Baso suteen larrialdi plan berezia aktibatu du Jaurlaritzak

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 15a, 13:11

"Gaur arte ezagutu ez dugun" baso suteetarako larrialdi plan berezia aktibatu du Iñigo Urkulluren gobernuak. Iragarpenen arabera, egungo tenperatura altuei eta lehorteari hego-ekialdeko haize boladak gehituko zaizkie domeka arratsaldetik aurrera. Neurri murriztaileak ezarriko ditu Jaurlaritzak; aurreikuspenen arabera, domekatik aurrera Debagoienean.

"Alerta fasean geunden, baina emergentzia egoerara pasa gara". Hala ekin dio Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak datozen egunetan izango den baso sute arriskuak deskribatzeko eta hartu dituzten neurriak azaltzeko egin duten prentsaurrekoari. Araban aktibatuta zegoen alerta egoera, baina Bizkaia eta Gipuzkoara zabaldu dute datozen egunetarako.

Azken egunetako tenperatura altuek bere horretan jarraituko dute datozen egunetan, eta baso sute arriskua "asko hazten" duen beste faktore bat izango da igande arratsaldetik aurrera: haizea. Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunaren hitzetan, "igande arratsaldetik aurrera izango dira arazo larrienak, haize bolada indartsuak baitaude aurreikusita". Meteorologoak jakitera eman duenez, "aurreikusita dauden hego-ekialdeko ufadek arriskua biderkatzen dute". "Gutxienez" martitzen goizera arte "kezkatuta" egoteko egoera dela ohartarazi dute.

Neurri bereziak

Hala, "gaur arte ezagutu ez dugun" baso suteetarako larrialdi plan berezia aktibatu du Iñigo Urkulluren gobernuak. Gartziak azaldu duenez, Euskalmeten iragarpenen eta baso suteen kolore abisuen arabera ezarriko dira neurriak –tenperaturaren inguruan ezarritakoek ez dute eraginik murrizketetan–.

Abisu laranja ezarrita dagoen tokietan, suaren erabilera, sua eragin dezaketen baliabide guztien erabilera –makinaria, adibidez–, piroteknia, barbakoa eta abarrak debekatuta egongo dira eguneko ordu jakin batzuetan; baita asfaltatu gabeko bideetan gasolinadun ibilgailuak erabiltzea, lanpostura edo ohiko bizilekura joateko ez bada. Euskalmetek berak adieraziko du zeintzuk diren neurriak aplikatzen diren ordu tarteak. Alerta gorrian dauden eremuetan, aldiz, egun osoan aplikatuko dira murrizketak.

Horrez gain, Gartziak jakinarazi du arau hausteak zigortuak izango direla; falta larria egiteak 30.000 euroko isuna izan dezake, eta 600.000 euroko isuna jaso dezake herritar batek arau-haustea oso larria bada. Ertzainek zein udaltzainek izango dute salaketak jartzeko eskumena.

Bailarako abisuak

Euskal Meteorologia Agentziaren uneotako iragarpenen arabera, Debagoienan ez dira neurriak aplikatuko domekara arte. Hots, egubakoitz eta zapatuan abisu horia dago baso sute arriskuengatik, baina alerta maila hau duten eremuetan ez dira neurriak aplikatzen. Domekarako, ordea, bestelakoa da iragarpena, alerta laranja baitago ezarrita. Bide horretan, "herritarrei zuhurtziaz jokatzeko eta prebentzio neurriak areagotzeko" eskatu die segurtasun sailburuordeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak