40 graduren bueltako tenperaturak espero dira datozen egunetan Debagoienean

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 14a, 13:22

Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera, datozen egunetan joko du goia bero olatuak; termometroek 40 graduko langa igarotzea aurreikusi dute domeka zein astelehenerako. Hala, Euskal Meteorologia Agentziak hainbat abisu hori zein laranja ezarri ditu tenperatura altuengatik.

Espainiako Meteorologia Agentziak 1920tik ditu bilduta fenomeno meteorologikoen datuak; bide horretan, baita historikoki probintziaka erregistratutako tenperatura maximoak ere. Gipuzkoari erreparatuta, 2022ko ekainaren 18an neurtu zen Hondarribiko aireportuan inoizko baliorik altuena: 43,5 gradu –1968an Legazpin erregistratutako 43 graduak ziren ordura arteko maximoa–. Datozen egunetan asko hurbilduko dira termometroak muga horietara, baita Debagoienean ere.

35-36 graduren bueltan izango dira tenperatura maximoak eguen eta egubakoitzean. Baina asteburua iristearekin batera, goia joko du bero olatuak. Aurreikuspenen arabera, zapatuan 39 gradura helduko dira termometroak, eta domeka zein astelehenean 40 gradutik gorako tenperaturak espero dira bailarako hainbat herritan. Elgetan, Eskoriatzan eta Leintz-Gatzagan salbu, 42 graduko balio maximoak izango dira astelehenean AEMETen arabera. Martitzen eta eguaztenean arintzera egingo du beroak, termometroak 30 gradutik jaitsiko ez diren arren.

Bost abisu, zapatura arte

Euskal Meteorologia Agentziak hiru eguneko aurrerapenarekin ezartzen ditu alerta egoerak; ondorioz, bero olatuak goia joko duen domeka eta asteleheneko abisuak ez dituzte jakinarazi oraindik. Hala ere, gaurtik zapatura arte bost alerta egoera daude ezarrita.

Gaur bertan tenperatura altu iraunkorragatik dago ezarrita abisu horia. Bihar arrazoi berdinagatik zein 14:00etatik 20:00etara espero diren muturreko tenperatura oso altuengatik. Azkenik, zapaturako beste bi abisu ezarri ditu Euskalmetek; horia tenperatura altu iraunkorragatik, eta laranja 13:00etik 21:00etara espero den muturreko beroagatik.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak