Hamar lagun diplomatu dira ikasturteon Artzain Eskolan

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko eka. 23a, 16:11

Tartean da Alberto Royo eskoriatzarra; Migel Maiztegi eta Maria Luisa Moiua omendu dituzte ekitaldian.

Eguerdian egin dute Arantzazuko Artzain Eskolan ikasturte amaierako ekitaldia. Alberto Royo eskoriatzarrak eta beste bederatzi lagunek jaso dituzte bertan diploma, makila eta txapela. Oraingoarekin, 25 ikasturte bete ditu Gomiztegiko eskolak; mende laurden ikasleak artzaintzarako "gaitzen" eta jarduera bera "modernizatzen" eta "gaztetzen", arduradunek adierazi dutenez. 300 ikasletik gora pasa dira urte hauetan Arantzazutik.

Aurtengo ikasturtean aurrekoetan baino formazio eskaintza zabalagoa izan dute Artzain Eskolan; teoria ordu gehiago eman dituzte, eta berriak gehitu zaizkie ohiko moduluei –prozesu osoa lantzen dute, animaliatik hasi eta esneki salmentara arte–, digitalizazioarekin, ekoizpen ekologikoarekin eta terapia alternatiboekin lotuta, besteak beste. Alderdi praktikoa ere landu dute, betiko legez, eta, lehen aldiz, bederatzi hilabeteko iraupena izan du ikastaroak.

Ikastaroa egin duten hamar lagunetatik zazpi 31 urtez azpikoak dira, eta lauk ez dituzte oraindik hogei urte. "Datu horiek erakusten dute nolako lan garrantzitsua egiten duen Arantzazuko eskolak euskal ardi eta ahuntz sektorea gaztetzen, belaunaldi aldaketa bermatzeko; hori izan zen duela 25 urte eskola martxan jartzeko arrazoi nagusietakoa", adierazi dute arduradunek. Aurtengo hamar ikasleetatik seik, gainera, dagoeneko badute euren artaldea.

Ekitaldian diplomak banatuta, omenaldia egin zieten Goiko-Benta ostatuko Migel Maiztegi eta Maria Luisa Moiuari, "artzaintzaren alde egindako lan handiagatik eta Artzain Eskola laguntzeko erakutsitako prestutasunagatik".

Horrekin batera, Jaime Zubia kazetariak artzaintza balioesteko egindako lana ere goraipatu zuten –Onda Vasca irrati kateko Baserria saioa zuzentzen du egun–.

Protagonisten berbak

Alberto Royok adierazi du "asko" ikasi dutela ikasturte honetan. Eskolara joatea zer dela-eta erabaki zuen galdetuta, berriz, hauxe erantzuna: "Krisiarekin eta gerrarekin-eta ikusten da lehen sektorea oso garrantzitsua dela, eta neure ekarpena egin nahi dut".

Migel Maiztegi eta Maria Luisa Moiua, berriz, "oso gustura" agertu dira jasotako omenaldiarekin. Beti izan dituzte ikasleak praktiketan eurenean, eta Artzain Eskolarekin "sektoreak asko irabazi" duela adierazi dute. Pozik agertu dira artzain ikastera joandako "horrenbeste gazte" ikusita.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak