Ehun urte bete dira Telesforo Aranzadik, Jose Miguel Barandiaranek eta Enrique Egurenek Exploración de diez y seis dólmenes de la sierra Elosua-Plaentzia lana argitaratu zutenetik. Orain, jarraipena emateko asmoz, Elosua- Plazentzia liburua kaleratu du Aranzadiko historiaurreko arkeologia taldeak, Jesus Tapia arkeologoa buru. Barandiaranek eta Egurenek egindako esplorazio-lan haren azterketa zehatza egin du, monumentu megalitikoetako batzuk indusiz, eta orain arte aurkitu ez diren aurkikuntza eta material berriak argitara emanez. "1922ko liburua egin zutenei omenaldi bat da oraingo hauxe. Gure ekarpenak jaso ditugu, baina Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek hasitako bideari jarraiki. Guk herentzia bat jaso genuen, eta hori babestu, zaindu eta aberastu egin behar dugu; gure ondorengoek guk utzitakoarekin egin beharko luketen moduan", esan du Tapiak.
Ehorzte-errituak
Muskiritzu mendilerroa Gipuzkoako mendebaldean dago, Deba ibaiaren ibilbidearen erdi inguruan. Mendebaldeko magalean Soraluze (1343) udalerria dago, ekialdeko magalean Elgoibar (1346) eta hegoaldekoan Bergara (1268). Hiru udalerri horietako muga ez ezik, haranen arteko pasabidea eta barnealdeko lurraldeen itsasorako irteera naturala izan da. Adibidez, bertatik pasatzen zen Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen zituen bide nagusia, Soraluzetik sartu eta Deba ibaia zeharkatuz, gorantz, Urolara sartzeko. Neolitoan eta Brontze Aroan, giza taldeek paisaiaren mugarri nagusi ziren halako mendilerroak aukeratzen zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi duten ondarea haien antzinako kulturako ehorzte- errituekin lotuta dago.
Elosua-Plazentziako estazio megalitikoa osatzen duten trikuharriak eta tumuluak ondare horren zati dira, eta Karakateko (749 metro), Irukurutzetako (898 metro) eta Agirreburuko (857 metro) tontorrek marrazten duten mendilerroan sakabanatuta daude. "Ondare aldetik leku aberatsa da. Gipuzkoako beste leku batzuetan ere badaude dolmen multzo trinkoak, baina, Elosua- Plazentzia mendilerroa zorrotza izan arren, oso ondo antolatuta eta sakabanatuta daude elementuak; izan trikuharriak, tumuluak edo zutarriak. Eta, paisajistikoki, gune zoragarria dela esango nuke. Euskal Herri osoa ikus daiteke. Nik ez nuen ezagutzen, Manu Zeberiorekin lanean hasi nintzen arte. Merezi du".
Sailkatutako Kultura Ondasun
PR Gi-94 nomenklaturarekin ezagutzen den Dolmenen Ibilbidea jarraituz, Deba eta Urola bailaren arteko igarobidea izan zen lurrak ezagutzeko aukera dago. Alegia, mendia eta natura talaia beretik ikusteko aukera.
Ibilbidearen ardatza Karakate-Agerreburu arteko banalerroan zeharreko bidea da. Mendilerro horretara Bergaratik, Soraluzetik eta Elgoibartik igo daiteke. Bergaratik abiatuta, Arane auzoan hartuko behar da bidea. Haendik Soraluzeraino edo Elgoibarreraino joan daiteke. Beste aukera bat da ibilbide zirkularra egitea, eta berriro Bergarara itzuli, Aizpuruko saihesbidea aprobetxatuz. Dolmenen Ibilbideak (PR-Gi 94) 20 kilometro ditu, guztira. Horietako hamaika Karakate-Iturriberri mendilerroari dagozkio, ibilbide erraza eta malda txikikoa, familian egiteko aproposa.
Gainontzeko bederatzi kilometroak hiru udalerrietatik igotzen diren ibilbideenak dira. Mendilerroan historiaurreko monumentuak ikus daitezke: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak, trikuharriak eta zutarri bat. Hain justu ere, Kerexetaegia Iparrekoa, Kerexetaegia Hegokoa, Maurketa, Frantsesbaso, Agirreburu eta Irukurutzeta, Bergarako lurretan; Kerexeta, Azkoitian; Arribiribilleta, Bergaran eta Elgoibarren; Kurutzebakar eta Aizpuruko Zabala, Soraluzen eta Bergaran; eta Gizaburuaga, Idoia, Sabua, Atxolin, Atxolin Txiki I, Atxolin Txiki II, Azkoin, Pagobedeinkatu eta Nasikogoena, Soraluzen. Horiek guztiak, katalogatuta, sartu dituzte Tapiaren liburuan, megalito bakoitzaren deskribapenarekin: izena, kokapena, babesa, aurkikuntza- urtea eta indusketa-urtea. Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa Sailkatutako Kultura Ondasun izendatuta dago.
Bisita gidatuak
Brontze Arotik sortzen eta eraikitzen joan den estazio megalitikoa ezagutu ahal izateko bisita gidatuak egiten dituzte. Bederatzi kilometroko ibilaldian zazpi monumentu megalitiko bisitatzen dira, lau bat orduko mendi ibilaldia osatuz. "Bisita gidatuak Karakaten hasten dira eta Irukurutzetaraino iristen dira. Indusita dauden elementuetan egiten dira geldialdiak: Gizaburuagan, Sabuan, Arribiribilletan eta Irukurutzetan", esan du Debegesako turismo teknikari Ane Osorok.
Hurrengo bisitak egingo dituzte uztailaren 12n, gazteleraz; abuztuaren 15ean, gazteleraz; irailaren 25ean, euskaraz; urriaren 2an, gazteleraz; eta urriaren 9an, euskaraz. Horietakoren batean parte hartzeko, aurrez eman behar da izena, 667 79 46 77 telefonoan edo info@begi-bistan.com helbidean.
Testigantza
"Arkeologia lanak ez dauka bukaerarik"
JESUS TAPIA Aranzadiko arkeologoa.
Aranzadik maiatzaren 29an hasi zituen indusketa lanak Kurutzebakarren eta Maurketan.
Nola doaz indusketak?
Bi horiek indusi zituzten aurretik Barandiaranek, Egurenek eta Aranzadik. Kurutzebakarri buruz hainbat datu eman zituzten: diametroa eta nolako eraikin mota zen, besteak beste. Indusketan historiaurreko pieza bakar bat aurkitu zuten, kuartzo-kristal bat –gatzarria–, Aro Modernoko materialekin batera –fusil-harri bat, bala bat–. Guk harago joan gura dugu: Kurutzebakarrek ez dauka ganbararik. Hori badakigu, baina ikertu dezagun tumulua zein teknikarekin eraiki zen. Harriak nola ipini zituzten, adibidez.
Eta aurkikuntza berririk egin duzue?
Bai. Tumuluaren gainean botatako lurretan topatu ditugu historiaurrean eskuz egindako loreontzi baten zatiak. Trikuharria arpilatu zutenean, lurra bota zuten tumuluaren gainean, eta hor topatu ditugu zatiak. Horrek balio digu duela 100 urte egindako indusketa- lanari datuak gehitzeko, eta ikerketa hura osatzen joateko. Ahaleginduko gara ikatz- laginen bat aurkitzen, trikuharria tapatzeko.
"Erantzun beharreko hainbat galdera sortuko ditu guk utziko dugun lanak"
Arkeologian egiten dituzuen aurkikuntzak beste batzuen osagarri izaten dira, orduan?
Bai. 1921ean Kurutzebakar eta Maurketa indusi zituztenean, garaian garaiko galdera batzuei erantzuna topatzeko adina datu eta elementu topatu zituzten. Gaur egun, beste galdera batzuk sortzen dira, haiek egindako planteamenduari esker, eta guri dagokigu erantzunak topatzeko lana egitea. Arkeologia lanak ez dauka bukaerarik. Oraingo aurkikuntzarekin ez dugu orain aurrekoa gezurtatzen. Bateragarriak dira.
Hortaz, zuen ondorengoek ere badute lana.
Bai. Guk utzitako lanak sortuko ditu hainbat galdera, eta erantzun bila joan beharko dute. Beste metodologia batekin, segur aski, baina erantzun bila.
Dolmenen ibilbideko elementuetako batzuk
Gizaburuaga. Neolito-Brontze Aroko trikuharria da, K.a. 4000- 1500 artekoa. Atxolin eta Karakate artean, Idoiatik ipar- mendebaldera dagoen zelaigune batean dago.
Kerexetaegia Hegokoa. K.a. 3200-1500 arteko dolmena, Kalkolito-Brontze Arokoa. Bergarako lurretan dago, Leiopago mendiko zabalgune batean, Azkoitiko mugatik gertu.
Arribiribilleta. Neolito-Brontze Aroko monolitoa da. K.a. 4000- 1500 artekoa. Bergarako lurretan dago, Kurutzezarra izeneko gailurrean, Bergara eta Elgoibar arteko mugan.
Sabua. Brontze-Aroko tumulua da, K.a. 2000-1000 artekoa. Idoia eta Atxolin artean dago, azken horretatik ipar-mendebaldera, Elgoibar eta Soraluzeko lurretan, hain zuzen.
Agirreburu. Kalkolito-Brontze Aroko dolmena da, K.a. 3200- 1500 artekoa. Bergarako lurretan dago, Elosutik Agirreburuko antenaraino igotzen den errepidetik hamahiru metrora.
Frantsesbasoa. Neolito-Brontze Aroko dolmena da, K.a. 4000- 1500 artekoa. Azkoitiko eta Bergarako lurretan dago, Elosumendi eta Sorusaitza artean, izen bereko lekuan.
Aizpuruko Zabala. Neolito- Brontze Aroko dolmena da, K.a. 4000-1500 artekoa. Bergarako eta Soraluzeko lurretan dago, Kurutzebakarreko hegoaldeko magalean.
Irukurutzeta. Neolito-Brontze Aroko dolmena da, K.a. 4000-1500 artekoa. Bergarako lurretan dago, Irukurutzetako gailurraren ondoan, ipar- mendebalderako lepoan.
Maurketa. Neolito-Brontze Aroko tumulua da. K.a. 4000-1500 artekoa. Bergarako lurretan dago, Maurketa lepoan, Frantsesbaso eta Leiopagoaren arteko zabalgune batean.