"Amestutako liga amaiera da, eta bultzada areto futbolari"

Xabier Urtzelai 2022ko eka. 3a, 13:00

Zapatuan (18:30, Musakola) Mondrate eta Eskoriatza aurrez aurre izango dira ligako azken partiduan. Bigarren Nazional mailara igotzeko Play-off-etara sailkatzea dago jokoan.

Kirol kazetaritzan sarri, sarriegi, erabiltzen den terminoa da hil edo biziko partiduarena. Baina zapatuan (18:30, Musakola) Mondratek eta Eskoriatzak jokatuko duten derbia halakoxea izango da. Ligako azken partidua izango da, eta Bigarren Nazional Mailara igotzeko play-off-etarako sailkatzea dago jokoan. Joan den astean Durangoren kontra irabazi ostean (7-0), Eskoriatza dago laugarren (56 puntu). Mondrate (54 puntu) bosgarren dago, Elorrion berdindu (2-2) eta atzerapausoa eman eta gero. Eskoriatzarrendako nahikoa da berdinketa, baina Mondratek etxean jokatzen du. Eta moreek urte osoan partidu bakarra galdu dute etxean. Ligako txapeldun Afantxoren kontra izan zen.

Joan den irailean ligako egutegia hartu eta azken jardunaldian derbia izango zenutela ikusi zenutenean...

Julen Otxandiano [Mondrateko entrenatzailea]: Amestutako liga amaiera da hau, egutegia hartu genuenean taldean broma giroan ibili ginen komentatzen sekulakoa izango zela azken partidu honetan zerbait jokoan izatea. Play-off-etarako sailkatzea edo mailari eusteko borrokan ibiltzea, ez genekien zein izango zen egoera. Eta begira, bi taldeak gaude mailaz igotzeko borrokan. Honaino iritsi gara biak, eta orain, sailkatu dadila onena. Noski, eta izan dadila Mondrate hori lortzen duena.
Mikel Alkaide [Eskoriatzako en
trenatzailea]: Zapatuan oso partidu polita izango dugu, eta, askok uste ez duten arren, liga ez genuen helburu honekin hasi. Aldaketa handiak izan genituen denboraldi hasieran, jokalari gazteen aldeko apustua egin genuen eta jardunaldiek aurrera egin ahala konturatu ginen mailari eustea baino helburu zorrotzagoak izan genitzakeela. Zapatuan dena ematera joango gara.

Mondrateko eta Eskoriatzako ordezkariak, aste barruan Musakolan.

Eskoriatzak bi puntuko aldea dauka. Erabakigarria izan daiteke?
J.O.:
Ez dut uste; gu garaipenaren bila kantxaratuko gara, eta, akaso, hobe da bai edo bai irabazi behar izatea, horrela ez da egongo emaitzarekin espekulatzeko aukerarik. Etxean jokatzen dugu, eta berdintzeak ez digu balio.

M.A.: Egia da amorrua eman izan digula liga amaierako zenbait momentutan puntu gehiago batu ez izanak; izan ere, laugarren postua gure eskura geneukanean beherakada izan genuen eta atzera egin genuen sailkapenean. Orain, berriro ere errekuperatu dugu laugarren postu hori, eta postu hori defendatzera joango gara Arrasatera. Kantxan jokatuko duzue partidu bat, eta harmailetan egongo da beste bat.

J.O.: Zalantza barik, harmailak goraino beteko dira. Badakigu Eskoriatza gurea baino errotuago dagoen taldea dela eta Eskoriatzatik jende asko etorriko dela. Baina etxean jokatzen dugu, eta guk ere gure zaleen babesa izango dugu.

M.A.: Joan den astean, sekulako jaia egin genuen Intxaurtxuetan. Kirol elkartearen eguna ospatu genuen eta zale asko etorri ziren Durangoren kontrako partidua ikustera. Eta irabazi egin genuen, gainera. Zapatuan ez dugu etxetik kanpora jokatzen gabiltzan sentsazioa izango.

Zer egin beharko duzue kontrarioa mendean hartzeko?
Xabier Gorroñogoitia [Mondra
teko kapitaina]: Ez dut uste Eskoriatzari irabazteko ezer berezirik egin behar dugunik. Etxean oso talde indartsua gara, eta gogo handia dugu euren kontra jokatzeko. Lagunen arteko partidua izango da, baina intentsitate handiz jokatuko dugu denok. Etxean erakutsi izan dugun mailari eutsi behar diogu.
Aratz Kortazar [Eskoriatzako
kapitaina]: Batetik, intentsitate handiz jokatu behar dugula uste dut. Eta bestetik, partiduko momentu erabakigarrietan burua hotz mantentzea garran-tzitsua izango da. Jokalari gazteak ditugu taldean, eta, askotan, hori falta izaten zaigu. Dena dela, motibaziorik ez zaigu falta eta oso garbi daukagu Mondrateren kontra zelan jo-
katu behar dugun.

Bistan dagoena da, emaitza edozein
dela, liga amaiera honekin Debagoienean areto futbolak jada irabazi duela.
X.G.:
Zalantza barik. Horren gertu dauden bi herrik halako kategorian elkarren kontra jokatzea gauza handia da, eta bietako batek mailaz igotzeko borrokan jarraituko du. Uste dut, bereziki, gazteendako dela garrantzitsua, asko etorriko dira zapatuan partidua ikustera eta horrek animatu egiten ditu eurak ere areto futbolean hastera.
A.K.:
Uste dut bi taldeak urtez urte joan garela areto futbolari indarra ematen eta zapatuko partiduaren ondoren bailarako areto futbolak bultzada handia izango duela. Alegia, gazte mordoa datoz atzetik areto futbolean, eta halako mailako partidu batekin gozatzeko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak