Asteburua uretatik gertu pasatzea erabaki dute hainbat debagoiendarrek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko uzt. 11a, 15:51

Eguzkitsua eta beroa izan den asteburu honetan debagoiendar askoren aukera izan da bainutokietara joatearena. Askok hondartza aukeratu badute ere, izan da herrian bertan edo bailaran freskatzearen aldeko apustua egin duenik.

Musakolako kiroldegian, esaterako, jende asko elkartu zen zapatu arratsaldean. Familiak gehienak, baina baita gaztetxo asko ere. Aurten, gainera, sarreran jarri duten txosnak ikusmina piztu du erabiltzaileen artean. Udalak irabazi asmorik gabeko Amerika elkarteari eman dio aukera txosna kudeatzeko. "Lan egiteko gogoekin ikusi gaituzte, gure erronkei aurre egiteko gogoekin. Horregatik eman digute hemen lan egiteko aukera. Elkartearentzat pizgarri bat izango da, eta gu oso gogotsu gaude lanerako", adierazi du txosnako langile Jennifer David-ek.

Musakolako igerilekuetan, asteburu mugitua

Lanerako gogotsu bai, baina igerilekuetako txosna bat egunero egon beharko da eguraldiari begira: "Oso erlatiboa da… Gaurkoa moduko eguraldi oso ona egiten duenean bezerorik ez zaigu falta baina eguraldi txarra dagoenean txosna barruan eserita egon behar…"

Askotariko litxarreriez eta izozkiez gain, pintxoak eta pizzak ere eskaintzen dituzte txosna berrian; ostalaritzan hasiberriak izan arren, lanerako ilusio handiz daudela diote.

Usakon bisitari gutxi

Usakok, berriz, bisitari gutxi izan ditu asteburuan. Ekoli deritzon bakteria izan zen protagonista ekaineko egunik beroenetan eta badirudi batzuk oraindik ez direla ohartu Oñatiko altxorra erabilgarri dagoenik. Sorosleak iraileko bigarren asteburura arte egongo dira Usakon egunero, arratsaldez. Sorosle bat arratsaldeko hiruetatik bederatzietara eta beste bat lauretatik zortzietara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak