Zenbatu ezin diren bizipenak

Josu Bilbao Atxutegi 2022ko mai. 31a, 13:44

Bi urte eta bi hilabete pasa dira pandemia hasi zenetik, eta era askotako bizipen eta istorio pertsonal utzi ditu COVID-19ak. Heriotzak, hilabeteetan dirauten sintomak... Gertatutakoa sekula ez ahazteko modukoak horietako asko. Kasuistika askotarikoa da; horietako batzuk irakurri ahal izan ziren maiatzaren 27ko PUNTUAn. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Zenbakien dantzan aritu dira adituak eta herritarrak 2020ko martxoaz geroztik. Positibo eta ospitaleratuak, batetik; intzidentzia eta birsortze tasak, bestetik. Protokolo aldaketek errealitatearen irakurketa lausotu arren, baliagarriak dira baliook prisma zabaldu eta pandemiaren erretratu bat ateratzeko.

Hamarretik lau

Kutsatze bakoitza norbanako bat balitz, 25.686 debagoiendar kutsatu direla dio Eusko Jaurlaritzak; bailarako hamar herritarretatik lauri diagnostikatu zaiela gaitza, alegia. Milioi bat positiboren langa gertu du Hego Euskal Herriak, eta 8.300etik gora dira gaitzak erasanda zendu direnak. Egun bakarrean 1.239 hego euskal herritar izan dira ospitaleratuta –2022ko urtarrilaren 12an–; zainketa intentsiboen unitateek, aldiz, 2021eko apirilaren 29an jo zuten goia: 232 ohe beteta.

Zenbakietatik bizipenetara

Balioek eta grafikoek, baina, nekez bistaratzen dute errealitatearen gordintasuna. Ez, behintzat, norbanakoen bizipenak kuantifikatu ezin direnean. Eta hala izan da azken hogeita sei hilabeteetan. Ondoko orrialdeetan, bailarako bost herritarren bizipenak jaso ditugu; nork beretik eta bere erara, gaitzaren ondorioak jasan dituzten bost debagoiendarrenak.

Testigantzak

"Urte eta lau hilabete daramat ezin errekuperatuta, nekatuta, indarrik gabe"

AGUSTIN ELKORO 72 urte. Arrasate.

Urriaren 2an ospitaleratu zuten arrasatearra, COVID-19a zela eta. Apurka zailtzen joan zitzaion, aldebiko pneumonia diagnostikatu zioten arte. Urriaren 6an ZIUra sartu zuten eta 27 egun egon zen bertan, sedazioarekin, hil edo bizikoan. Bi hilabete baino gehiago eman zituen Gasteizko Txagorritxu eta Santiago ospitaleetan.

Egun gutxian, ZIUra

Irailaren 21ean hasi zen eztularekin, baina ez zuen beste sintomarik. "Apurka- apurka, gehiagora joan zitzaidan, eta, egun gutxira, batzar batetik irten eta ospitalera joan behar izan nuen. Ospitalean positibo eman nuen, eta birikietako plaka bat atera zidaten. Itxura onik ez zuela eta, Txagorritxura bidali ninduten anbulantzian", esan du Elkorok. "Txagorritxura heldu nintzenean, langileen aldetik jasotako sentsazioak izan ziren tristura eta 'badator beste bat'. Erizainak eta medikuak goitik behera EPI jantziekin zeuden". Proba asko egin zizkioten, eta, lau egun egon ostean, ZIUra sartuko zutela azaldu zioten eta sedatu egin zuten. "Eta orduz geroztik lo egon nintzen 27 egun. Bat-batean esnatu nintzen, beste gela batean. Santiago ospitalean iratzarri nintzen. Gorputz osoa tutuz beteta nuen. Ahotik, sudurretik, eztarrian zulo bat eta tutu bat bertatik...", gehitu du Elkorok.

"Beste munduan ia-ia"

Esnatu zenean birusik ez zuela eta "Txagorritxutik bizirik" irten zela esan zioten: "Hobetu beharra nuela esan zidaten. 27 egun egon nintzen Txagorritxun, beste munduan ia-ia. Xehatuta nengoen. Aurretik ezagutzen nuen erizain batek sorpresa hartu zuen ni ikustean, eta 'aiba, baina bizirik zaude!', esan zidan".

"27 kilo galdu nituen bi hilabetean; ezin nuen berbarik egin, ezin nintzen ibili..."

Birritan itzuli behar izan zuen ZIUra, beste arazo batzuk ere eragin zituelako hainbeste egun sedatuta egoteak. "27 kilo galdu nituen bi hilabetean", gehitu du. Gainera, hasieran ezin zuen berbarik egin, ezin zen eseri, indarrik gabe zegoen: "Berba egiten hasi nahi eta ezin nuela konturatu nintzen. Horretarako eztarriko zuloa estali behar nuela esan zidaten arte...". Egunak aurrera egin ahala, apurka hobetzen joan zen eta loditzeko solairura eroan zuten: "Indarra hartu behar nuela esan zidaten, ibiltzen ere ikasi behar izan nuen". Horrez gain, sedazioarekin egon zen bitartean amesgaizto izugarriak etengabe izan zituela esan du, eta oso gaizki pasatu zuela.

Ezin buelta eman

Errekuperatuko zela esan zioten: "Baina urte eta lau hilabete daramatzat eta berdin jarraitzen dut, altxatzen naizen unetik nekatuta, indarrik gabe. Pisua berreskuratu dut, baina nekatuta egoten naiz". Medikutik medikura ibili da: "Zortea izan dudala diote denek. Informea ikusten dutenean eta 72 urte ditudala, bizirik egotea zortea dela esaten didate".

 

"Nekea, buruko eta gorputzeko mina eta sukarra izaten dut, agerraldiak balira bezala"

AINHOA ALDAI 43 urte. Bergara.

COVID iraunkorra du bergararrak. Bi urte baino gehiago pasa dira gaixotu zenetik: "Hobekuntzak nabaritzen noa, atzerapausoak eta aurrerapausoak emanez, baina pixka bat hobetu dut. Lanean hasi naiz. Hala ere, ez naiz lehengo Ainhoa. Nekearekin eta buruko minekin jarraitzen dut. Gorputzeko mina eta sukarra ere izaten dut, broteak izango balira bezala", azaldu du.

Egoera onartu du

2020ko martxoaren 15ean hasi zen sintomekin. Hasieran, oso gaizki pasatu zuen, ibili ere ezin zen egin eta motel ibiltzen aritu zen ia urtebete. Apurka, hobetzen joan da, gehiago ibiltzen, paseoak ematen... "Prozesu oso motela izaten ari da. Ez dakit horrela geldituko naizen; nik, behintzat, onartu egin dut. Nire nahia atzera ez egitea da", esan du.

Pandemiaren hasieran gaixotu zen. "Ospitaleratuta egon nintzen, eta, negatibo eman arren, ez nindoan hobera. Gaizki jarraitzen nuen, medikuak ere galduta zeuden... eta ni bezalako jendea zegoen edo ez begira hasi nintzen. Hala, COVID Iraunkorra Euskal Herrian plataforma aurkitu nuen. 30 bat ginen orduan, eta hor, behintzat, laguntasuna eta ulermena aurkitu nituen". Eta gehitu du: "Egia da gaur egun gehiago entzuten dela, badakigula zer den, baina medikuek ezin izan dute gehiago sakondu edo ez dute horretarako denborarik izan. COVID iraunkorra ez dago onartuta modu ofizialean. Niri ez didate diagnostikorik egin. Medikuak sintoma iraunkorrak dituzula jartzen dizu, eta hor gelditzen da".

Zer zeukan jakin ezinda

Ospitaleratzean oso oso gaizki pasatu zuen: "Pneumonia nuen, eta ospitalean geratu nintzen. Egun batetik bestera jendea larri jartzen zen bat-batean. Pare bat egun egon nintzen eta etxera bidali ninduten. Baina pare bat astera zorabiatzen hasi nintzen eta konortea galtzen nuen, oxigeno falta nuen, eta larrialdietara joan nintzen. Biriketan tronboak aurkitu zizkidaten, eta bederatzi egun egon nintzen ospitalean. Dena alteratuta neukan eta ez zekiten zer egin... Minbizia edo tumoreren bat nuela uste zuten. Ospitaleko egoera oso gogorra zen, gainera. Jendea hiltzen ikusten zenuen...

"Covid iraunkorra ez dago onartuta modu ofizialean; ez didate diagnostikorik egin"

Izan ere, momenturik kaotikoena izan zen, medikuak gertatu barik zeuden... Gauzak probatzen joan ziren. Malariaren aurkako antibiralak eman zizkidaten eta GIBarendako medikamentuak. Zer gertatzen zitzaidan galdetzean, medikuek ez zekitela erantzuten zuten, eta horrek asko eragin dit", esan du Aldaik.

Birusari errespetua

Aldaik aitortu duenez, gaitzari ez dio beldurrik, baina errespetua bai: "Ez dakit berriro hartuz gero zein ondorio izango nituzkeen edo okerrera egingo dudan. Birusari ez diot errespeturik galdu. Jendea lasai ikusten dut, baina niri hainbeste kostatu zait honaino heltzea... Eta gaur egun oso zaila da babestea...".

 

"Ez naiz gai kirola egiteko; banabil saiatzen, baina oraindik oso justu nabil"

BEÑAT ARNAIZ 41 urte. Aretxabaleta.

Urtarrileko azken astean harrapatu zuen koronabirusa Beñat Arnaiz Aretxabaletako kirolariak. Hasieran, sukarra izan arren, "nahiko ondo" zegoela esan du, baina astebetera gaiztotzen hasi zitzaion. "Oxigenoak behera egin zidan odolean, eta pneumonia atzeman zidaten. Oso txarto pasa nuen", esan du.

Egun oso bat eman zuen ospitalean, eta ostean, etxean egin ahal izan nuen ospitaleratzea. "Ospitalean artatu ostean asko igarri nuen onera egin nuela. Etxera bidali ninduten, nahiko pattal. Etxean hamabost egun eman nituen kortisona eta antibiotikoak hartzen. Hilabete latza izan zen, eta orain, apurka, buelta ematen saiatzen ari naiz", gehitu du.

Asko nekatzen da

Ibilbide luzeko triatleta saritua da Arnaiz, baina orain ez da lehengoa: "Lanera itzuli naiz eta seme-alabekin ibiltzen naiz, baina ez naiz gai kirola egiteko. Aste honetan bi saio egin ditut bizikletan, oso lasai, baina egun bukaerara oso-oso nekatuta heltzen naiz. Banabil saiatzen, baina oraindik oso justu nabil. Errutinatxo batekin hasteko gogoa dut, ez lehengo bera, eta espero dut gorputzak eustea".

Emazteak abendu hasieran harrapatu zuen koronabirusa. Arnaiz orduan maratoia prestatzen ari zen, "sekula baino finago". Bada, hor ez zen kutsatu, "nahiz eta etxean denok batera egon. Urtarrilean amaren bitartez hartu nuen", azaldu du kirolari aretxabaletarrak.

"Gaitza pasatzean konturatzen zara oso serioa dela kontua"

Orduko hartan, gaixotasuna "pasatzeko gogoa" zuela esaten zuen: "Pasatu eta ahazteko gogoa neukan, baina ez duzu inoiz espero horrela pasatuko duzunik. Gerora, pasatzen duzuenean konturatzen zara oso serioa dela kontua. Orain, hobetzen nabil, eta positiboago ikusten dut. Hala ere, hainbeste denbora libre etxean, itxita, hasten zara gauzak irakurtzen, COVID iraunkorra... Beldurra sartzen zaizu".

Bi hilabetez egon zen etxean, lanera joan ezinik, eta errutinara bueltatzeak lagundu egin diola dio. Baina honako hau gehitzen du: "Bi urte harrapatu barik, eta 2022ko urtarril bukaeran harrapatzea... Gainera, bidaiatu egin dugu, mugitu egin gara, elkartu egin gara... Sekulako zorroztasunarekin ez dugu eraman, eta bi urte harrapatu barik egon eta gero... Loteria heltzen da, eta heltzen denean, ba, heldu egiten da".

Osterantzean, Osakidetzarekin oso eskertuta dagoela dio. "Aretxabaletako medikuak nirekin egin duen lana eskertzekoa izan da", gaineratu du.

 

"Ama, aitaginarreba eta lagun onenaren senarra galdu ditut koronabirusagatik"

MARU MELLADO 49 urte. Arrasate.

Ama, aitaginarreba eta lagun onenaren senarra galdu ditu pandemian, koronabirusagatik. Gainera, gaitza nahiko larri pasa zuen, eta, Debagoieneko Ospitaleko beste lankideek bezala, sekulakoak ikusi zituen pandemiaren une lazgarrienean.

"Ospitaleko lankide guztiei eskerrak eman nahi dizkiet; bereziki, bigarren solairuko lankideei", esan du Melladok. Eta gehitu du: "Nire laguntza eta babesa izan dira eta ez dut inoiz ahaztuko egin dutena. Baita Iñaki Peña medikuari ere. Eta, azkenik, txertaketan ibili diren lankideei, sekulako lana egin baitute".

Lehenengo, ama

Oporrak bertan igaro eta gero, 2020ko otsailaren 29an itzuli ziren etxera Finlandiatik. "Ama martxoaren 6an ospitaleratu zuten, eta bi aste egon zen bertan koronabirusarekin". Maria Eugenia Melladok Debagoieneko ospitalean lan egiten du, erizain laguntzaile, eta ama bisitatu ahal izan zuen. "Babes-arropa jantzi nuen lehenengoetakoa izan nintzen, ama bisitatu ahal izateko. Apirilaren 2an zendu zen, zahar-etxean. Ezin izan genion hiletarik egin, ezin izan genuen egin hark nahi izan zuena... Belaunaldi borrokalaria izan zen amarena, langilea oso, eta asko eta asko bakardadean hil dira. Ez zuten hori merezi", baieztatu du arrasatearrak.

"Belaunaldi borrokalaria izan zen amarena, eta asko bakardadean hil dira"

Azaroan, etxekoak

"Azaro erdian heldu zen gaitza gure etxera" kontatu du. "Alaba eta ni gaixotu ginen aurrena eta senarra ondoren. Bakardade handia sentitu genuen, eta, gainera, senarrari eta bioi gogor jo gintuen. Asko argaldu nintzen, eta gorputza oso minduta gelditu zitzaidan hilabeteetan", azaldu du.

Segidan, aitaginarreba

2021eko urtarril hasieran, arrasatearraren aitaginarrebak harrapatu zuen gaitza. "Eta jarraian, nire lagun onenaren senarrak ere bai. Biak zendu ziren COVID-19aren ondorioz", gaineratu du.

Pandemiaren ostean eta bizi izandakoak bizi izanda, "solidarioagoak" izango ginela uste zuen Melladok, baina "justu kontrakoa" gertatu dela uste du: "Gurekoiago bilakatu gara; eta orain, gainera, galdutako denbora hori guztia berreskuratu nahi dugu, zaurgarriak garela konturatu garelako".

Horrekin guztiarekin, "txertatzearen garrantzia azpimarratu" behar dela uste du.

 

"Bigarren txertoa hartu eta egun gutxira, gorputz erdi erorita nuela jaiki nintzen"

ASIER ALONSO 33 urte. Oñati.

Pandemiako lehen urte eta erdian "libratu" egin zen COVID-19tik Asier Alonso oñatiarra; zaindu egin zuen bere burua osasun- gomendioak jarraituz. Ez birusari ez txertoari ez zien beldurrik, eta "buelta asko eman barik txertoa hartzea" erabaki zuen, "denon onerako zela pentsatuta".

Uztailaren 27an hartu zuen bigarrena: "Lehen egunean ez nuen sintoma arrarorik eduki, baina bigarrenean belarriko eta zerbikaletako minarekin hasi nintzen. Abuztuaren 1ean jaiki nintzen, edalontzi bete ur edan, eta ezkerreko aldetik ur guztia jausi zitzaidala konturatu nintzen. Ez nintzela gai eusteko. Ispiluan begiratu eta ezkerreko aldea jausita nuela ikusi nuen, eta ezin nuela mugitu. Larritu egin nintzen eta larrialdietara joan nintzen".

"Mediku asko ikusi ditut eta batek ere ez dit esan %100 txertoa dela rrazoia"

Une hartan buruan "gauza asko" zituen, baina "txertoa ahaztuta", lehen dosiarekin ez zuelako arazorik izan. "Ez nuen txertoarekin lotu. Iktusen bat-edo izango zela uste nuen, ez nuelako minik. Proba asko egin zizkidaten eta diagnostikatu zidaten paralisi arina. Estres momentuekin eta halakoekin lotu izan da, baina %100 ziurtatu gabe".

Arrazoia, argitzeke

Osakidetzan, Lagun Arotik... mediku asko ikusi ditu: "Batek ere ez dit esan %100 txertoa dela arrazoia, ez dagoela demostratzeko probarik; baina gehienek esan dute Pfizerren bigarren dosiaren ondoren aurpegiko paralisiak gerta daitezkeela. Oraindik ondorioekin jarraitzen dut".

Errekuperatu barik

Hasieran, begia itxi ere ezin zuen egin eta partxe batekin lo egin behar izan zuen. Horrez gain: "Kolirioa aldean izan behar nuen, ultzera arriskuak egon daitezkeelako. Bi hilabete antibirikoak eta kortikoideak hartzen ibili nintzen, birus baten ondorioa izan zitekeelako".

Haren moduko kasuak ikusi dituztela esan diote medikuek, baina hura baino azkarrago errekuperatu direla, bi-lau hilabetean. "Ni urtebeterako bidean noa eta oraindik errehabilitazioarekin jarraitzen dut", dio Alonsok. 

Poliki-poliki badoa hobetzen: "Orain, begia normal ixten dut eta ez dut tratamendurik. Bizimodu normala egin dezaket, eta medikuek esaten didate %100 berreskuratuko dudala". Baina prozesua ez da erraza izan: "Frustrazio handia izan nuen, munduarekin haserre nengoen. Umore txarrez eta amorratuta, eta gertuen dituzunekin ordaintzen duzu. Psikologikoki ez da samurra izan". Eta gehitu du: "Hasieran, lau astean hobekuntza ikusiko nuela esan zidaten, eta hilabete eta erdian osatuta egongo nintzela. Beraz, oso gogorra izan da psikologikoki. Lau-bost hilabetera hasi nintzen aurpegian aktibitatea sumatzen".

Hala ere, dio ez dagoela txertoaren aurka: "Egoerak zuen larritasuna zuen, eta denon ongizatean pentsatuta hartu nuen txertoa. Hirugarren dosia ez dut hartuko, medikuek hala gomendatuta. Hala ere, gauzak ez direla ondo egin argi dago", gehitu du.

Errege Egunean koronabirusa hartu zuen. "Lehengo gripe baten antzera pasa zuen", esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak