Komunikazioan trebatu eta gozatzeko

Josu Bilbao Atxutegi 2022ko mai. 18a, 11:23

Bigarren urtez jarraian antolatu dute Komunikazio Campusa Goienak eta Mondragon Unibertsitateak, elkarlanean. Gazteak modu praktiko eta dibertigarrian komunikazioaren mundura hurbiltzea da campusaren helburua, eta horretarako, aditu eta profesionalen laguntza eta aholkua izango dute. Hona PUNTUAko maiatzaren 13ko alerako egindako erreportajea. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Uztailean ekingo diote, bigarren urtez jarraian, Goienak eta Mondragon Unibertsitateak antolatutako Komunikazio Campusari. Komunikatzaile izateko beharrezkoak izan daitezkeen gaitasunak lantzeko aukera izango dute udalekuetan gazteek. Kamera aurrean aritzeko gakoak ikasi; eskuko telefonoarekin egin daitezkeen irudien grabaketa eta edizio lanak egin; argazki bidezko kazetari lanetan aritu; podcast-ak grabatu... Hori guztia, "modu dibertigarrian". "Ezin ahaztu udalekuak direla eta ondo pasatzera datozela gazteak", azaldu du MUko irakasle Unai Portillak.

(Argazkia: Goiena)

Iazko esperientzia "oso positiboa" izan zen, eta aurten, campusa berriz antolatzea erabaki dute, gazteei komunikazioan sakontzeko aukera emateko. "Gure elkarlanaren balorazio ona egin genuen, eta campusean parte hartu zuten ikasleek ere gustura aritu zirela, asko ikasi zutela, eta batzuek errepikatzeko gogoa zutela ere adierazi ziguten. Halako balorazioarekin, beste edizio bat prestatzea erabaki dugu", azaldu du Goiena Komunikazio Taldeko presidente Monika Belastegik.

Telebistako plato batetik zuzeneko podcast bat egiteko aukera izango dute ikasleek

Aurten, gainera, bi txanda antolatu dituzte DBH-4ko eta batxilergoko lehenengo maila diharduten gazteendako: lehena uztailaren 4tik 8ra eta bigarrena uztailaren 11tik 15era. "Iaz, hamar lagunek hartu zuten parte. Ez da lantalde handia, baina inportanteena da parte hartu zuten gazteen asebetetzea. Denek nabarmendu zuten oso campus dinamiko, parte hartzaile eta dibertigarria izan zela. Oso ondo pasatu zutela aitortu ziguten amaieran. Horrela, aurten, bi txanda jarri ditugu, gehienez hamaboat lagunekoa bakoitza. Astelehenetik ostiralera, goiz partean (09:00-13:30) izango dira. Tartean, atsedenerako unea hartuta, hamaiketakoa ere bertan, MUren Aretxabaletako campusean, eskainiko zaie parte hartzaileei", dio Unai Portillak.

(Argazkia: Goiena)

Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta Goienako profesionalek hartuko dute parte udalekuetan, eta, era berean, landuko diren gaietan ezagunak direnek eta eskarmentua dutenek emango dituzte master-eskolak: Ainhoa Vitoria komunikatzaile eta Gazteako irrati esatariak, Alex Padilla sare sozialetan aditu eta Tabakalera eta Gazteako komunikazio teknikariak; eta Goiena Komunikazio Taldeko Xabier Urtzelaik, mojo edo eskuko telefono adimendunekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan adituak.

Malen Gonzalez (iazko ikaslea): "Kazetaritza zer den ikusteko ikuspegi orokorra ematen dizu"

"Gaur egun, gazte gehienek berezkoa dute komunikaziorako grina. Bideoak egin eta informazioa hainbat kanal eta sare sozialetan kontsumitzen dute, une oro. Gertuko gaia da eurentzat eta aisialdiarekin lotzen dute, baina, agian, ez dira jabetu euren etorkizuneko ibilbide profesionalaren parte izan daitekeela", adierazi du Unai Portillak.

(Argazkia: Goiena)

Zuzeneko podcasta, berritasun nagusia

Udalekuen helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura. Hori dela eta, aurten, arreta berezia jarriko da telebistako platotik egindako zuzeneko podcast saioetan. Ariketak egiteko, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Campuseko baliabideak erabiliko dira: telebista-platoa, ordenagailuak eta beharrezko izango duten bestelako materiala. Horretaz gain, Goienaren Arrasateko egoitza –erredakzioa, telebistako platoa eta irratia– bisitatuko dute egun batean.

Naroa Moreno (iazko ikaslea): "Jorratzen diren gaiak atseginak eta oso interesgarriak dira, benetan"

"Aurtengo berrikuntza nagusia izango da proiektu nagusi bat izango dugula, campusari amaiera emateko, eta zuzeneko podcast bat egitea izango da. Irratiaz gain, bideogintzarekin eta zuzeneko errealizazioarekin uztartuko dugu lana", adierazi du Unai Portilla irakasleak.

(Argazkia: Goiena)

Iazko ikasleak, "pozik"

Joan den urteko udalekuetan hamar ikaslek parte hartu zuten, eta "oso gustura" ibili ziren komunikazioaren munduan "sakontzen. Kazetaritza zer den jakiteko ikuspegi orokorra eman zidan Komunikazio Campusak. Nik Ainhoa Vitoriarekin irratian jardun ahal izan nuen, eta horixe izan zen gehien gustatu zitzaidana", azaldu du iaz Campusean parte hartu zuen Malen Gonzalezek. "Telebistako tailerrarekin oso ondo pasatu genuen. Goiena barrutik ezagutzeko aukera izan genuen, gainera", gaineratu du Gonzalezek.

"Azkarra da eta jorratzen diren gaiak oso atseginak eta interesgarriak dira. Niri txinparta moduko bat piztu zitzaidan eta kamerekin eta irratiarekin ibiltzea asko gustatu zitzaidan. Oraindik ez dakit zer ikasiko dudan etorkizunean, baina interesa pizten zaizu udalekuetan", gaineratu du iazko parte-hartzaile Naroa Morenok.

Adituen testigantzak

"Kazetaritza mugikorra zer den ikusi eta ikasiko dugu"

XABIER URZELAI Kazetaria

Goienako kazetariak eskuko telefonoarekin grabatzeko gakoak emango ditu: "Iazko esperientzia oso emankorra izan zen. Aurten bigarren campusarekin gatoz eta argazkilaritza eta fotokazetaritza gazteei gerturatzen saiatuko naiz. Gazteek uste dutena baino gehiago dakite irudi konposizioari dagokionez, une oro dute-eta kamera bat poltsikoan, eta irudien gizarte honetan, nahi gabe ere, barneratu egiten ditugu gauza asko. Jakintza horri, baina, gauza berriak gehituko dizkiogu. Beraz, kazetaritza mugikorra zer den ikusiko dugu, smartphonearekin ere gauza asko egin daitezke eta".

 

"Podcastak egiten ikasiko dugu, besteak beste"

AINHOA VITORIA Irrati esataria

Irratiaren gertutasuna eta gaur egun modan dauden podcastak hobeto ezagutzeko aukera emango du Komunikazio Campusak. "Merezi du izena ematea; beraz, hemendik, gazteei izena emateko dei egiten diet! Esperientzia polita izango da, eta gazteek, besteak beste, podcastak egiten ikasiko dute. Gainera, goizez bakarrik denez, arratsaldea aprobetxatu ahalko dute hondartzara joateko edo kuadrillarekin egoteko", azpimarratu du Gazteako irrati esatari Ainhoa Vitoriak. Iazko esperientzia positiboaren ostean, "ahotsarekin eta soinuarekin zenbat gauza egin daitezkeen" erakustea da Vitoriaren helburu nagusienetakoa.

 

"Sare sozialak erabiltzeko gakoak ikasiko ditugu"

ALEX PADILLA Komunikazioan aditua

Sare sozialen kudeaketan urteetako eskarmentua du Alex Padillak, eta, besteak beste, Gazteako sare sozialen kudeatzaile eta Tabakalerako komunikazioan dihardu gaur egun: "Sekulako plana izango da Komunikazio Campusa, uztailean, irratiaz, komunikazioaz, telebistaz, eta nirekin sare sozialen inguruko gauza asko ikasi ahal izango dituzte gaztetxoek. Askotariko bideo motak eta edukiak egiten ikasiko dugu. Sare sozial guztiak ondo erabiltzeko gakoak emango dizkiet ikasleei: Instagram, Tiktok, Youtube eta abar. Den-dena astebeteko ikastaro zoragarri batean", azaldu du Padillak.

Informazioa eta izen-ematea

  • Noiz? Bi txanda: lehena, uztailaren 4etik 8ra; bigarrena, 11tik 15era.
  • Ordutegia: 09:00etatik 13:30era, ordu erdiko atsedenaldiarekin.
  • Non? Aretxabaletan, Mondragon Unibertsitatearen Komunikazio campusean.
  • Norentzat? DBH-4ko eta Batxilergoko lehen mailako neska-mutikoentzat.
  • Izen-emate epea: 2022ko ekainaren 17ra arte.
  • Antolatzaileak: Mondragon Unibertsitatea eta Goiena Komunikazio Taldea.
  • Prezioa: 125 euro.
  • Informazio gehiago: 600 02 27 20 (telefonoa, Whatsapp, Telegram) eta komunikaziocampusa@mondragon.edu
  • Izen-ematea: www.goiena.eus/bereziak/udalekuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak