70 kasurekin, behera egin dute datuek azken astean

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 4a, 14:13

70 kasu hauteman dira azken zazpi egunetan Debagoienean, joan zen astean baino hamaika gutxiago. Hala, behera egin du intzidentzia-tasak ere: 235,91. Datuak aztertzerakoan, baina, bi aldagai hartu behar dira kontuan: Osasun Sailaren jarraibideen eguneraketa, eta datuak argitaratzeko Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak egindako egutegi aldaketak.

Egoera epidemiologikoaren azterketa egiterakoan, ezinbestean azken astean aldatu diren bi aldagai hartu behar dira kontuan. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak asintomatiko diren edo sintoma arinak dituzten herritarrek berrogeialdirik, eta ondorioz, Osasun Sailari jakinarazpenik ez egitea erabaki zuen iragan astelehenean. Bestetik, Nafarroako Gobernuak datuak eguaztenetan soilik eguneratuko dituela jakinarazi du; Eusko Jaurlaritzak jakinarazpenik egin ez duen arren, eguenean ez zuen ohiko eguneraketa egin, eta gaur eman ditu azken zazpi egunetako balioak.

Aipatutako azken datuei erreparatuta, joan zen astean baino hamaika kasu gutxiago atzeman dira azken zazpi egunetan Debagoienean –70, zehazki–. Bergaran hauteman dira kutsatu gehien (24), eta gora egin dute kasuek (+8); antzeko egoeran dira Aretxabaleta (+3) eta Antzuola (+1) ere. Txanponaren beste aldean, zortzi kutsatu gutxiago izan dira Arrasaten, seina Oñatin eta Eskoriatzan, bi Aramaion eta bat Elgetan.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Jaitsiera txikia

Intzidentziaren bilakaerari erreparatuta, hamalau puntuan egin du behera balioak iragan astetik; hots, 249,97an zen duela zazpi egun, eta 235,91an zen atzo. Nabarmenagoa izan da jaitsiera Araban (413,98), Gipuzkoan (359,35) eta Bizkaian (373,09), hiru tasek bailarakoak baino altuago jarraitzen duten arren. Nafarroako azken datua –martxoaren 29koa–, berriz, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako okerrena zen: 588,18.

Beherantz, pixkanaka

Nafarroako Gobernuaren erabakiak eragin zuzena du Hego Euskal Herriko ospitaleen egoera aztertzerakoan. Azken datu bateratuei erreparatuta –martxoaren 29koak–, bilakaera positiboa zen; bi astean lehen aldiz, 200 herritarretatik behera zeuden ospitaleratuta –194, horietatik 20 ZIUetan–. EAEko azken bost egunetako datuei so eginez gero, antzekoa da bilakaera; beherantz doaz zaintza behar duten herritarrak, pixkanaka bada ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak