Imanol Ituiñori elkarrizketa, bat-batean

Txomin Madina Milikua 2022ko uzt. 12a, 10:35

89ko uztako bilbotarra mago profesionala da: hainbat ikuskizun eta formatu lantzen ditu eta umorea ere badu publikoa liluratzeko modua. Hona PUNTUAko uztailaren 8ko alerako egindako elkarrizketa. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Magiatik bizi nahi duenak magiaz ala malabarismoaz jakin behar du gehiago?

Gaur egun, nork ez du magia egiten bizitzeko? Askotan galdetzen didate, denbora guztian ikuskizunekin- eta ibilita, ea ez den bizitza zaila. Baina hainbeste gustatzen zait, eta hainbeste gozatzen dut, hau da aukeratu dudana. Ez dut niretzat beste bizitza bat irudikatzen.

Txan magoa, David Copperfield ala Harry Potter, zein izan zen magiara bultzatu zintuena?

Txan magoa euskal magoendako erreferente bat da; gogoratzen dut gaztetxoa nintzela Copperfield ikusten nuela telebistan; eta ez dut esango eragina izan zuenik, baina bai, nerabezaroaren atarian nengoenean Harry Potter ere hor zebilen. Nire betaurrekoekin eta kopeta-ilearekin, gainera, antza ere hartzen zidaten! Magia betidanik gustatu ian zait. Umetan Magia Borras kaxa bat oparitu izana mugarri bat izan zen, eta gero, 14 urterekin, Bizkaiko Magoen Elkartean izena eman eta gauza asko ikusi eta ikasi nituen.

Egiten duzun magia kategoria batean sartu beharko bazenu, zein izango litzateke hori?

Oso zurrunak ez diren arren, magia badago kategoria batzuetan banatua eta nik egiten dudana aretoko magia dela esan daiteke: toki ez oso handietan eta objektu txiki zein ertainekin egiten dena. Eta beti, umore puntu batekin.

Magian dena dago asmatuta?

Alor askotan esaten da hori: zientzian, artean... Oso zaila da trikimailu bat hutsetik asmatzea, baina zaila den moduan liburu bat idaztea beste liburuetako inongo erreferentziarik gabe. Baina egin, egin daiteke.

Umeak edo helduak dira publiko zailagoa?

Umeak, noski! Pentsa, ume batek uste du Gabonetan gizon potolo bat tximiniatik sartzen dela opariak uztera haren zuhaitzaren ondoan. Eta ume horrek, akaso, tximiniarik ere ez du! Harentzat hori da magia, ez mago batek bosteko urrea asmatzea! Umeak harritzea oso zaila da, ez dituztelako helduen garapen logikoak egiten eta magook horixe egiten dugulako, logika hori hankaz gora jarri.

Zenbat denbora eskaintzen diozu egunean magia kontuetan entrenatzeari?

Jendeak uste du magook oso abilak garela eskuekin, baina ez du zertan. Dena ez da hori trebatzea: irakurri egin behar da, batzuetan trikimailua zerbait psikologikoa da, edo trikimailu mekaniko bat... Ikasi egin behar da, baina ez nuke zenbat denbora esaten jakingo, errutina barik une oro nabilelako magia ikasten. Oraintxe bertan magiaren inguruko liburu bat dut eskuartean irakurtzeko.

Zein izan da magia egin duzun tokirik bereziena?

Dentista baten itxarongelan izan zen, itxaroten zeudenak entretenitzeko kontratatu ninduten. Ondo joan zen, aho zabalik utzi nituen!

Trikimailu batek huts egiten duenean, nola ematen diozu buelta egoerari?

Publikoak ez dakienez nola bukatu behar duen trikimailuak, magoak inprobisatu egin dezake, beste bide bat hartu eta beste amaiera bat eman. Askotan galdetzen didate ea inoiz ere ez dudan hutsik egiten, eta noski egiten dudala! Baina badaude huts horiek makillatzeko erremintak. Beste batzuetan, aldiz, hutsa hain da hain handia, ez du konponbiderik.

Magian zer-nolako maila dago Euskal Herrian?

Maila badago, eta modan dagoela ere esango nuke. Badago belaunaldi gazte bat gauzak egiten dabilena, lehiaketetara aurkezten dena, ikuskizunak egiten dituena... Harrobia dago.

Euskal Herriaz eta magiaz ari garela, zein da zuretzat Euskal Herriko txoko magikoena?

Dudarik gabe, oraintxe bertan nagoen toki hau: Gure Zirkuaren karpa.

Ahalko bazenu, zer desagerraraziko zenuke benetan?

Hainbat politikari, eta baita egungo egoera arraro hau, bukaezina dirudien krisi hau eragiten duen eta bakean bizitzen uzten ez gaituen esku beltza ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak