Energia dela kausa, pobretzen

Julen Iriondo 2022ko mar. 29a, 12:11

Lehendik ere gertatzen ari zena larriagotu du Ukrainako gerrak: Errusiako energia baliabideekiko Europaren morrontza are ageriago utzi eta beste bultzada bat eman dio herritarren poltsikoa nabarmen zigortzen ari den inflazioari. Ez bide datoz garai errazak, eta zenbait errezeta mahaigaineratzen dituzte adituek. Hona PUNTUAko martxoaren 25eko alerako egindako erreportajea. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Erosketa saskia goraka doa; goraka, argindarraren eta gasaren faktura; gora, erregaiak. Batez ere, energia baliabideen garestitzeak hauspotu du aspalditxoan inflazioa, baina, ekoizpen prozesuetan zein garraioan haiek gako izanda, hasia da denera zabaltzen. Ukrainakoak muturrerago eraman du egoera; KPIren neurketa berrienak, otsailekoak, bost gerra egun baino ez ditu bere baitan, eta martxoan ere nabarmen hazi da gasaren eta petrolioaren prezioa, Errusiari ezarritako zigorrengatik.

INEren martxoko datuen zain, otsailekoetan ikusten da argindarra %80,5 garestiagoa dela duela urtebete baino; gasolioa, %28,4; eta gasolina, %25,1. Elikagaien artean, olioak, pasta eta irinak eta zerealak daude gehien igo direnen artean –Ukraina esportatzaile garrantzitsua da–. Urte arteko KPI %7,6 izan zen otsailean, urtarrilekoa baino puntu eta erdi handiagoa, eta 2022ko urtarriletik otsailera %0,8 garestitu zen bizimodua.

(Argazkia: Julen Iriondo Martinez de Zuazo)

Joseba Barandiaran ekonomialaria argi mintzo da: "Oso igoera handiak dira, euroa existitzen denetik ikusi ditugun handienak". Petrolioarena eta gasarena lehendik datorren bilakaera bat dela dio, pandemiak ere erasandakoa, orain larriagotua: "Orain arte gai aldakorrenak direnen prezioak igo dira –energia, jaki freskoak...–, batez ere; baina uste baino gehiago –eta, akaso, lehenago ere bai– kutsatuko dituzte gainerako ondasunak".

Fatima Alvarez Bilbao-Goyoaga ekonomialari eta LKS Nexteko aholkulariaren arabera, egungo gerragatik are gehiago garestitutako energiaren prezioen gorakada aurreko udan hasi zen, "pandemiaren gogorrenaren amaierarekin, industriak berriro ere martxa hartuta; batez ere, Txinan". Martxa hartze hark "energia behar handiagoa" ekarri zuela dio, eta, hortik, garestitzea.

Jokin Bergara (soziologoa): "Baliabide gutxiagoko mundu baterantz goaz, pixkanaka"

Jokin Bergara soziologo eibartarrak, berriz, krisi sozioekologiko edo zibilizazio krisi deritzonaren ikuspegiarekin irakurtzen du egungo egoera, inflazioa areagotzea ekarri duena, besteak beste. "Ezin dugu planteatu hemendik 10, 20 edo 50 urterako agertoki bat non energia oparo eta merkea eskura edukiko dugun, eta bagoaz, pixkanaka-pixkanaka, baliabide gutxiagoko mundu baterantz. Irakurketa hau ez dute bakarrik ekologista militante sukartsuek egiten, baizik eta botere geopolitikoek ere oso garbi daukate; beraz, nabarmena da agertoki horretan botere posizio bat edukitzea funtsezkoa dela, baldin eta ekonomia indartsua mantendu nahi badute. Gako horietan ulertu behar da Ukrainan gertatzen ari dena".

Berriztagarrien aldeko apustua

"Ondorioen iraupena eta larritasuna gerraren iraupenarekin eta hark nazioarteko merkatuetan eragingo duen triskantzarekin dago zuzenean lotuta", Fatima Alvarezen iritziz. LKS Nexteko aholkulariarentzat, "prezioen igoera pairatzen ari diren enpresei ezinbesteko zaie lehengaiak erraz eskuratzeko hornikuntza bide egonkorragoak aurkitzea, ekoizpena geratu beharrik ez izateko, bai eta energia iturri berriak topatzea ere –berriztagarriak–". Gobernuak "prezioak jaitsiarazteko" neurriak hartu eta "sektore kaltetuenak –autogintza, erregaiena edo nekazaritza-ekoizpenarena– eta familiak laguntzeko planak" egin behar lituzkeela uste du, "krisiari aurre egin ahal diezaioten eta 2022rako espero zen hazkunde ekonomikorako bidea errazteko".

Fatima Alvarezek dio "momentuko egoera gainditzen laguntzeko berehalako neurriak" behar direla, batetik, eta "energiaren prezioa erabakitzen duen planteamenduaren eta hirugarren herrialdeekiko menpekotasunaren azterketa integrala", bestetik, Europaren burujabetza handitzeko. Epe ertain eta luzera begira, berriztagarrien aldeko apustua aldarrikatzen du: "Parke eolikoen, eguzki plaka azpiegituren eta abarrekoen sorreran inbertitu behar da".

(Argazkia: Julen Iriondo Martinez de Zuazo)

Joseba Barandiaranen esanetan, trantsizio energetikoari dagokionez, berandutu egin zaigu: "Denbora eduki dugu. Petrolioaren shocka, bigarrena, 1979an izan zen; 40 urte pasatu dira. Asko aurreratu dugu trantsizio horretan? Bada, ez du ematen. Oraindik dugu garraioa erregai fosilen oso menpeko, eta beste hainbat alor ere bai. Ezin dugu esan iraunkortasunaren aldetik asko aurreratu dugunik azken hamarkadetan; ikusita ze eragin daukan gurean gasa edo gasolina garestitzeak, argi dago ez dugula behar beste aurreratu. Epe laburrean hori aldatu daiteke? Oso zaila. Horregatik etorriko zaigu pobretze bat, hazkunde txikiagoaren forman, edo dena delakoa. Hor erronka galanta daukagu". Eta jarraitzen du: "Agortzen ari den eta berriztagarria ez den energia iturri batzuetan oinarrituta dugu gaur egungo kontsumo maila. Borrellek esaten zuen berogailua jaistearena; hori gauza bat da, baina pentsatu beharko dugu, aurrera begira, beste berogailu mota bat beharko ote dugun, agian, argindarrean oinarrituagoa".

Fatima Alvarez (aholkularia): "Hornikuntza bide egonkorragoak behar dituzte enpresek"

Bien bitartean, langileen eros ahalmena babesteko "borroka" aurreikusten du Barandiaranek: "Langileek ikusten dute euren bizi baldintzak garestitzen dabiltzala, eta normala da soldata igoerak ere handiagoak eskatzea". Garai gatazkatsuak etor daitezkeela dio, garraiolarien grebarekin gertatzen ari den bezala: "Lehenengo urtea da halako igoera handi bat gertatu dena, eta lehenengo urtean, agian, ez da pasako, baina joera hori mantentzen bada –hurrengo urtean prezioak, berriz ere, %5 eta %7ren bueltan igoko direla esan du Europako Banku Zentralak–, ez dut uste %3 edo %4ko soldata igoerekin konforme izango direnik langileak".

Arazoaren sustraietara itzuliz, argindarraren garestitzearen aurrean, adibidez, Gobernuak zergak jaitsi ditzakeen arren, hori "adabaki bat" dela eta "sakoneko arazoak" hor jarraituko duela dio: "Ahal den heinean, jo beharko genuke energia gutxiago kontsumitzera edota geuk geurean lortutako energia kontsumitzera". Osterantzean, pobretzea saihestezina da, Joseba Barandiaranen esanetan.

Desazkundea, premiazko

Hain justu ere, inflazioa "pobreagoak garela esateko kontzeptu tekniko bat" dela dio Jokin Bergarak, ekonomialari bati entzuna errepikatuz. "Krisi ekonomiko bortitz baten atarian" egon gaitezkeela uste du: "Gure ekonomia energian eta lan produktiboan dago oinarrituta, eta, oinarri hori gabe geratzen bagara, krisi ekonomikoa bakarrik ez, krisi sozialak, politikoak eta gatazka militarrak etor daitezke".

Joseba Barandiaran (ekonomilaria): "Pobretzea datorkigu, hazkunde txikiagoaren forman"

Bergarak dioenez, "ezagutu dugun ongizate eredua energia oparo eta merke edukitzean" oinarritu da: "Debagoienean kooperatibismoa indartzen hasi zenean, adibidez, petrolio upela bi dolar ordaintzen zen merkatuetan. Hori anomalia historiko bat da: Emilio Santiago Muiño antropologo eta ekologo sozialak esaten du erregai fosilak direla tiro bakarreko zibilizazio-arma; behin erabilita, historian ez ditugu sekula berriro edukiko, erregai fosilak direlako milaka eta milaka urtetan metatutako eguzki energia". Ondorengo urteetan, "konbultsio ekonomiko-politikoak maiztasun handiarekin" gertatuko direla eta "kontsumorako gaitasuna murriztu" egingo dela deritzo; kapitalismoak bere irabaziak mantendu nahi, eta langileentzat eskubide eta eros ahalmen galerak etor daitezkeela.

(Argazkia: Julen Iriondo Martinez de Zuazo)

Bestalde, hala ere, iraunkortasun ikuspegitik, desazkundea ezinbesteko ikusten du Bergarak: "Baina nork desazi behar du? Denok ez gara krisi ekologikoaren erantzule maila berean, eta guztion kontsumo gaitasuna ere ez da berdina. Baldin eta trantsizio ekologikoa sozialki justua izatea nahi bada, desazi beharko dute, batez ere, kontsumo inpaktu handiena duten gizarteek, eta gu gaude horien barruan. Gu iparralde aberatseko parte gara, eta gure inpaktu ekologikoa oso handia da. Bidea zein izan daiteke gaur ikusten dugun koiuntura geopolitikoarekin eta? Autore batzuek planteatzen dute ekofaxismoa jarri daitekeela martxan, oinarrian zera dioena: 'Baliabideak hauek dira, gu jabetuko gara baliabide horietaz, eta gainerakoak hor konpon, konpon daitezela'. Eta horrek irudika dezake etorkizun bat gatazka gehiagorekin, mesfidantza gehiagoko gizarteak, elkartasuna praktikatzeko baldintzak gutxiagotuko diren etorkizun bat".

Eraldaketarako prest ote gauden funtsezkoa da Eibarko soziologoaren ustez

"Hori dena gertatu ez dadin, pentsatu daitezke programa ekonomiko zorrotzak, iraunkortasun irizpideen arabera eraikiak, eta hartu daitezke neurri batzuk, berehala, energiara sarbidea bermatzeko: adibidez, energia enpresa publiko potente bat sortzea; herri bakoitzaren eta bailara bakoitzaren geografia kontuan hartuta martxan jartzea proiektuak energia berriztagarriak sortzeko bertatik bertara. Ekonomia lokalizatu gehiago beharko da –filialak- eta dituzten enpresek pentsatu beharko dute, agian, horrelako uzkurtze bat, berriro Euskal Herrira etortzea eta beraien dimentsio ekonomikoa jaistea–; eta, azken finean, modan dagoen hitz hori, erresilienteago bilakatzea, ekonomia globalarekiko gure menpekotasuna murriztea, krisialdi testuinguruetan kolpea hain handia izan ez dadin".

Honekin lotuta, "faktore fundamentala" da, Bergararentzat, "kulturalki prest ote gauden" aipatutako eraldaketa aurrera eramateko: "Azken 40 urteotan sortu dugu klase ertaina; gure bizitza onaren definizioa da edukitzea autoa, bigarren etxebizitza bat hondartzan, neguan eskiatzera joatea furgonetarekin eta bizitzea oparotasun materialean. Honek guztiak eskatzen du horri uko egitea: ezingo gara hegazkinez joan edozein asteburutan bidaiak egitera, haragi kontsumoa murriztu egin beharko da, familia bakoitzak hiru auto izatearena bukatu egingo da, sasoiko produktuak kontsumitu beharko ditugu... Azkenean, materialki pobreagoak izango gara, agian; baina nik uste dut jende asko atera daitekeela estres eta azelerazio garai honetatik, eta denbora gehiago eduki zaintza lanetarako, harreman sozialak elikatzeko, familiarekin egoteko; hain materialak ez diren aberastasun horiek besarkatu ditzakegu desazitako ekonomia horretan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak