Etxeko lanak eta zaintza, lehen mailara

Josu Bilbao Atxutegi 2022ko uzt. 26a, 10:54

Etxeko Lanen Nazioarteko Eguna izan zen egubakoitzean, uztailak 22. Nork bere etxean egiten dituen lanak barneratzen ditu egun horrek, baina baita etxeko lanetan eta zaintzaren arloan ibiltzen diren profesionalen jarduna ere. Izan ere, lanbide honetan, oraindik, bide luzea dago egiteko profesionaltasunera. Hona PUNTUAko uztailaren 22ko alean egindako erreportajea. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Etxeko lanek ere badute nazioarteko eguna: uztailaren 22a. Eta, oraindik ere, lan esparruari dagokionez aitorpen, prestigio edota profesionaltasun maila urriegia duen sektorea da etxeko lanena eta zaintzarena. Gauzak oso gutxika ari dira aldatzen –2012an Etxeko Langileen Erregimena Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartu zen– eta kontraturik gabeko emakume immigrante ugari dira etxeko langile gure inguruan. Izan ere, Nazioarte Lan Erakundearen arabera, langileen herenak kontratu barik lan egiten jarraitzen du.

Hego Euskal Herriko argazkia

"Ekainaren 14an Gizarte Segurantzak emandako datuen arabera, maiatzean, EAEn 28.014 etxeko langile zeuden alta emanda, Familia-etxeko Zerbitzarientzako Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean dagoen Sistema Berezian. Gipuzkoan 9.613 etxeko langile zeuden alta emanda, Bizkaian 15.592 eta Araban 2.809. Nafarroako Foru Komunitatean 6.742 etxeko langile zeuden alta emanda. Horrek esan nahi du, modu ofizialean, behinik behin, Sistema Berezi horretara bildutako etxeko langileak Gizarte Segurantzan maiatzean alta emanda zeuden langile guztietatik %3 zirela Euskal Autonomia Erkidegoan eta %4 Nafarroako Foru Komunitatean. Alabaina, kontuan hartu behar da Gizarte Segurantzako Sistema Berezi horretatik kanpo ere badirela bestelako etxeko langileak. Horien artean daude, konparazio baterako, etxeko lanak eskaintzen dituzten enpresetako langileak eta inolako kontraturik gabe lan egiten dutenak", azaldu du Deustuko Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Zuzenbidearen irakasle Javier Arrietak.

Profesionalizatzeko bidean?

Profesionalizatzeko oraindik pauso asko eman behar ditu sektoreak, Arrietaren ustez: "Lanbidea profesionalizatu beharko litzateke gaur egungo gizarteak dituen ezaugarriak kontuan hartuta. Gizarte zahartua da gurea. Gainera, hainbat arrazoirengatik, gero eta ugariago dira gaixotasun larri eta arraroak. Horrek guztiorrek berarekin dakar zaintza-zereginak ezinbesteko bihurtzea eta ondo prestatutako pertsonak kontratatzeko premia. Pertsona bat zaintzea ez da aldamenean egotea bakarrik. Pertsonak behar bezalako arreta eta tratua merezi du, duintasunarengatik. Zernahi gisaz, lanbidea profesionalizatzeko, langileen prestakuntza ez ezik, langileen lan-baldintzak ere hobetu behar dira. Horretarako, ezinbestekoak dira sektoreko hitzarmen kolektiboak. Baina etxeko langileen lan-baldintzak hobetu ahala, erakunde publikoek familia-etxeko titularrei laguntzak eskaini beharko lizkiekete. Era berean, laguntza horiek gabe ez dago bikoteen artean ardurakidetasuna bultzatzerik. Lanbidea profesionalizatzeko alternatiba izan daiteke etxeko langileen kooperatibak sustatzea. Zoritxarrez, gure artean badira esperientzia txarrak, kooperatiba faltsuak baliatu izan direlako etxeko langileei eskubideak murrizteko. Baina gauzak ondo eginez gero, kooperatiba-eredua aproposa izan daiteke langileak prestatu eta ahalduntzeko. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, etxeko langileek plataforma digital bidezko zenbait kooperatiba eratu dituzte, eta euren lan-baldintzak dezente hobetu dira".

Testigantzak

"Psikologikoki zaila da barneko langile izatea"

YANINA CHOQUE Etxeko langilea.

(Argazkia: Josu Bilbao Atxutegi)

Duela hiru urte heldu zen Euskal Herrira 40 urteko perutarra. Arrasatera heldu eta bi egunera hasi zen lanean, barneko etxeko langile.

Pandemia bete-betean heldu zinen Debagoienera, eta etorri bezain laster etxeko langile hasi zinen lanean.

Ingeniaritza ikasketak egin nituen Perun, eta banketxe batean ibili naiz lanean urteetan. COVID-19a zela-eta familiarekin Euskal Herrira etortzea erabaki genuen, senarra bertakoa baita. Ezin izan dut nire titulua baliozkotu, ikasketa gehiago egin beharko nituzke unibertsitate pribatu baten... Beraz, bertara gatozen immigranteek bezala lan egitea egokitu zait.

Hiru urte hauetan lan ezberdin asko pilatu dituzu?

Bai. Hiru hilabete eman nituen barne etxeko langile, eta beste zortzi etxeko langile. Bietan lan kontratu barik eta beltzean kobratzen, eta ondoren, San Juan de Dios ospitalean aritu naiz, zaintzaile, gizarte eta osasun arloko ikastaroa egin ostean. Normalean, adinekoak zaintzeko hartzen gaituzte kontraturik gabe. Erosketak egin, janaria prestatu, etxea garbitu, adinekoa lagundu... Denetik egin behar da. Gauak zailak egiten zaizkit bereziki. Egunez nahiko lasai egoten dira, baina gauez gogorra egiten da...

Barneko etxeko langile izateak zaila izan behar du. Nolakoak dira baldintzak?

Batez ere, psikologikoki. Zaila da, gainera, langilearendako eta etxeko jabearendako. Hasieran, ez duzu ezagutzen alboan duzun pertsona hori, eta hainbeste ordu horrela ibiltzea zaila da. 800-900 euro ordaintzen dizkizute hilean, beltzean. Sarri esaten dute "zaindu bakarrik" egin behar dela, eta ez dela bestelako etxeko lanik egin behar. Bertako tituludun erizain bati hori eskainiko baliote, hartuko luke lana? Ez dut uste.

"Hiru hilabete eman nituen barneko etxeko langile; ezin izan nuen gehiago jasan"

Etxeko langileen eta zaintzaileen behar handia dagoela diozu.

Lana badago, bai. Gero eta nagusiagoa da gizartea, eta seme-alabak dagoeneko ez dira gurasoekin bizi. Askok begi txarrez ikusten dute oraindik nagusien egoitza. Egoitzetan ere langile falta sumatu dut, dagoen pertsonak artatzeko beste langile ez baitago. Hiru langileren artean 30 pertsona artatzen dituzu egoitza baten, eta lana oso fisikoa da. Behar handia dago, bai.

Erronka handia da kultura aldaketarena?

Nork bere herrialdea uztea aldaketa bortitza da berez. Sarritan, bakarrik zaude, gainera, eta etxe berri batera sartzen zara ezagutzen ez duzun jendearekin. Latinoamerikatik, adibidez, emakumeak etortzen dira aurrenak. Etorri eta bi egunera lanean hasten dira. Gero, apurka, haien familia ekartzen joaten dira, ahal baldin badute. Talka izugarria da. Janaria eta elikadura, adibidez. Txipiroiak egitea eskatzen dizute, eta sekula ikusi ez duzun zerbait da! Niri, oraindik, kosta egiten zait gauza batzuetara egokitzea.

Baloratuta sentitzen zara etxeko langile bezala?

Itzalean dagoen lan bat da, argi eta garbi, eta beltzean denean are eta gutxiago baloratzen da. Egia da gizarte eta osasun arloko ikastaroa izateak, zelanbait, prestigio gehiago eman diola, eta etxe pribatuak ez diren beste toki batzuetara ateak irekitzen dituela. Baina immigranteendako prestakuntza psikologikoa ez dizu inork ematen.

 

"Bigarren mailako langiletzat hartu izan dira"

F. JAVIER ARRIETA Deustuko Unibertsitateko lanaren eta gizarte zuzenbidearen irakaslea.

(Argazkia: Josu Bilbao Atxutegi)

Zer hartzen du legeak etxeko lan gisa?

Etxeko lana eta etxeko langileak bereizi behar dira. Izan ere, norberak ere egin ditzake etxeko lanak inor kontratatu gabe. Hortxe hasten dira arazoak. Norberak etxeko lanak egiteko astia behar da, eta, zoritxarrez, askotan, lanak ito beharrean bizi gara. Lan hauek egiteko norberaren lanari denbora kentzea ez da erraza. Gainera, horrek, gehienetan, diru-sarrerak murriztea dakar. Langileen Estatutua oinarri, familia-bizitza eta lana uztartzeko eskubidea eragingarri egin ahal izateko, langile orok eska diezaioke enpresaburuari kasuan kasuko egokitzapenak gauzatzeko, lanaldiaren iraupenari eta horren banaketari, lan- denboraren antolaketari eta lana egiteko moduari dagokienez. Lanari bere horretan eutsi nahi dioten askok gurago dute etxeko lanak egiteko beste pertsona bat kontratu. Langile autonomo askok ere, gehienbat, zaintza- lanak direla bide, nahitaez kontratatu behar izaten dute beste pertsonaren bat.

Etxeko langileek onarpena dute gurean?

Historikoki profesionalizatu gabeko sektorea izan denez, etxeko langileak bigarren mailako langiletzat hartu izan dira. Hori ondoriozta daiteke legeriak Espainian izan duen bilakaera ikusita. Kode Zibilak nagusiaren eta etxeko morroien arteko harremanez dihardu eta harremanok errentamendu-zerbitzura bildu zituen. Sasoi batean, ahalbide ekonomiko handikoek baino ez zituzten morroiak. Gure baserrietan ere ohikoa zen morroi edo neskameak izatea, baina horiek mantenuaren truke baino ez zuten lanik egiten. Lan-kodea arautu zenean, 1926an, etxeko lana bere aplikazio-esparrutik kanpo utzi zen. II. Errepublikan, Lan-kontratuaren Legeak inorentzako langileekin parekatu zituen etxeko langileak, eta, ondorioz, haren aplikazio-esparrura bildu. Praktikan horrek ez zuen aplikaziorik izan. 1976an, estreinakoz arautu zen etxeko lana lan-harreman berezien artean. Ordutik, emakumea laneratzen joan ahala, etxeko langileak kontratatzeko premia areagotuz joan da. Hala ere, horrek ez du lortu sektorea profesionalizatzerik. Izan ere, urte luzez langile hauek lan-zuzenbidearen esparrutik kanpo uzteak gizartean sortu du langile horiek bigarren mailakoak direlako ustea. Gainera, etxeko langile aritzeko prestakuntza berezirik ez denez eskatzen, beste lanbideetan beharrik aurkitzen ez duten pertsona askok jo izan dute sektore horretara; batik bat, emakume atzerritarrek. Horren jakitun, gutxi ordaindutako zerbitzua izan da.

"Historikoki profesionalizatu gabeko sektorea izan da etxeko langileena"

Langileen egoera zein da zuzenbide ikuspuntutik?

Bi motatako etxeko langileak bereiz daitezke: batetik, langile batzuek etxeko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresentzako lan egiten dute. Halako langileei lan- zuzenbide orokorra edo arrunta aplikatu behar zaie eta langile horiek Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrera bildu behar dira. Bestetik, familia-etxeko titularrek zuzenean kontratatzen dituzten langileak daude. Halakoak ere lan- zuzenbidera biltzen dira, baina lan-harreman berezi batzuekin; hau da, Langileen Estatutua aplikatu beharrean, 1620/2011 Errege Dekretua aplikatuko zaie. Gizarte Segurantzaren ikuspuntutik ere, badituzte berezitasunak; arean ere, 2012ko urtarrilaren 1etik Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kokatu arren, Sistema Berezia aplikatuta gauzatzen da kokatze hori.

 

"Beharra handitzen doala argi ikusten dut"

KARMEN PEREZ Zaintzailea.

(Argazkia: Josu Bilbao Atxutegi)

Aretxabaletako Udalarendako zaintzaile gisa jarduten du Perezek. 18 urte daramatza etxez etxeko zerbitzua ematen.

Zaintzaile aritzen zara bailaran, Karmen?

Etxez etxeko zaintza zerbitzuan nabil lanean. Mendekotasun motaren bat duten pertsonei euren etxean ematen diegu arreta. 18 urte daramatzat horrela, eta oso pozik eta gustura.

Nolakoa da zure lanegun bat?

Beharra dutenei ohetik altxatzen laguntzen diet, gosaria ematen diet, dutxan lagundu, sendagaiekin lagundu, errekaduak egiten dizkiet, arropak janzten laguntzen diet... Gero, nahi duenari, kalean paseo bat ematen laguntzen diot. Badago baten bat ere etxeko lanak egitea eskatzen duena, eta apur bat laguntzen diet, bai. Dituzten beharren arabera izaten da, baina, orokorrean, laguntza eskaintzea eta ematea da gure eginbeharra.

Enpresa batendako egiten duzu lan, ezta?

Hori da; Gizadi enpresan, hain zuzen ere. Eta Aretxabaletako Udalak enpresa hau kontratatu du mendekotasunen bat dutenei arreta emateko. Oso gustura nago lanean. Hobetzeko marjina beti dago, baina egia da enpresa batendako lan egitea, kontratuarekin, luxua dela lanbide honetan. Gehienak emakumeak gara enpresan, baina azken urteetan gizonen bat eta beste ere hasi da lanean. Nabaritzen da aldaketa txiki bat.

"Adineko gero eta jende gehiago dago, eta gaixorik daudenak ere artatu behar dira"

Dagoen beharra asetzen dute gaur egun erakundeek?

Erakundeek esku-hartzea izan beharko lukete gai honetan. Azkenean, enpresa pribatuek eskaintzen dituzte zerbitzuak. Entitate publikoek eraman beharko lukete zuzenean hau guztia. Foru Aldundiaren eskutik ordu batzuk eskaini daitezke etxebizitza bakoitzean, eta ez dira izaten, sarritan, behar dituztenak. Beraz, ordu batzuk Aldundiak edo udalak eskaintzen baditu, eguneko beste orduetan zer gertatzen da? Hor sartzen dira, askotan, ezkutuko ekonomia eta kontraturik gabeko langileak. Eguneko zentroak lan handia egiten ari dira, adibidez, gabezia horiek asetzeko. Hala ere, ez dira nahikoa. Nik ez dakit zein den irtenbidea, baina beharra handitzea doala nire begiekin ikusi dut.

Etxe askotan sartu zara urte luze hauetan...

Jende askorekin egon naiz, bai. Alzheimerra dutenekin, minbizia dutenekin, itsuekin, aulki gurpildunean daudenekin... Egia esan, jende asko ezagutzeko aukera ematen du lanbide honek, eta hori ere bada lan honek duen alde polita. Gaixotasunak, adimen urritasuna eta behar bereziak dituzten umeak eta gazteak zaintzea ere egokitu zait.

Bakarrik bizi den jendea izan ohi da?

Batzuetan, bai, baina denetarik dago. Adibidez, egun hauetan artatzen nabilen gizona bakarrik bizi da. Baina baita bikote nagusiekin ere egoten naiz. Hau da, senarra edo emaztea ere nagusia denez, ezin du hark artatu, eta gu joaten gara laguntzera. Egia da gaur egun bakarrik bizi diren bikote nagusi asko eta asko dagoela. 80tik gorako nagusiak, bakarrik moldatu ezin direnak... Seme- alabak lanean dituzte, gainera, eta ezinezkoa da behar den arreta eskaintzea. Adineko gero eta jende gehiago dago, eta gaixorik daudenak ere kontuan hartu behar dira artatzeko orduan.

 

"Harro sentitzeko moduko lanbidea da"

DORIS VILLAMAN Etxeko langilea eta tabernaria.

(Argazkia: Josu Bilbao Atxutegi)

2011n, Oñatin zuen familiarengana etortzea erabaki zuen Doris Villamanek. Etorri, eta etxeko lanen sektorean murgildu behar izan zuen dominikarrak.

23 urterekin heldu zinen Oñatira. Dominikar Errepublikan Kontabilitate ikasketak burutu zenituen...

Eta ez didate askorako balio izan hemen. Arazoak jartzen dituzte tituluak bateragarri egiteko. Heldu nintzenean, tabernak garbitzen hasi nintzen, kontraturik gabeko lan ugari, nagusiak zaintzen nituen aste bukaeretan, etxeak garbitu... Apurka, hobetzen joan naiz. Baina hasierako hilabetea gogorra egin zitzaidan, ez nuelako nire ikasketekin bat egiten zuen lanik aurkitzen. Apurka, lan txikiak egiten hasi nintzen, garbiketa eta zaintza lanetan.

Gaur egun, hainbat lan uztartu behar dituzu aurrera egiteko, ezta?

Supermerkatuetan lan egiten dut, taberna bat kudeatzen dut, eta, gainera, etxeko lan batzuk egiten jarraitzen dut; elkarte gastronomikoa garbitzen, hain zuzen. COVID-19aren krisiaren ondorioz, tabernak itxita egon behar izan zuen denbora luzez, eta elkarte gastronomikoa ere bai; egoera zaildu egin zitzaidan. 2 urteko semea dut, eta bai edo bai lan egin behar dugu etxean aurrera egiteko. Egunero, goizeko seietan hasi eta tabernan 23:00 aldera bukatzen dut...

Barneko zaintzaile ere ibili izan zara urte luzez...

Gizon bat zaintzen hasi nintzen. Hiru urte eman nituen, eta, gizona hil ostean, haren emaztea ere zaindu nuen. Gero, zorte handia izan genuen bikotekideak eta biok, nagusi bat zaintzeko barneko langile ibili ginelako biak batera. Etxe berean bizi ahal izan ginen. Bost urtez egon ginen barneko langile biak; oso gustura, egia esateko. Ez genuen egun librerik, baina oso gustura egon ginen.

"Zaintza edo garbiketa lanak egiteagatik gutxietsi egiten gaituzte batzuek"

Zaintza lanak egitea uste baino gogorragoa da?

Ez da lan erraza. Kanpotik ikusita, erraza dela eman lezake, baina mentalki nahiko zaila da; batez ere, gaztea bazara. Zaintzen duzun pertsonaren araberakoa ere bada... Egia da gizarteak ez duela lan hau begi onez ikusten. Eta edozein ez da ausartzen lan hau egitera. Niri inoiz ez dit lotsarik eman nagusiekin paseoan irteteak. Harrotasuna ematen dit, eta, gainera, pertsona horiei estimu handia hartzen diezu. Nik ondo gordetzen ditut zaindu ditudanekin ateratako argazkiak. Zaintza lanak egiteagatik edo etxe bat garbitzeagatik gutxietsi egiten gaituzte batzuek. Harro sentitu beharko genuke.

Inoiz gutxietsita sentitu zara egindako lanagatik?

Noizbait gertatzen da, bai. Arrazakeria dago oraindik, eta azalaren kolorearen arabera ez zaituzte kontratatzen edo hartzen. Garbitzaile edo zaintzaile izateagatik ematen du ez duzula eskubiderik. Zenbat langile daude Gizarte Segurantzatik kanpo? Aitortzarik ez izateak hori dakar...

Garbiketa lanak egiten jarraitzen duzu. Zaintza lanak egitera itzuliko zinateke?

Nik, badaezpada, soziosanitario titulua atera dut, badakidalako, agian, noizbait berriro egokituko zaidala nagusiren bat zaintzen lan egitea. Eta bueltatzen banaiz, baloratuago sentitzea espero dut horri esker.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak