Hazia erein, ureztatu eta uzta batu

Hasier Larrea 2022ko mai. 10a, 12:58

Joan den azaroan aurkeztu zuten Debagoien mailako Amerika elkartea, etorkinen bizi eta lan egoeren hobekuntzan eragiteko asmotan. Orduan, helburu handiak zehaztu zituzten erakundeko kideek; enpresa kooperatibo propioak sortzea, adibidez. Urte erdi igaro ostean, lehen ikastaroak ematen hasi dira. Hona PUNTUAko martxoaren 25eko alerako egindako erreportajea. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Izen ponposoa jarri zioten kolektiboari jaioberritan, sortzaileen Amerika elkarteko kideak, joan asmoak ere halakoak zirelako. Amerika elkartea ez baita soilik Ozeano Atlantikoaren beste aldetik datozenenendako topagunea. Etorkin orori zabaldu dizkiote ateak, eta prest daude herri mailako eragileekin lan egiteko. "Gure jatorriak askotarikoak diren arren, kide gehienon ama-hizkuntza gaztelera da; hartara, norbaitek aipa dezake ez dugula gizarte honetan integratzeko arazo handirik, eta hori sostenga dezake esanez orain arte ez dela egon hegoamerikarrok sortutako erakunde antolaturik. Baina behar ugari ditugu, oztopoak adina", adierazi zuen Daniela Castro presidenteak elkarte bezala egindako lehen agerraldian.

Hizkuntzari erreferentzia zuzena egin zion lehen argibidean. Euskara eta identitatea izendatu zituen jarraian: "Euskal kultura ezagutu eta euskaraz jarduteko gaitasunak eskuratu gura ditugu. Gure jaioterriek ere prozesu inperialistak sufritu zituzten, eta, horregatik, oso identifikatuta sentitzen gara hemengo kulturarekin". Era berean, oso kontziente dira egungo gizartean jokatzen duten eginkizun garrantzitsuaz, gehienek pertsona nagusien zaintza-lanetan jarduten dute eta. Baina sentipena dute ez dituztela behar beste baloratzen, egoera irregularretatik irtetea asko kostatzen zaielako: "Gutxienez, hiru urte bete behar ditugu hemen bizi izaten etxebizitza-eskubidea lortu arte; erroldatzeko ezinbesteko baldintza da hori".

Amerika elkarteko kideak, joan den azaroko aurkezpen-egunean, jatorri amerikarra duen likidanbar zuhaitzaren azpian, Kulturate kanpoaldean, Arrasaten. (Argazkia: Hasier Larrea)

Erregularizazioen bizkortzea, "guztiontzat"

Horren harira, interesgarria da etorkinei galdetzea zein den Ukrainako errefuxiatuei Espainiako eta Euskal Herriko instituzioek egin dieten harrerari buruzko iritzia. Amerika elkartekoen esanetan, erakundeek "bikain" erantzun dute: "Gainontzeko etorkinekin ere berdin jokatu dezaketela erakutsi dute". Ondorioz, honako mezu hau zabaldu dute: "Itsasoa zeharkatzen duen orok eskubidea eta aukera izan beharko luke dokumentuak homologatuz lan egin eta bizi izateko eskubide duinak jasotzeko, dela siriarra, yemendarra, sahararra edo kolonbiarra. Modu irregularrean, asilo politikoarekin edo errefuxiatuta egonda ere, bizkortu egin beharko lituzkete migratu guztiei eragiten dizkieten tramite burokratikoak. Gobernuek, nahi izan dutenean, azkar asko erregularizatu dituzte etorkinen dokumentuak; lanerako eskaintza masiboak egon direnean, esate baterako".

Integrazioa eta kulturak lantzeaz gain, kalitatezko lanpostuak sortu gura dituzte

Helburu hori lortzeko, Esenciales izeneko kanpaina sortu da Espainia mailan, eragile ugari barnebiltzen dituen Regularizacion Ya! taldearen iniziatibaz. 500.000 sinadura biltzen badituzte, Diputatuen Kongresuan eztabaidatuko dute gaia alderdi politikoetako ordezkariek. Amerika elkartekoek bat egin dute egitasmoarekin, eta herritarren sinadurak batzen ibili dira azken egunotan Arrasateko San Andres auzoan jarri duten janari eta edarien postuan eta Maiatzaren Lehenaren bueltan egindako mobilizazioetan.

Talentua bideratzeko grina

Argi dute erregularizazioak ate asko zabalduko lizkiekeela etorkinei. Izan ere, hona datozen asko kualifikazio handiko langileak izan ohi dira, baina zailtasun handiak izaten dituzte haien espezializazioan jarduteko, eta, ondorioz, balorizazio baxuko lanpostuetan aritu behar izaten dute. Egoera hori iraultzeko asmotan, "talentua erakartzeko gunea" ere izan gura du Amerika elkarteak, kide bakoitzak duen jakintza kolektibizatzeko. Formakuntza eta Kultura arduradun Daniela Predozak aipatu duenez, "tresna digitalak, brikolajea, joskintza eta halako gaiak" landu gura dituzte adituen ikuspuntu eta esperientziak aprobetxatuz: "Hala, egunerokotasunean sortzen diren beharrizanei erantzuteko erremintak bereganatuko ditugu kideok".

Joan den asteburuan, Arrasateko San Andres auzoko jaietan jarritako postuan, janariak eta edariak saltzen. (Argazkia: Hasier Larrea)

Kooperatibak sortzea jomugan

Asmo horiek ikastaroen bidez gauzatuko dituzte, Arrasateko Udalaren bitartez eskuratu duten lokalean, Altamira auzoko Jose Luis Iñarra kaleko 30-32 atarian. Proiektu horiek "definitzen" ari dira oraindik, baina bada dagoeneko martxan jarri duten ikastaro bat: dantza latinoen tailerra, hain zuzen. Egitasmo horrek elkarteak duen bokazio bati erantzuten dio: "Amerikar jatorriko ohitura kulturalak euskal jendartean zabaltzea da dugun beste erronka bat, hemen bizi direnek gure sustraiak estimatu ditzaten".

Elkartea 30 bazkide inguruk osatzen dute, eta ekintzen bidez sareak ehuntzen ari dira

Luzera begira jarrita, gustatuko litzaieke euren bizimodua antolatzeko autonomia osoa izatea, eta, horretarako, lanpostuak sortzea uste dute dela irtenbiderik onena. Hermann Vazquez lege-aholkulariak zehaztu du enpresa kooperatiboak eratuta lortuko dutela hori, "Arizmendiarrieta aitaren ideiak jarraitzea adibide egokia" dela iritzita. Zaintza-lanak, jantzigintza, aholkularitza juridikoa, laguntza psikologikoa eta bestelako esparruak jorratuko lituzkete enpresa horiek.

Sumendiak bezala, erupzio betean dago Amerika elkartea. Haien jarduna gertutik jarraitzeko edo ekintzetan parte hartzeko, 686 07 39 33 zenbakira eta Instagrameko kontura jo dezake edonork.

Txaski hilabetekaria, eskutik eskura informatzeko

Esku artean dauzkaten proiektuak eta ideiak ezagutarazteko, Txaski izeneko eskuorria kaleratzen hasi ziren apirilean: "Inken kulturan, chasqui-ak mezulariak ziren, eta elkarri erreleboak emanez helarazten zituzten mezu eta albisteak alde batetik bestera".

Eurek ere eskuz esku banatuko dituzte aleak, bazkideen gertuko lagunen bitartez. Hala, Debagoienean bizi diren komunitate guztietara iritsi nahi dute, "ez bakarrik hegoamerikarretara".

Apirileko zenbakian, Amerika elkartearen filosofia, erroldaren inguruko datuak, pertsona migratuen testigantzak eta etorkinen erregularizazioa lortzeko Espainia mailako mugimendua izan dituzte hizpide, besteak beste.

Amerika elkarteko hainbat kide, 'Txaski' hilabetekaria eskuan dutela. (Argazkia: Hasier Larrea)

Bailaran, ia 3.000 lagun

Erroldari dagokionez, Arrasaten bizi diren latinoamerikarren datuak eman dituzte argitara Txaski-n. Guztira, 1.250 daude erroldatuta; horrek esan nahi du erroldatuta dauden etorkinen erdiak direla, eta, Arrasateko populazio osoarekin alderatuz, %11. Generoa aintzat hartuta, jatorri latinoa duten %62 dira emakumeak; alegia, ia-ia hiru pertsonatik bi.

Zehatz-mehatz aditzera eman ez badute ere, uste dute Debagoienean ia 3.000 latinoamerikar bizi direla. Datozen hilabeteetan joango dira bailarako herri bakoitzeko erroldei buruzko datu gehiago ematen.

Amerika elkarteko kideen testigantzak

Jatorri kolonbiarreko pertsonek osatzen dute, bereziki, erakundea, baina perutarrak eta nikaraguarrak ere badaude. Batzen direnean, oso identifikatuta sentitzen dira bakoitzak kontatzen duenarekin, eta, elkarri lagunduta, argi dute oso urrun iritsi daitezkeela.

"Sistemak zapaltzen jarraitu ez gaitzan sortu dugu elkartea"

DANIELA PEDROZA Estetizista

(Argazkia: Hasier Larrea)

Izan dituzu lan esperientzia desatseginak?

Bailarako familia bati zerbitzu sozio-sanitarioa ematen nenbilela, kontratua egin behar zidatenean beltzean ordaintzen jarraitu nahi izan zuten. Nik uko egin nion horri, nire egoera erregulatuta neukalako jada, baina kalera bidali ninduten. Oso gogorra izan zen niretzat, egin beharrekoa egiten ari bainintzen.

Kasu isolatutzat duzu?

Zoritxarrez, ez. Enpresek ere antzera jokatzen dute sarritan. Kontratatzaileek badakite zein den gure egoera; sistemak gure gaineko esplotazioa ahalbidetzen duela, alegia. Eta atzerritarra, askotan, behartuta dago lan baldintza prekarioak onartzera.

 

"San Andresko jaietako postuak proiektua ezagutarazten lagundu digu"

GLORIA GOMEZ Erizaina

(Argazkia: Hasier Larrea)

Pauso txikiak ematen ari zaretela diozue.

Asteburuko jaien bueltan egokitutako janari eta edari postuak erakusten du hori. Gure ideiekin bat egiten duen dinamika izan da: salgaiek gure herrialdeetako elikagaiak bistaratu dituzte, eta, era berean, lana lortzeko zailtasuna duten jendeari diru-iturri txiki bat lortzeko aukera eskaini diogu postuan lan eginda. Publikoaren aurrean egon garen lehen aldia izan da eta ederto ibili gara.

Integrazioa darabilzu ahoan.

Guk ere euskal gizartean parte hartu gura dugu, eta badakigu hizkuntza oso elementu garrantzitsua dela horretarako. 2017an hasi nintzen euskara ikasten, eta orain, nire alabak laguntzen dit.

 

"Dantza folklorikoak aproposak dira kulturen balioak transmititzeko"

MARILUZ MAYA Dantzaria

(Argazkia: Hasier Larrea)

Joan den azaroa ezkero zaude hemen. Zer moduz?

Sorpresa on asko jaso ditut Antiokiatik (Kolonbia) iritsi nintzenetik. Lanbidez dantzaria naiz, Kolonbiako dantza folkloriko ikasketak dauzkat, eta alor hori jorratzen jarraitzeko ideiarekin etorri nintzen hona. Lortzen ari naizela baiezta dezaket.

Besteak beste, dantza ikastaroak ematen dituzu elkartearen bidez.

Asteburuan umeekin aritu nintzen zumba estiloa irakasten. Aste honetan hasi gara helduekin, Altamira auzoko lokalean. Asmoa da dantza latino gehienak lantzea: merengea, bachata... Euskal dantzak ikasi nahiko nituzke, elkartrukea egiteko.

 

"Arropa marka propioko enpresa sortzea ez da ameskeria"

ALEJANDRO VALLEJO Jostuna

(Argazkia: Hasier Larrea)

Bi urte baino gehiago daramatzazu euskaldunen artean bizi izaten. Nola moldatu izan zara?

Gero eta erosoago sentitzen naiz hemen. Batzuek konfiantzarik eza erakusten dute hitz egiteko orduan, baina beste batzuk irekiago azaltzen dira, hitz egiteko prest beti.

Noiztik zara jostuna?

14 urte nituenetik. Osabaren jantzigintza-enpresan hasi nintzen lanean.

Ze ekarpen egin diezaiokezu Amerika elkarteari?

Joskintzako proiektuaren parte naiz, laster ekingo diogu. Tailerretara etorriko direnei erakutsi nahi diegu euren arropan sortzen zaizkien urradurak konpontzen. Gero, jarriko gara gure arropak diseinatzen, lanpostuak sor daitezen.

 

"Ederra da jatorri ugaritako pertsonok espazio bera partekatzea"

KARLA SANCHEZ Artisaua

(Argazkia: Hasier Larrea)

Zure jaioterriari, Nikaraguari, lotuta jarraitzen duzu, ezta?

Sei urte bete ditut hemen, baina oso presente daukat hango antzinako kultura. Nikaraguako artisau- produktuak ekoiztuta, nire herrialdearekin, lurrarekin eta mendiekin konektatzen dut zuzenean.

Zertarako baliatzen duzu elkartea?

Makrame teknika erakusteko deitu izan didate, esate baterako. Maila lokalean aritzen gara, eta horrek laguntzen du integrazioa barrutik kanporakoa izaten. Sinergia espazioak sortuta, besteen esperientzietatik elikatzen gara. Gainera, ahalduntzeko baliabideak ere lortzen ditugu, dokumentuak tramitatzeko informazioa jakinda, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak