Deba ibaiaren gainean eraiki ziren herriak, jarduera industrialerako funtzio garrantzitsua betetzen baitzuen. Metalgintzara dedikatutako olek eta errotek uraren mugimendua baliatzen zuten energia sortzeko; horren erakusle dira gaur egun oro har eginkizunik betetzen ez duten presak, ura abiadura bizkorragoan mugitzea ahalbidetzen zutenak. Gaur egun, berriz, arrainen biziraupenerako oztopo baino ez dira, eta instituzioak kontziente dira presak eraistea lehentasunezko kontua dela.
Uraren Euskal Agentzian gertutik jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko ibaien kalitatearen bilakaera, eta, hidrologia plangintzako arduradun Iñaki Arrateren esanetan, "sekulako lana dago oraindik egiteko, ehunka oztopo baitira kendu beharrekoak". Deba arroan hasiak dira lanekin: "Beheko tartetik gorakoa izango da prozesua, izokina itsasotik sartu dadin errekara; kostaldeko eta Eibarko Ego errekaren arteko zatia iragazkor dago, gutxi gorabehera, baina hortik gora, Debagoienean, uretako espezieek igarotzeko zailtasun handiak dituzte".
Iritzi berekoa da Debagoieneko basoak zaintzeaz arduratzen den Jon Ugarte oñatiarra. Dioenez, datozen urteotan "diru asko" jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu horietan. Ezbairik gabe lagunduko dutela Deba ibaiko bioaniztasuna ugaritzen, 2008an eta 2011n ireki ziren Mekolaldeko (Bergara) eta Epeleko (Arrasate) araztegien instalakuntzek lagundu duten moduan. Bada zer hobetu, ordea, arlo horretan. "Bi araztegi horiek martxan daudenetik uraren kalitatea nabarmen igo da, baina Aramaio eta Antzuolako sistemek ez dute ura horren ondo garbitzen", dio Ugartek. Zerrendan Elgetakoa gehitu du Arratek: "Ubera errekaren saneamendua egiteko dago, Antzuolako nukleoa Bergarako araztegiarekin konektatzea falta da eta Aramaion araztegiaren proiektua badabil lantzen Arabako Foru Aldundia".
Araztegiekin, "hobekuntza ikaragarria"
Urak oxigeno faltarik ez izatea da, funtsean, araztegien helburua. Isurketa urbanoak dira arrainei arnasa hartzea eragozten dien motibo nagusia. "XX. mendean eta XXI. mendearen hasieran nitrogeno eta fosforo partikulak isurtzen ziren Deba ibaira, fabriketan eta etxebizitzetan sortutakoak. Ondorioz, gehiegizko nutriente horiengatik udetan eutrofizazioak gertatzen ziren; hots, algak jaiotzen ziren errekan, eta oxigeno kantitate handiak bereganatzen zituzten. Joera horri amaiera eman diogu Deban; ez, ordea, beste ibai batzuetan", azaldu du Arratek.
Jon Ugarte: "Proportzioan, Deba da Europa mailan arrainentzat oztopo gehien dituen ibaia"
Epeleko araztegia eraiki zenean, beraz, erabat aldatu zen uraren kalitatea: "Segituan hobetu zen, urtebete baino gutxiagoan. Ornogabe akuatikoak berreskuratzeko urte asko behar dira, baina Elorregin pare bat urteko tartean igarri genuen hobekuntza. Egia esan, gutxik uste zuten Deba hain azkar berreskuratuko zenik, estolda bat baitzen". Hori esanda, oraindik hobetzeko "marjina handia" ikusten diote URA agentziako teknikariek Debagoiena zeharkatzen duen ibaiari. "Debari dagokionez, Eibarko Ego erreka inguruan bakarrik topatu dugu kutsadura kimiko garrantzitsuren bat, eta han ere badugu urak garbitzeko proiektua martxan. Hala ere, Deba arroko goiko parteko datuak gustatuko litzaizkigukeenak baino okerragoak dira; arrainen populazioak justu samarrak dira, Oñatin eta Leintz Gatzagan datu hobeak eskuratzen ditugu".
Kuriosoa da nola aztertzen duten biologoek uraren kalitatea arrainen bidez. Arrantza elektrikoa praktikatzen dute, gorputz barruan duten metal eta toxikoen kopurua kalkulatzeko: "Deskarga elektrikoak sartzen ditugu uretan, arrainak hil beharrean paralizatu egiten dira eta euren pisua, tamaina... neurtzen ditugu. Gero, pare bat ale eramaten ditugu laborategira analitikak egiteko, eta besteak uretara doaz bueltan".
Hori horrela, espezie ziprinidoak dira gehien ikusten direnak, karpak eta loinak, adibidez, "uraren kutsadura hobeto toleratzen dutelako". Kontrara, izokina eta amuarraina, espezie salmonidoa izanik, gehiago kostatzen da ikustea.
Flora eta fauna, lotuta
Aldaketarik handiena, baina, landaredian gertatu da, itzal dezente irabazi baitu ibaiak floraren ugaritzeagatik. "60ko hamarkadan ateratako argazkiek erakusten dute lehen apenas zegoela begetaziorik; orain, berriz, errekaren zati handiena dago estalita izkinetatik", aipatu du Arratek. Bai hidrologia plangintzako arduraduna eta bai Debagoieneko basozaina ados daude gai horretan "egiteko asko" dagoela baieztatzerakoan; izan ere, landare espezie exotikoak autoktonoak baino gehiago daude, Ugarteren esanetan: "Alderantziz balitz, bisoia etorriko litzateke, seguru aski".
Animaliekin jarraituz, Urkulu inguruan hegaztien presentzia jaitsi egin dela konturatu da basozaina, eta ugaritu Debagoieneko baso eta erreka inguruetan, "ehizagatik kalte gutxiago sufritzen dutelako. Hala, martin arrantzalea ikus daiteke Deba ibaian noizbehinka, ur zozoa gorantz doa, koartza, ur oiloa eta ubarroia ibiltzen dira ur inguruetan, eta ahateak dezente igo dira".
Ibaiarekiko harremanari buruz
Garai batean, ehiztari gehiago aritzen ziren bailaran, eta berdina gertatzen zen arrantzaleekin. Gaur egun, hil gabeko arrantza praktika daiteke ibarreko erreketan, baina Oñatin, Zubillaga presatik San Pedro zubiraino, baimenduta dago arrantza librea, kuota bat ordainduta. Araudia gogortu izana, ordea, ez da, Ugarteren ustez, arrantza jarduera jaitsi izanaren kausa: "Azken 15 urteetan bailarako arrantzaleek itsasora joateko joera hartu dute. Gainera, arrantzan egin baino, jendeak mendira joateko, bizikletan ibiltzeko... ohitura hartu du".
Ura garbi ikustea, aldiz, premiazkoa da herritarrentzat. URA agentzian, behintzat, iritzi hori dute: "Inoiz baino abisu gehiago jasotzen ditugu isurketen berri emateko. Lehen, berriz, oso gutxi. Errekak orokorrean garbi daudenez, isurketa bat ezohikoa izan ohi da, eta jendeak, halakoak ikusterakoan, deitu egiten digu. Iraganean uraren kalitatea oso eskasa zenez, isurketa batek ez zuen atentziorik ematen. Esan dezakegu gizarteak errekari bizkarra emateari utzi diola".
Gipuzkoako ibaiak dira erkidegoan hoberen daudenak, Bizkaikoen eta Arabakoen aurretik
Debagoieneko basozainaren hitzetan, "jendea konturatu da erreka zaindu egin behar dela", baina badago oraindik hobekuntza txikiak egiteko marjina, eraikinetan eta azpiegituretan egiten diren obretatik hasita: "Arrasateko Uribe auzoan, adibidez, Mondragon Unibertsitatearen Gautxori esparrua urbanizatzen ari dira, eta komeniko litzateke bertatik pasatzen den Aramaio erreka errespetatzea. Izan ere, eraikin handien, autobideen eta Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza-proiektuek erreketan saneatzen dituzte hondakinak sarri".
Berreskurapena "oso ondo" doa
Esanak esan, baikorrak izateko argudioak mahai gaineratu ditu Arratek: "2021eko datuek esaten digute Eskoriatza eta Bergara arteko zatian uraren kalitatearekin lotutako baldintza minimoak betetzen direla. Gipuzkoan asko hobetu da ibaien egoera, azken urteetan jarritako araztegiei esker. Pentsa, Arabako erreken egoera kaskarragoa da, jende gutxiago bizi dela eta aktibitate industrial gutxiago dagoela kontuan hartuta".
Gipuzkoako Foru Aldundiak "duela urte askotatik" darama ibaiak berreskuratzearen aldeko jarraipena egiten, baina Deba ibaia "ez zen lehentasuna" araztegiak jarri aurretik, aurreikuspenen arabera, "urte piloa" beharko zituztelako bioaniztasuna ugaritzeko. "Baina sinestezina izan da nola egin duen uraren kalitateak hobera, eta horrek ondo goazela pentsarazten digu; izokina ere sartzen hasia da Gipuzkoako ibaien azpiko aldeetatik", ondorioztatu du URAkoak.
Testigantzak
"Eskuekin, sardexkekin... aritu izan naiz"
RAMON RAMILA Arrantzale ohia.
Arrasatearra ezaguna da ehiza eta arrantzaren munduan, txapelketa askotan parte hartu baitu, baita irabazi ere.
Nola aldatu da arrantzaren jarduera?
Lehen, jendeak jateko arrantzatzen zuen, askok pentsatzen zuten amuarraina bizirik baldin bazegoen jateko modukoa egongo zela, errekaren egoera nolakoa zen kontuan hartu gabe. Orain, legeak aldatu egin dira eta jakin beharra dago ze amu erabili toki bakoitzean, hilkorra ala ez hilkorra. Niri ez zait erraza egin moldatzea, baina ondo deritzot, ezkutuko arrantzaren aurka bainago. Nik zizarearekin arrantzatu izan dut beti, eta txikitan, eskuekin eta sardexkekin baita ere.
Ordu asko pasa dituzu errekan.
Astero pare bat aldiz joaten nintzen, gutxi gorabehera. Orain, jende gutxi ikusten dut, lehen baino gutxiago.
Deba ibaiari dagokionez, asko aldatu da?
Ez dakit datuek zer esaten duten, baina, nire ustez, erreka ez dago garbi. Oraindik isurketak egiten dira; agian, ez lehen bezainbeste, baina San Andres auzoko zatitik noizean behin ezohiko kolorearekin pasatzen da ura. Egia da jendeak jarrera aldatu duela, lehen autoa garbitzeko erabiltzen baitzuten ura, esaterako. Faunari dagokionez, azken urteetan ur zozoa etorri dela konturatu naiz. Leitzaranen, Altsasun... arrantzatzen nuenean ikusten nituen ur zozoak, baina gune industrialetan sekula ere ez. Bada zerbait!
"Ibaia turismoa da zaintzen den tokietan"
ASIER ROSADO Arrantzalea.
Elorregi auzoan arrantzatzen zebilela erantzun ditu galderak arrasatearrak.
Nola dakizu ze partetan egon daitezkeen arrainak?
Eltxoak dauden ala ez begiratuta. Eguerdietan eklosioak gertatzen dira; hau da, urazpiko larbak gora igo eta eltxoak jaiotzen dira. Zubillagan, esaterako, dezente daude, eta euli-arrantza praktikatzen dut. Baina Deba ibaian ez dut eltxo askorik ikusten; horrek esan nahi du ur azpian ez dagoela bizitza handirik. Arrain txikiak, behintzat, badabiltza, eta horrek lasaitu egiten nau, amuarrainen elikagaiak direlako. Baina iaztik hona asko jaitsi da amuarrainaren presentzia. 2018an, adibidez, arrain mordoa zeuden.
Kopuruz aldaketa dezente gertatzen dira urte batetik bestera, ezta?
Amuarrainak Deban ez dira oso egonkorrak. Presa guztiak botata nabarmen sartuko lirateke itsasotik, izokina barne. Basozain gehiago jarrita, akaso, hobera egin dezake egoerak. Modu horretan, zorrotzago kontrolatuko litzateke nork egiten duen baimendutako arrantza eta nork ez. Aragoi aldera sarri joaten naiz eta han serioago zaintzen dituzte errekak; azken finean, turismoa sustatzeko balio die.
Aldea dago, beraz.
Badakit hemen batzuek arrantzatutakoa etxera eramaten dutela. Herritarrok ez badugu erreka zaintzen, agintariek ez dute zainduko. Kirol bezala hartu behar da arrantza.
"Kale aldean amuarrainak ikusten dira"
UNAI ETXEBERRIA Arrantzalea.
Jendeak errekari bizkarra gero eta gutxiago ematen diola uste du 8 urte zituenetik arrantzatzen duen bergararrak.
Errekaren gaineko gero eta kontzientziazio handiagoa al dago?
Esango nuke baietz. Egia da 50 urtean Deba ibaiari bizkarra ematen aritu garela; ondorioz, askok ez dute bioaniztasunari erreparatzeko joerarik. Beraz, kale inguruan arrantzaleren bat ikusten dutenean, harritu egiten dira; are gehiago, amuarrainen bat harrapatzerakoan. Araztegiak jarri zituztenetik asko hobetu da bioaniztasuna, eta erreka garbitzeko kontzientzia ere piztu da. Aurten, hamargarren aldiz egingo dugu garbiketa Bergaran.
Zeuk ere kale aldean arrantzatzen duzu?
Bai; adi egoten naiz amuarrainak non ibiltzen diren jakiteko. Azkenaldian, Bergarako zentroan ikusi ohi ditut, Santa Marinan eta San Martin eskola inguruan, adibidez. Lehen, ohikoagoa zen errekastoak eta Deba ibaia batzen diren puntuetan ikustea.
Orain, pase digitala behar da arrantzatzeko.
Bai; Gipuzkoa mailan aurten hasi gara. Aldundiko teknikarientzat zenbat lagunek ze tokitan jarduten duten zehatzago jakiteko lagungarria da. Aktibitate handiko guneetan kontrol zorrotzagoa egiten dabiltza. Bidasoan gehienez bost aldiz joan zaitezke arrantza denboraldian; hemen, berriz, ez dago hainbesteko kontrolik. Baimena eskatu eta nahiko.