Ekiola Leintzetik harago hedatzea eskatu du EAJk

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko mai. 26a, 16:05

Bergarako, Antzuolako eta Elgetako udaletako EH Bilduren gobernuek energia berriztagarriarekin lotuta ezer gutxi egin dutela salatu dute jeltzaleek, eta Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagak hasitako bidea jarraitzeko eskatu.

"Energia berde eta zero kilometrokoa" sortzeko Bergaran, Antzuolan eta Elgetan ere pausoak emateko eskatu dute aipatu hiru herrietako Eusko Alderdi Jeltzalearen udal taldeetako bozeramaileek, Maite Agirre, Basili Ormazabal eta Aintzane Oiarbidek –eguen goizean egin zuten agerraldia– . "Bertan sortu eta kudeatuko den energia kontsumitzeko ekoizpen berriztagarrien aldeko apustua egitea lehentasunezko erronka da", jeltzaleen arabera. Eta EH Bilduren udal gobernuek, "azken hiru urteetan", zentzu horretan ez dutela apenas ezer egin salatu dute, "erregai fosilen kontsumotik eguzki energiaren kontsumora eman beharreko pausoak ematea" exijitzearekin batera.

Jeltzaleek ohartarazi dute "bailaran kontsumitzen den energiaren %95 baino gehiago kanpotik datorrela eta zati handi batean, gainera, jatorria fosila dela; alegia, ez berriztagarria". Horregatik, "trantsizio energetikoari ekiteko ordua" dela adierazi dute, "Leintz bailaran egingo duten moduan", azaldu dutenez.

Ekiola eredua

"Proiektu honen helburua bazkideak –herritarrak– instalazio fotovoltaikoen jabe izatea da, eta argindar kontsumoaren zati handi bati erantzuteko besteko energia-bolumena sortzea", adierazi dute EAJko ordezkariek: "Beste modu batera esanda, kanpoko energia iturriekiko menpekotasuna murriztea eta energia berdearen alde egitea, hori da jeltzaleon apustua".

Leintzekoaren moduko egitasmoa aurrera eramateko, sortuko litzatekeen kooperatiban "gutxienez 400 etxebizitzak" parte hartu beharko luketela azaldu dute, eta kontuan hartu beharreko aukera jo dute Antzuola, Elgeta eta Bergara elkarrekin sartzea ekimenean.

EAJko eledunek gehitu dute Leintz bailaran dagoeneko martxan dagoen proiektua "urtebetean" egongo dela lanean, eta Bergaran, Antzuolan eta Elgetan ere "energia berdeen alde egiteko" garaiz dela oraindik, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako proiektura batuta edo pareko beste bat sortuta.

"Orain da momentua energia berriztagarrien alde egiteko. Eusko Jaurlaritzak laguntza asko ematen ditu, eta gure udalerriek ere egin ditzakete lurren kudeaketak, proiektu hauek garatzeko", adierazi dute Aintzane Oiarbidek, Maite Agirrek eta Basili Ormazabalek Bergarako batzokian egindako agerraldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak