Migrazio doluaren prozesuari erreparatu gura dio Udalak, eta migratzaileen ongizate emozionalean jarri du arreta. Horretarako, eskarmentu handiko bidelaguna hartu du: esku-hartze psikosozialean aditu Jokin Ruiz Kortabarria psikologoa, hain
zuzen ere. Hamabi lan-saio egingo dituzte hiru hilabetetan banatuta, apiriletik ekainera bitartean; eta zapatu arratsaldeetan elkartuko dira horretarako, 16:00etatik 18:00etara bitartean, Ibarra kiroldegian.
Izen-emate epea zabalik
Ekimen horren helburuak zeintzuk diren zehaztu du Udalak: migrazio doluari buruzko kontzientzia hartzea erraztea; emozioak lasaitzeko gune bat eskaintzea; antsietate eta depresio mailak murriztea; orainaldia beste era batera doitzea; eta laguntza sare bat sortzea.
Lan-saio horietan parte hartu ahal izateko, hainbat baldintza bete beharko dira: gutxienez, sei hilabete eramatea harrerako herrialde edo probintzian; 16 urte baino gehiago izatea; gaztelania menperatzea; eta saioetan parte hartzeko konpromisoa hartzea. 14 eta 16 lagun arteko talde itxiak egingo dituzte.
Izena emateko epea dagoeneko zabaldu dute eta mezu bat bidali behar da helbide honetara: myriam@aretxabaleta.eus.
Jon Maiaren solasaldiak
Bestetik, migrazio kontuak hizpide izango ditu Jon Maia Soria (Urretxu, 1972) bertsolari, idazle eta abeslari ezagunak datozen
bi eguenetan, Loramendi euskara elkarteak gonbidatuta. Extremaduratik bertsolaritzara-Desde Extremadura al bertsolarismo solasaldia eskainiko du martxoaren 17an –euskaraz– eta 24an –gazteleraz–; Arkupen izango dira biak, debalde, 18:30ean.
Extremadura eta Zamorako jatorriei buruzko bizipenak eta gogoetak kontatuko ditu Maiak. Izan ere, gurasoak Euskal Herrira iritsitako etorkinak dira. Hala, euskarara iristeko egindako bidaia izango da solasaldiaren ardatz nagusia, punta-puntako bertsolaria izatera ailegatu arte, eta, horren baitan, migrazioa, integrazioa, hizkuntza, identitatea eta beste hainbat gai ukituko ditu.