Gainbehera dagoen sektorea da esnetarako behiena eta horri buelta eman guran jarri dute martxan Behizain Eskola, Eusko Jaurlaritzaren HAZIk eta Gomiztegi kooperatibak. Helburua da erreleboa izatea, eta errelebo hori ondo prestatutakoa izatea.
Prestaketa horretan, sektore konkretu honen ekoizpena, kudeaketa, merkaturatzea eta praktikak landuko dituzte besteak beste, jardueran garatzen diren arlo guztiak azken finean. Aretxabaletako Areantza auzoan dagoen Etxebarri baserrian egongo da eskola, Abasolo anaien etxean, eta haiek kudeatuko dute. 260 esne-behi dituzte egun, eta 80 hektarea lursail. Esparru horretan egingo dituzten abeltzaintzan formatzeko ikasketak.
Matrikula epea zabalik dago
Udazkenean hasiko da ikasturtea. Aurretik, baina, proba pilotu bat egin dute; bost ikaslek hartu dute parte. Ikasle horiek eskertu egin dute egitasmoa aurrera atera izana, "beharrezkoa" ikusten dute-eta. Urrian hasiko den ikasturterako matrikula epea zabalik dago dagoeneko. Horretarako, www.hazi.eus webgunean sartu behar da.
Gaur, astelehena, eman dute horren guztiaren berri Etxebarri baserrian bertan. Hantxe izan dira bertakoak diren Julen eta Agustin Abasolo anaiak, proba pilotuan parte hartu duten hainbat ikasle, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea, Bittor Oroz eta HAZIko zuzendari Peli Manterola.