itogarritik ihesi.

Debagoieneko ostatuetan oso ondo lan egin dute aurtengo uda sasoian: hala baieztatu diote GOIENAri Oñatiko Etxe Aundi eta Soraluze hoteletan, Elgetako Maialde landetxean eta Arrasateko Uxarten –hori diote Eustaten datuek ere: Gipuzkoa barnealdean 2019ko langa gainditu zuten uztailean hoteletako sarrerek eta emandako gauek, 18.496 (5.237 gehiago) eta 34.919 (982 gehiago), hurrenez hurren–.

Okupazio maila altua izan arren, bertako bazterretara egindako bisitak ez dira proportzio berekoak izan; are, jaitsi ere egin dira. Euskal Herriko, Espainiako eta Belgikako lagunez osatutako bisitari talde batekin unibertsitateko eta parrokiako osteratxoa amaituta, hala zioen Oñatiko Turismo Bulegoko Edurne Urteagak: "Bulegotik pasatu den jende kopurua da jaitsi dena. Bisita gidatuetan bai, bisitari gehiago izan ditugu, nahiz eta 2019ko mailara iritsi ez. Tenperatura altuek gure kontra egin dute. Uztaila eta abuztua artean 33 egunetan egin ditu 30 gradutik gora, eta jendeak kostaldera jo du gehiago. Bestetik, iaz neurri murriztaileak zeudenez eta atzerrira, adibidez, joan ezin zenez, jende askok gertuko turismoa egin zuen; aurten, mugak zabalduta, atzerritarren bisitak berreskuratzen hasi gara, 2019ko kopuruetara iritsi gabe, eta jaitsi dena da euskaldunen eta Espainiakoen kopurua".

AZKEN UNEAN BERTAN BEHERA UTZITAKO ERRESERBETAKO GELAK ERE BERRIRO BETE DIRA

Eguna pasatzera, bai, Debagoienetik kanpora, baina, esan bezala, asko izan dira bailaran ostatu hartu dutenak. Oso ehuneko handietan egon da eskualdeko okupazioa, %100etik gertu Goienak iturri izan dituen alojamenduetan: "Hilabeterako egonaldi bat hasi bezperan, gela baten erreserba bertan behera utzi ziguten; hori arazo handia da hotel batentzat, baina berriro erabilgarri jarri eta berehala joan ziren gela hartzen, dena bete arte", dio Soraluzeko Amaia Lizarraldek. Elgetako Maialdeko Izarra Arriaran ere pozik: "Singapurretik ere etorri dira!".

Ostalari guztiek aipatutako gauza, hori bai, Andaluziatik, adibidez, giro fresko bila etorritako bisitariek ez dutela aurten halakorik aurkitu, eta horrek ernegatu egin dituela apur bat: "Eta gauza da hemen ez gaudela prestatuta hainbesteko berorako. Galdetzen ziguten lehen gauza zen: 'Aire giroturik baduzue?".

Eguraldiak mesede egin dienak Arrasateko Uxartekoak izan dira. Ostatuko gela guztiak beteta izateaz gain –hori ohikoa da–, aurten eskualdetik eta ingurutik bakarrik ez, "Azpeititik, Tolosatik eta Zumarragatik ere, adibidez" joan zaizkie, mendi buelta ostean bertako igerilekuan freskatzeko planarekin, Maite Uribarrenen esanetan.

Lotarako eskualdea aukeratu dutenetara itzulita, askotariko egonaldiak izan direla diote ostalariek; hamabost egunekoren batzuk ere bai –Debagoiena erdigunean egonda, bailaratik hiriburuetara-eta egiten ditu bisitak jendeak–, eta guztiek azpimarratu dute, Etxe Aundiko Xegun Altolagirrek zioen bezala, Europako beste herrialde batzuetara bidean atseden hartzeko geldialdia egiten dutenak ere asko izan ohi direla.

Honekin guztiarekin, taberna eta jatetxeei dagokienez ere, abuztuan irekita izan dutenek ondo lan egin ei dute; adibidez, Bergarako Irala kalekoek. Zabalik gauza askorik ez eta zenbait unetan "larri" ere bai Pol-Poleko Dunixi Olabarriaren arabera, eguna kanpoan pasa arren otorduak herrian egin dituzten bisitariekin eta Bergaran egon diren eta betiko ohiturei eutsi dieten herritarrekin gustura Eruaneko Fernando Etxabarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak