Joan zen martitzenean Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak iragarritako bidetik, positibo eman baina sintoma arinak dituzten kolektibo ez zaurgarrietako herritarrek ez dute berrogeialdirik egin beharko gaurtik aurrera. Hala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren Zaintza eta Kontrol Estrategia berria eman du jakitera gaur, gaitzaren aurrean izan beharreko irizpide eta jarraibide berriekin.
Estrategia berriaren helburua "zaintza eta jarraipena" pertsona zaurgarriengan "are gehiago" zentratzea da; hots, kolektibo ahuleko pertsonengan, horiekin harreman zuzena dutenengan eta sintoma larriak dituzten herritarrengan jarriko dute esfortzua.
Kolektibo zaurgarriak
60 urte edo gehiago dituztenak, pertsona immunodeprimituak, haurdunak, osasun-zentro, espetxe edo zentro soziosanitarioetan lan egiten dutenak eta laguntza edo zaintza lanetan dihardutenak dira talde honetako partaide.
Gaitzaren sintomak dituztenean, ohiko jarraibideak bete beharko dituzte: proba diagnostikoa egiteko Osakidetzaren webguneko inprimakia bete eta "kontu handiz ibili, maskara zuzen eta etengabe erabili, eta interakzio sozialak ahalik eta gehien murriztu".
Kolektibo ez zaurgarriak
Herritar talde honetan eman da aldaketa esanguratsuena; aurrez aipatutako kolektibo zaurgarrietan ez dauden pertsonengan, hain zuzen. Sintoma arinak dituztenek edo, positibo eman arren, asintomatiko direnek ez dute jakinarazi beharko, ezta berrogeialdirik egin beharko ere. Hala ere, "zuhurtzia eta erantzukizuna" eskatu ditu Osasun Sailak.
Norbanako hauek sintomek okerrera egiten dutenean soilik jarri beharko dira Osakidetzarekin harremanetan, hala nola "arnasteko zailtasuna, 4 egun baino gehiagoko sukar altua edo eztul oso handia".
Kontaktu estuak
Kolektibo zaurgarrietako eremuetan –osasun-zentro asistentzialak, zentro soziosanitarioak eta laguntza soziosanitarioa ematen duten eguneko zentroak zein espetxeak– "maiz" izaten diren herritarrak soilik identifikatuko dira kontaktu estu gisa, baina ez dute berrogeialdirik egin beharko. Kasu honetan, musukoak "zuzen eta etengabe" erabiltzea, sintomak zaintzea eta pertsona zaurgarriekin egotea zein ekitaldi jendetsuetan parte hartzea saihestea eskatu du Jaurlaritzak.