Puntuaren zenbakia ixterakoan publiko ziren Jaurlaritzaren datu berrienen arabera –maiatzaren 12koak–, errefuxiatuen etorrera hasi zenetik 2.646 izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan aldi baterako nazioarteko babesa eskatu duten pertsonak, horietatik 1.042k Gipuzkoan: 429 adingabek, 502 emakume helduk eta 111 gizonezkok. Ikastetxeetan matrikulatzea eskatu duten adingabeak, berriz, 689 izan dira orain arte; 336, Gipuzkoan.
Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak kudeatzen duen Oñatiko Larraña Etxean jatorri ukrainarreko 40 lagun inguru bizi izan dira gerra hasi zenetik hona. Nerea Maiztegi zuzendariaren arabera, "beste edozein jatorritako pertsonei eskaintzen zaien laguntza berbera" eskaini diete: "Indarrak berreskuratzeko leku segurua eskaintzea da gure helburua. Norberaren egoeraren arabera, ibilbide pertsonal bat planteatu eta hori aurrera eramateko baliabideak eskuratzeko lan egiten dugu".
Errefuxiatuek "bizitza autonomoa" edukitzea izan ohi dute helburu: "Horretarako beharrezko dutena egiten dute: hizkuntza ikasi, formakuntza espezifikoagoak egin, lana bilatu, etxebizitza bilatu...". Lerrook idazterako garaian, Ukrainatik iritsitako hiru familia zeuden Larraña Etxean.
Udaleko Gizarte Zerbitzuetan, Jaurlaritzak egoera berezi honetarako prestatutako baliabideen eta jarraibideen berri ematen diete: "Gero, hainbat laguntza Caritasen bidez kudeatzen dira", dio Itxaro Leibar arduradunak.
Testigantzak
"Hamar egun egin genituen sotoan"
YANA KONDRATENKO Oñatin dagoen ukrainarra
29 urteko ukrainarrak bi hilabete daramatza Oñatiko Larraña Etxean, 7 urteko semearekin eta amarekin. Abokatua ikasketaz, Ukrainan bizitza zoriontsua –"lana, etxea, automobila, lagunak..."– eta etorkizunerako asmoak zituela dio, baina gerrak "dena aldatu" duela.
Ez du ulertzen "XXI. mendean gatazkak nola konpon daitezkeen gerrarekin", eta ez zuen uste halakorik bizi izango zuenik. Gerra hasi aurreko bi asteetan ohartu zen "zerbait" ez zihoala ondo.
Otsailaren 24an, 05:35ean, haren lagunik onenak esnatu zuen telefonoz dei eginda: "Yana, hasi da gerra". Dio ezinezkoa dela une haietan sentitu zuena deskribatzea: "Izugarrizko beldurra nuen, gorputza izoztuta bezala, ezin nintzen mugitu".
Senarra abisatu, eta gutxira hasi ziren lehenengo leherketak eta tiroak: "Hegazkinak hegan hasi ziren". Bonbardaketa Gostomelen, euren hirian, Butxa eta Irpindik urruti gabe. "Telebista piztu, eta segurtasunerako aholkuak ematen ari zen kazetaria; gertatzen ari zen, han eta orduan". Oinarrizko gauzak batu eta sotoa hartu zuten babesleku: "Hamar egun egin genituen sotoan, ia irten gabe, oso baldintza txarretan. Joan ginen ohartzen noiz geratzen ziren tankeak, eta orduan irteten ginen, ura berotzera eta sakelakoa kargatzera. Hotz handia egiten zuen, eta semea gaixotu egin zen, sukarra zuen, eztul handia, eta botika beharra. Gero eta leherketa, tiro eta hegazkin gehiago: ihes egin beharra genuen".
Hiria "okupatuta"
"Zaila zen handik irtetea. Lagunek eta ezagunek zuten informazioa trukatzen genuen, eta martxoaren 5ean eskaini zigun adiskide batek elkarrekin alde egiteko aukera: saiatzea erabaki genuen". Etxeak sutan, eraikinak txikituta, semearen bizitza, beti gogoan.
Ukraina mendebaldera aurrena –"errusiarrekin egin genuen topo; seinalatu egin gintuzten, baina pasatzen utzi ziguten"–, Poloniako mugara ondoren; handik Varsoviara, eta bidaia hasi eta astebetera Donostian ziren – Hondarribiko erreferentzia zuten, txikitan oporretan etorrita–. Aldean zutenarekin iritsi ziren: bidean arazoak izan zituzten automobilarekin; topatu zuten lekua beste batean, baina eurentzako, maletentzako ez: "Etsigarria izan zen". Moralki eta fisikoki "lur jota" zeuden, baina bizirik: "Hori zen garrantzitsuena".
"Errusiarrekin egin genuen topo: seinalatu egin gintuzten, baina pasatzen utzi ziguten"
Senarra, baina, Ukrainan geratu zen: "Boluntario ari da; mekanikaria da, eta autoak konpontzen ditu, eta giza laguntza banatu". Neba ere han du, aitona-amonak zaintzen. "Zaila da banatuta egon beharra". Denbora batez komunikazioak etenda izan zituzten, gainera; orain badute hitz egiteko aukera. "Baina, noski, oso arduratuta nago haiengatik".
Senideak gogoan eta aberriagatik "min", Oñatin pozik eta seguru sentitzen dira. Oporraldi hartako lagunek eman zieten Larraña Etxearen berri: "Denetik dut hemen; jendeak etengabe egiten dit irribarre, eta ezer behar ote dudan galdetu". Eskertuta dago.
"Mendian ibiltzea" du gustuko –"maiteminduta" dute–, eta gaztelania ikasten ari da, lana topatzen lagunduko diolakoan; irailean euskaltegian hasi nahi du: "Badakit euskara garrantzitsua dela zuentzat".
"Bortxatua izateko aukerak izutzen ninduen"
RENATA MOLTXANOVA Elgetan dagoen ukrainarra
17 urteko Renata Moltxanova familia osoarekin –gurasoak eta aitona-amonak– iritsi zen Elgetara martxoaren 14an. Dniprokoak dira, Ukrainako hiri handienetako batekoak. Ohiko bizimodua zuten gerra hasi aurretik: "Ikasten ari nintzen, azterketetarako prestatzen. Gero ze unibertsitatetara joan pentsatzen niharduen".
Inoiz pentsatu izan zuen gerraren aukerarekin: "Jakingo duzuen moduan, Ukrainan 2014tik dugu gerra, Donetsk inguruan. Dnipro eta Donetsk artean 200 kilometro daude, baina orain arte ez digu gatazkak eragin. Entzun izan ditugu, noski, Donetskeko eta Luganskeko bizilagunei gertatutako istorio beldurgarriak, eta tristura handia eragin ere bai. Batzuetan pentsatzen nuen gerra irits zitekeela gugana ere; banuen beldur apur bat, baina laster egiten zidaten alde ideiok burutik". Otsail erdialdera hasi ziren entzuten gerra has zitekeela; gerra hasterako herrialdea uztea ere pentsatu zuten: "Baina gero, lasaitu eta etxean geratzea erabaki genuen".
Hilaren 24an, leherketek esnatu zuten Moltxanova; 05:00ak ziren: "Aireportua bonbardatu zuten, eta, zorionez, nire etxetik urrun dago. Baina beldur handiak hartu gintuen, ni eta familia". Lagunei deika, mezuak trukatzen eta informazio bila ibili zen, telebista jarraitzen ere bai: "Gerra hasia zela ohartu ginen. Galduta nengoen, zer egin ez nekiela".
"Min dut nire herriagatik, eraildako milaka errugabe eta haurrengatik"
Hamabost egunez etxean egon eta gero, Euskal Herrira etortzea erabaki zuten: "Ez zen arriskuan egon ginelako izan, uneoroko tentsioagatik gehiago, sirena hotsengatik eta gero zer etorriko zen ez genekielako. Estresagarria zen". Eurek ez, baina beste batzuek bizi izan zituzten egoera latzak. "Ukrainarra izateagatik bortxatua izan nintekeela edo hil ahalko ninduketela pentsatzeak izutzen ninduen".
Moltxanovak eta senideek beldur zioten herrialdetik irteteko egin beharreko bidaiari. "Ezusteko erasoen beldur" ziren, ustez segurua zen bidea aukeratu zuten arren. Bidaia ongi joan zen, ordea, eta kontrolak ere bizkor igaro zituzten.
Elgetara
Elgeta zuten helmuga. Gaizka Bolinaga laguna dute, eta eurenera etortzea eskaini zien hark: "Oso eskertuta gaude familia osoa". Pozik daude "sirena eta leherketa gabeko bizitzarekin", baita hemengo "natura ederrarekin" ere, baina "etxera itzultzeko" eta euren jendearekin egoteko gogo handia dute, hala ere: "Zaila da herri oso txiki bateko bizimodura ohitzea ere".
Egin beharreko izapideak egin baina bi hilabetetan Gobernuaren laguntzarik ez dutela jaso dio: "Zorionez, lagun batzuek lagundu gaituzte, eta Tolosako boluntario batzuek ere bai, elikagaiekin eta arroparekin". Ikasten eta lanean jarraitzen du hemen gazte ukrainarrak –diseinatzaile grafikoa da–, eta gaztelaniarekin ere badihardu. Adi jarraitzen ditu Ukrainako berriak. Itzultzea baino ez du buruan, eta mina arintzea: "Min dut nire herriagatik, eraildako milaka errugabe eta haurrengatik. Gure soldaduek ere arduratzen naute, euren bizitzekin gure lurrak eta zibilak babesten dituzten heroi haiek. Han geratu eta sirena eta leherketa artean dauden lagunengatik ere banago arduratuta. Aldi berean, oso harro nago gure nazioagatik. Gerra egonagatik ere, ukrainarrek lanean jarraitzen dute, gure ekonomia salbatzeko".
"Bi zentimetrora pasa zitzaion bala amari"
OLEKSANDR MELNYK Bergaran dagoen ukrainarra
Iñaki Ayastuy eta Teresa Aranzibia bergararrek 2017tik ekartzen dute etxera Oleksandr Melnyk mutiko ukrainarra –11 urte ditu egun–, Txernobylgo haurrek oporraldia Euskal Herrian pasatzeko aspaldi sortutako programaren bitartez. Haren ama eta anaia ere etorri dira oraingoan, ordea –halabeharrez, eta uda izan gabe–.
Begi argi, begirada zoli eta irribarre gozo, deigarri egiten da hain adin txikiko umea gerrako barrabaskeriez hizketan, bizi behar izan dituzten egoera latzek ez eraginda moduan, bonbez eta Portaventurarako txangoaz naturaltasun beraz; pairatutakoen ostean amesgaiztorik izaten duen galdetuta, erantzuna, lehen egunetan baietz, baina gerora ezetz. Pozik dago Bergaran; aita faltan sumatuta, hori bai.
"Etxean bizi ginen, oporrak genituen, hemen bezala, eskola genuen guk eta gurasoek lana. Amak jasotzen gintuen eskolatik, eta etxera. Etxean ortu txikitxo bat genuen. Bizitza normala, txakurra genuen, katua…", Melnyken egunerokoa, gerra aurrekoa.
Otsailaren 24ko 05:00etan aldatu zen dena: "Kiev ondoan bizi den nire amonaren arrebak deitu zigun esanez gerra hastear zela, sirenak entzuten zirela. Kanpora atera eta ikusten ziren argi modukoak, tiroenak, zarata ere entzuten zen".
Negu gorrian oraindik, "arropa beroena hartu, dokumentuak eta gauza inportanteenak hartu" eta birramonarenera joan ziren: "Lur azpian zazpi metrora biltegi bat zuen –baratzetik jasotakoak gordetzeko– eta han sartu ginen. Lo ere han egiten genuen batzuetan. Argia bazegoen, berogailuarentzat argindarra, hasieran telefonoa ere bai, baina laster ezin izan genuen erabili".
Tanke eta bonba hotsa
Tankeak entzuten zituzten: "Beldur handiena pasa nuen bonbak gertu jausi zirenean eta tankeak aurrera-atzera sumatzean". Amak ere izan zuen susto handi samar bat: "Aurpegitik bi zentimetrora pasa zitzaion errusiarren bala bat".
Albisteak ez ziren onak: "Gure herritik oso gertu zeudelako berriak iritsi zitzaizkigun, helikopteroak eta hegazkinak entzun eta ikusten genituen hegan, oso baxu. Ikusi genituen lehergailuak jaurtitzen ere. Beldurgarria zen". Hemezortzi egun gogor izan ziren lurpean.
"Aita lanean ari da berriz, eta nahiko bizimodu normala egiten du atzera"
Handik alde egin eta apirilaren 8an abiatu ziren Poloniatik Euskal Herrira. Hilaren 14an iritsi ziren Bergarara: "07:30 ziren. Oleksandr pozik zetorren, ezagutzen gintuelako, baina ama eta txikia deskolokatuta zeuden. Pena ematen zuten. Amaren lekuan jartzen naiz eta... Ez zekien nora zetorren, semeak esango zion familia ona ginela, baina ez gintuen ezagutzen, dena utzita zetorren", dio Teresa Aranzibiak.
Umeak eskolara doaz Bergaran, eta ama helduenera, gaztelania ikastera: "Orain, ondo gaude, baina aita falta dugu. Egunean hirutan hitz egiten dugu, badugu haren berri. Ondo dago. Ez du gerrara joan beharrik, nahikoa soldadu badagoelako. Lanean ari da berriz, Txernihiven dago, eta nahikoa bizimodu normala egiten". Euren etxea ere zutik geratu da: "Zortea izan dugu".
Dituzten asmoak entzunda, baikor direla esan daiteke: "Ni udan geratu egingo naiz, eta ama eta anaia itzuli egingo dira, gerra amaitzen bada. Uda ostean, berriro elkartuko gara".
Esker on handia dute mutikoak eta familiak Iñaki eta Teresarekiko, eta, gerragatik, argi dio: "Hau guztia akats handia da".
"Moztu atzamarra', 'moztu hanka', zioten"
NATALIA ZHYVOTOVSKA Aretxabaletan dagoen ukrainarra
Natalia Zhyvotovska 4 urte zituenetik 19 urte zituenera arte etorri zen Aretxabaletara, udetan, eta zenbait Gabonetan ere bai, Txernobylgo haurren programaren bitartez. Orain, 21 ditu, eta amarekin eta amaren lagun baten semearekin dago herrian, hemengo familiak utzitako etxe batean: "Butxan, jada, ez dut etxerik. Txikitu egin dute. Barrutik dena erre da"; aitak, gurasoekin batera, hamabi urtean altxatutako etxea. Amarekin bizileku izandako Vorzel herrikoa ere suntsituta dago: "Ez daukat nora itzuli".
Turismo ikasketak amaituta eta masterra egiten, hura bukatzean Europako herrialderen batera lanera joatea zen Zhyvotovskaren asmoa. Oraingoz, ez da posible izango: "Krimea hartu zutenez aspaldi, eta zortzi urtez gerra dugunez Donbassen eta bukatzen ez zenez, batzuetan imajinatzen nuen: 'Hasten bada gerra Ukraina osoan eta nahi badute egunen batean osorik eureganatzea? Ez, ez, ez, hori ezin da izan'. Baina, begira, egunetik egunera egoera okertzen ari da, eta ezin dut sinistu, baina onartu egin behar da gertatzen ari dela".
"Ezin dut onartu egotea jendearen gorpuak lurrean botata, zaborra bezala"
Otsailaren 24an, goizaldeko ordu txikietan esnatu zuen aitak, gerra hasi zela esanez: "Su handia ikusten nuen Hostomelen, zerbait erretzen, hegazkinak etxe gainetik pasatzen, zarata izugarria. Entzuten nituen bonbak, eta oso beldurgarria da, ze ez dakizu non botako dituzten; agian, zure etxean, eta zu hortxe zaude, ez dakizu bizirik geratuko zaren edo hil egingo zaren".
Garajea hartu zuten babesleku: "Ohea jarri genuen, eta hara jaitsi genituen ura, janaria… Nik ez nuen alde egin nahi. Nire etxea zen hura, Ukrainan, nire herrian: zergatik egin behar nuen alde? Joan zitezela eurak, zertara etorri ziren? Okupatu zuten nire etxea, aparkatu zituzten euren tankeak, Errusiako armadako nagusiak egon dira gurekin garajean, militarrak gure etxean. Eta ez ziguten irteten ez ezertan uzten". Hamar egun amaiezin izan ziren.
Beldur handia
Etxe atzean gordetako tankeak bonbak botatzen zizkion bederatzi solairuko etxe bati: "Hain ziren indartsuak bonba haiek, ni jauzika nenbilen ia, lurrean etzanda, eta beldur nintzen etxea nire gainera jausiko ote zen".
Ikusi ez, baina handiak entzun zituen: "Nola torturatzen zuten Ukrainako jendea. 'Moztu atzamarra', edo 'moztu hanka'... Eta, azkenean, hil egiten zituzten, nire etxean, eta ezin nuen ezer egin". Ez zuen uste hura ere handik bizirik aterako zenik.
"Aitak asko erregutu zien niri irteten uzteko, ze gaixo jartzen ari nintzen, hotz handia pasa nuen". Azkenerako, eman zioten baimena. Amarekin elkartu, eta Aretxabaletara; hemen, lasaiago, "baina ondo ez", senideak han dituztelako –tartean, aita–, eta beldur dira haiengatik. Butxan gertatutakoak ere ezin burutik kendu: "Ezin dudana onartu da egotea jendearen gorpuak kalean botata, zaborra bezala. Eta inork ezin du joan, jaso eta behar den moduan lurperatu, errusiarrek jartzen dizkietelako lehergailuak hildakoei, eta inor haiek jasotzera joandakoan lehertu egiten dira". Eta ume gaixoak: "Pena handia ematen dit ume batzuek ez dituztelako gehiago gurasoak ikusiko. Eta beste ume batzuk, txikiak, geratu dira esku barik, hanka barik. Bizitza apurtu digute. Eta ume horiek ez dute ezeren kulparik".