Joan den urteko kanpainan, 68.700 herritarrek aurkeztu zuten errenta aitorpena euskaraz; aurrekoan baino %5,7 gehiago. Jokin Perona, Gipuzkoako Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak aurreratu duenez, gaur gaurkoz, ia 84.000 herritarrek dute eskatuta Ogasunarekin harremana euskaraz egitea. Eta, 2023rako helburua da "100.000 herritar izatea".
Modalitate mekanizatua
Errenta aitorpen mekanizatuan, telefonoz edo internet bidez hitzordua aurrez eskatuz gero, aitorpena egiteko laguntza eskaintzen dute Ogasunaren bulegoetan. Aurtengoan guztira, 62.000 aitorpen jasotzea aurreikusten dute modalitate mekanizatuan. Hitzordua webgunearen bitartez edo 943 11 30 00 telefonora deituta hartu daiteke.
Apirilaren 4an hasi zen errenta kanpaina Gipuzkoan, orduan hasi baitzen proposamenak onartzeko epea, eta ekainaren 30era arte luzatuko da. Ogasunaren aurreikuspenen arabera, 387.000 aitorpen aurkeztuko dira kanpainan; foru erakundeak 280 milioi euro itzuliko dizkie gipuzkoarrei, eta beste 276,5 milioi euro jaso.