%42 hazi dira kasuak bailaran azken bi asteetan

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 28a, 13:51

57tik 81era igaro da zazpi egunetako kutsatu kopurua bi astetan; igoera horren adierazle, Eskoriatzan azken astean 11 positibo berri atzeman dira, aurreko 18 egunetan beste. Intzidentzia-tasa 249,97an da. Ez gora ez behera, ospitaleratu kopurua 220 herritarren bueltan egonkortu da martxoaren bigarren hamabostaldian; ZIUetako presioa, baina, arintze bidean da. Horrez gain, azken astean 68 herritar hil dira gaitzarekin Hego Euskal Herrian.

Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak hala erabakita, gaurtik aurrera ez dute berrogeialdirik egin beharko positibo eman baina asintomatiko izan edo sintoma arinak dituzten herritarrek. Txanponaren beste aldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eguneratutako datuek positiboek iragan asteetako balioak gainditzen jarraitzen dutela adierazten dute.

Debagoienean, esaterako, %42 hazi da kutsatu kopurua bi astetan; hots, 81 izan dira azken zazpi egunetan hautemandako kasuak, eta 57 izan ziren martxoaren 7tik 13rako astean. Oñatin (+8) eta Elgetan (+1) ere kasuek gora egin duten arren, Eskoriatzarena da kasu adierazgarriena. Martxoaren 3tik 20ra beste herritarri atzeman zaie gaitza azken zazpi egunetan: 11.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

55 puntu gora

Bi asteko denbora tarte berean 249,97an kokatu da intzidentzia-tasa; zehazki, martxoaren 13an baino 55 puntu gehiagoan. Nafarroan (627,15), Araban (509,07) eta Bizkaian (474,74) tasak gorantz jarraitzen duen arren, Gipuzkoan bilakaera aldaketa egon da; 545etik 470era jaitsi da balioa azken hamar egunetan –lerro urdina–.

Antzuola, gorrira

Duela bi aste bost herri zeuden eremu gorritik kanpo; gaur, baina, Leintz Gatzagak eta Elgetak soilik eusten diote 150etik beherako intzidentzia-tasari. Zehazki, 0,00an da tasa Gatzagan, eta eremu berdean jarraitzen du bosgarren eguneraketaz jarraian; Elgetak, berriz, hilabete bete du eremu gorritik kanpo, eta 88,42an da intzidentzia uneotan.

ZIUak arintzen

Ez gora ez behera, ospitaleratu kopurua 220 herritarren bueltan egonkortu da martxoaren bigarren hamabostaldian; 225 herritar zeuden martxoaren 15ean, eta atzo, berriz, 227. Zainketa Intentsiboen Unitateetan, baina, presioa arintze bidean da. Izan ere, arreta berezia behar duten herritar kopuruak beherantz jarraitzen du; 21 ziren atzo. Hildakoei dagokionez, azken astean 68 herritar hil dira gaitzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak