Migratzaileen buru osasuna, erdigunean

Uxue Igarza Loiola 2022ko api. 1a, 10:00

Etxabe, Lugarizaristi eta Ruiz, Arrasateko Caritaseko egoitzaren atarian.

Ukrainatik, Afrikatik eta Latinoamerikatik datozen pertsonen ongizatea lehenetsi nahi dute Debagoieneko boluntarioek eta baita irungo Harrera Sareko kideek ere. Besteak beste, Arreta psikologikoan jarri du arreta Arrasateko Caritasek; horretarako, Jokin Ruiz profesionalaren laguntza izango dute.

Jokin Ruiz Kortabarria arrasatearrak badarama denbora bat askotariko jatorrietatik datozen migratzaileei arreta psikologikoa ematen. Boluntario jardun izan du –Zehar eta SOS Arrazakeria gobernuz kanpoko erakundeetan–, eta orain, Ukrainatik ihesi datozen pertsonekin egoteko hautua egin du; bai orain arte egindakoarekin jarraitzeko eta baita gatazka gertu sentitzen duelako ere –bere izeba ukrainarra baita–.

Bide berri horretan, bikotekide Irene Vasquez Correa du lagun –psikologoa bera ere–, eta baita Victoriano Etxabe Arrasateko parrokoa eta Leire Lugarizaristi Deba eskualdeko Caritaseko gizarte langilea ere. Guztien artean "sarea ehuntzen" dihardute, arreta psikologikoa behar duen pertsona oro artatu ahal izateko.

Ruizen arabera, gatazketatik datozen pertsonen ongizatea bermatzeko bi alor hartu behar dira kontuan: lehenengoa da pertsona horiei janaria, arropa eta bizi- tzeko oinarrizkoak diren elementuak ematea –baita bizileku bat ere–; eta bigarrena, alderdi psikologikoa lantzea: "Aldaketak asimilatzea lan handia da, eta, are gehiago, gerraren testuinguruan badira. Familia eta herria atzean uztea beti da zaila, baina gerra batez ari gara. Min asko dago".

Azken alderdi horri orain arte ez zaiola "baliorik eman" esan du Ruizek, eta bat egin du Caritaseko gizarte langile Lugarizaristik ere: "Egoera zaurgarrian dauden pertsonak artatzerakoan, oro har, ez da kontuan hartu horien buru osasuna. Baina, apurka-apurka, ari gara horri erreparatzen".

Lehenengo urratsak egiten

Korridore humanitarioek erraztu egin dute errefuxiatuak Debagoienera iristea, eta azken bi asteetan harrera familia askok lortu dute haur, gazte eta heldu ukrainarrak etxean hartzea. Horietako hainbatekin du harremana Caritasek –bai Victoriano Etxabe parrokoaren bitartez eta bai Leire Lugarizaristi eskualdeko gizarte langilearen bitartez–.

Momentu honetan, psikologikoki artatuak izateko premia duten pertsonak identifikatzen ari da Caritas, Jokin Ruiz eta Irene Vasquezekin harremanetan jartzeko. "Kontaktuak egiten ari gara; hori da lehenengo pausoa. Ondoren, norbaitek laguntza behar badu, gu hor egongo gara; bidea egiten lagunduko diogu", azaldu du Ruizek.

Alor guztietako boluntarioak

Leire Lugarizaristik eta Jokin Ruizek aste honetan bertan ezagutu dute elkar, Arrasateko Caritasen egoitzan. Biek dute argi –baita Vitoriano Etxabek ere– alor askotariko profesionalak batuz gero arreta hobea eskainiko dietela egoera zaurgarrian daudenei. "Sarea ehundu behar dugu, eta asko eskertzen da boluntarioen laguntza", adierazi du gizarte langileak. Horri gehitu dio psikologoen lana "oso garrantzitsua" dela: "Gu saiatzen gara bidelagun izaten, baina, sarri, ez dugu erremintarik. Benetan eskertzen dugu Ruiz eta Vasquez bezalako profesionalak hor egotea".

Bestetik, herritarrek egindako ahalegina eta ekarpena ere eskertu nahi izan du Caritasek. Ukrainarrei bideratutako kanpaina abiatu zuen hilabete hasieran, eta emaitzarekin "harrituta" eta "oso pozik" dago Etxabe: "Arrasaten 20.000 euro batu dira ukrainarrei laguntzeko. Ikaragarria da". Bestetik, Gipuzkoa osoan egin den kanpainan, hamar egunean 100.000 euro batu dira asmo berarekin.

Laguntzeko bideek irekita jarraitzen dute, eta Caritasek baditu hainbat aukera: baliabide materialak eskaintzea (errefuxiatuak@euskadi.eus), ukrainarrak etxean hartzea (945 22 22 22), ekarpen ekonomikoak egitea (E38 3035 0001 5500 1010 3614) eta beste hainbat zereginetan laguntzea (943 44 07 44).

Irungo errealitatea, Oñatira

Aurrez esan bezala, askotariko jatorrietatik datozen migratzaileekin egin dute lan bailarako boluntarioek; bai norbanakoek eta baita eragileek eta elkarteek ere. Caritas da horietako bat eta Hotz Oñati beste bat. Martxoan "kontzientzia hartzeko kanpainan" murgildu dira oñatiarrak, eta itxiera emateko hitzaldia egingo dute gaur. Irungo Harrera Sareko Ion Aranguren kidea gonbidatu dute. 19:00etan izango da saioa, Zinema aretoan.

Harrera Sarean, Arangurenekin batera, 50 boluntario inguru ari dira lanean. Migratzaileek –batez ere, Afrikatik datozenak– Lapurdira igarotzeko bideak itxita dituzte. Frantziako Polizia dago mugetan eta migratzaileak Irunen pilatzen dira. Bertan bizi eta egiten dutena kontatuko du gaur Arangurenek Oñatin.

Aurreratu duenez, boluntarioek hiru arlotan banatzen dute egunerokoa: gauean, 22:00etatik aurrera, talde bat – Gautxori taldea– geltokira joaten da, iristen diren pertsonak aterpetxera bideratzeko; beste talde batek, goizetan, Irungo plazan informazio-gunea jartzen du; eta hirugarren taldea arropak emateaz arduratzen da.

Migratzaileek egoera "gordina" bizi dutela dio Arangurenek: "Aterpetxeari dagokionez, gehiengoak bertan sartzeko aukera izaten du, baina batzuk kalean geratzen dira –lekua egon arren–. Espainian urte bat baino gehiago egon badira edo asiloa beste herrialde baten eskatu badute, ez dute sartzeko eskubiderik". Hala, boluntarioaren arabera, gauero geratzen da pertsonaren bat kalean. "Miserablea iruditzen zaigu", gehitu du.

Bestetik, gogora ekarri du muga zeharkatzerakoan zortzi pertsona hil direla dagoeneko. "Bidasoa ibaian lau pertsona hil ziren iaz: batek bere buruaz beste egin zuen eta beste hiru itota hil ziren. Aurtengo urtean, duela hiru aste, gizon senegaldar bat hil zen. Beste hiru trenak harrapatu zituen", azaldu du.

Boluntarioei "kontrola"

"Migratzaileei egiten zaien jarraipena" salatu dute boluntarioek, eta baita laguntzaileei egiten zaiena ere: "Poliziak kontrolatu egiten gaitu, baina, orokorrean, hemen ez dugu arazo handirik; azken finean, ez gaude legala ez den ezer egiten". Halere, zehaztu du Iparraldean bestelakoa dela egoera: "Hendaian, Ziburun eta Urruñan ere badago jendea laguntzen. Migratzaileek muga igarotzen dutenean, Baionara hurbiltzen dituzte. Eta hor bai, Frantziako Polizia bestelako jarraipena egiten ari da; kriminalizazio saioa, hobeto esan".

Egoera gehiago zorroztuko dela uste du Arangurenek; besteak beste, hauteskundeak direlako laster Frantzian: "Momentu honetan, Polizia egunero eta 24 orduz dago mugan, baina, itxura guztien arabera, kontrola gehiago gogortuko da. Herritarrei egoera kontrolatzen duela erakutsi nahi die Frantziak; hori da erabiltzen duen propaganda". Aurreko hauteskundeetan Hendaiara 200 agente iritsi zirela azaldu du Harrera Sareko kideak: "Gauza bera gerta daiteke orain, eta horrek sufrimen- dua areagotuko du".

Migratzaileen arteko aldea

Arangurenen esanetan, muga zeharkatzea "ez da zaila" azal zuria izanez gero: "Poliziak pertsona beltzak edo itxura arabiarra dutenak geratzen ditu Irun eta Hendaia arteko zubian. Zuriak behin eta berriz pasa gaitezke. Kontrol arrazista da".

Horren harira, Ion Arangurenek Europan jarri du begirada: "Begien bistan dugu nola egin behar diren gauzak. Ikusi besterik ez dago nolako erantzuna ematen ari diren Europako herrialdeak ukrainar errefuxiatuak hartzeko. Posible da gauzak ondo egitea". Testuinguru horretan, galdera egin du Arangurenek: "Zergatik ukrainarrekin bai eta afrikarrekin ez?" Bere buruari erantzun dio: "Beltzak direlako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak