Eñaut Agirre: "Arriskuan dago naturarekin lotutako ahozko ondarea"

Txomin Madina Milikua 2022ko mar. 24a, 10:58

Eñaut Agirre, Gure faunari eta florari begira liburua eskuetan duela. (Argazkia: Txomin Madina)

Hamar urteko lanaren fruitua da Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek iaz argitaratutako 'Gure faunari eta florari begira' liburua. Euskara eta natura dira liburuaren ardatza, eta gai berak landu zituzten Arrasaten, Euskara eta natura txirikordatuz izenburupean emandako hitzaldian.

Ikasketaz filologoa eta gaur egun Garabideko langilea, Eñaut Agirre (Hernani, 1977) hamabi urtean Hernaniko kronika-n ibili zen lanean kazetari. Orduan hasi zen Iñaki Sanz-Azkue biologoarekin naturaren inguruko euskarazko ondarea jasotzea helburu duen proiektuan lanean.

Proiektu honekin hasi aurretik ez zinen natura kontuetan oso aditua edo jantzia.

Naturazalea beti izan naiz eta gustatu izan zait neure kabuz jakitea, adibidez, landare edo zuhaitz espezieen izenak. Baina nola ez dudan izan irakatsi didanik eta hainbeste ere ez naizen inplikatu izan, gutxi nekien: pinua, pagoa, zozoa eta usoa. Ikasteko har hori banuen, eta horretan bidelagun bikaina topatu dut Iñaki Sanz- Azkuerengan. Proiekturako elkarrizketatu ditugun hernaniar guztiek ere lagundu didate, argi genuelako gure herrian ezagutu, izendatu eta erabili diren izenak ikasi gura genituela.

Hasi Urumea inguruko flora eta faunarekin hasi zineten, baina zabaltzen joan da, denborak aurrera egin ahala. Zelan joan da gorpuzten proiektua?

Hasieran, zerrenda bat egitea zen asmoa, baina hori egiten hastean konturatu ginen izenez gain espezie bakoitzaren atzean bazegoela zer kontatu: natura bizitzeko modu bat, zeinari gure etxeko sukaldeetan denbora asko eskaini zaion. Era berean, konturatu ginen gauza asko errepikatu egiten zirela; ez zela etxe bakoitzeko kontua, herri-jakintza bat baizik. Orduan erabaki genuen lanketak Excel taula bat baino gehiago izan behar zuela, eta bilketa lana modu lasaiagoan egiten hasi ginen, elkarrizketa zabalagoekin. Bideoan grabatu genituen hainbat elkarrizketa eta emaitza izan zen, batetik, Burbunak eta etsayak ikus- entzunezkoa, eta, bestetik, Gure faunari eta florari begira liburua.

"Biodibertsitatearen bueltako hiztegiak esaten digu naturari oso lotuta egon garela"

Debagoieneko kontuek ere badute lekua liburuan.

Hernani inguruko jendeak esandakoak oinarri hartuta, animalia bakoitzaren inguruko bilaketa bat egin genuen, bibliografian zer ote zegoen jakiteko. Orotariko Euskal Hiztegia-n eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-n egiten nuen bilaketa fitxa bakoitza osatu aurretik, beste herri eta probintzia batzuetan espezie bakoitzari buruz zer idatzi izan duten ikusteko. Asier Sarasuaren txoriak.eus eta Lapurdin bere garaian idatzi zituzten gurearen estiloko beste fitxa batzuk ere erreferentzia ona izan dira. Guztiarekin puzzle bat osatzen joan nintzen, hernaniarrek esandakoak eta beste leku batzuetan aurkitutakoak batuaz: Debagoienekoak, Bizkaiko Uribe Kostakoak, Arabakoren bat edo beste, Nafarroakoak, Zuberoakoak, Lapurdiko asko... Liburua idazten ari nintzela konturatu nintzen lekuen arteko aldeak ez zirela asko, gauza berdintsuak esaten direla leku guztietan eta euskaldunen artean gauza askotan badagoela batasun edo ondare komun bat. Horixe egin zitzaidan kuriosoena. Miruek edo okilek abesten dutenean ura eskatzen dutela, esaterako.

Ahozko ondareak zenbat erakusten digu leku bateko biodibertsitatearen inguruan?

Leku batean espezien bat badagoen, edo egon den, zehaztasun osoz esan genezake. Etxez etxe galdetu eta elkarrizketak egin ostean, ondorio oso zehatzak atera ditzakezu. Iñakik berak ere esaten du jaso duguna dela dugun natura ondarea. Zalantzak ere izan ditugu. Lepahoria eta lepazuria, biak daude edo egon dira Hernanin? Elkarrizketak eginda ia ziurtasun osoz esan dezakegu, batez ere, lepazuria egon dela: denek dakite lepazuria zer den eta denek dakite lepahoria egon badagoela, baina ez Hernanin. Esan daiteke bakoitza biologo bat dela bere etxean.

Arrasaten egindako hitzaldiaren une bat. (Argazkia: Txomin Madina)

Eta toki bateko biodibertsitatearen bueltako hiztegiak zer esaten digu hizkuntza horretako hiztunei buruz?

Gure kasuan, naturari oso lotuak egon garela eta gure ingurua oso ondo ezagutzen dugula. Era berean, zenbat mugitu garen ere erakusten digu: gehiengoa ez da bere etxe ingurutik, atera, eta gertukoa oso ondo ezagutu arren, 20 kilometrora dagoena ia guztiz ezezaguna egiten zaio. Baina, beste alde batetik, badago mugimendu arrasto bat, merkataritzarekin eta ehizarekin lotuta, erakusten duena Hernaniren kasuan mugimendu handia egon dela Nafarroa aldera edo Donostia aldera. Hori ikusten da hiztegia aldatu egiten delako: beste leku batzuetako hiztegia eta erreferentziak ematen dizkizute.

Diozuenez, jakintza ez da izenetara mugatzen, animalien ohiturak-eta ere ondo ezagutzen dituzte.

Ikaragarri ezagutzen dute, eta naturako kontuak beste gauza askotarako erreferentzia moduan erabiltzen dituzte, jakintzak nahastuz, gainera: txori batzuen pase garaia lehenengo eta bigarren santakurtzen artean dela dakite; urtaroen araberako zikloak ezagutzen dituzte; badakite lore bat irteten denean animalia bat etorriko dela; landare bat ez badago txori mota bat ez dela agertuko... Ezagutza horrek erakusten du horretara begira bizi izan den jendea dela.

Naturarekin harremana duen ondarea bereziki da zabala euskaran ala hizkuntza guztietan aurkituko antzerako zerbait?

Hizkuntza guztietan dago aberastasun hori, baina hizkuntza guztietan ari da gertatzen euskarari eta euskaldunoi gertatzen ari zaiguna: naturatik gero eta urrunago gaude, eta, urruntzen garen momentuan, aberastasun hori ere galdu egiten da. Bizi dugun horri, egunero egiten dugun horri ematen diogu izena. Gaur egun, gutako edonork ezagutzen ditugu kaleen izenak; mendian bizi denak, aldiz, ez du kalerik, baina kukuak, baso txikiak, ote sailak ditu... Oso gauza arruntak egiten zaizkio, baina gurekin hitz egitean konturatzen da gauza arraroak direla kaletarrontzat eta apur bat harritu ere egiten da horrekin. Berarentzat egunerokoa dena guretzat mundu berri bat da.

"Zerbait memorian gordetzeko paperik ez zegoenean, kanten edo ipuinen bidez gordetzen zen"

Arriskuan ikusten duzu naturarekin lotutako ahozko ondare hori?

Bai; esan bezala, neurri handi batean, naturarekin harremana galtzen ari garelako eta zerbait behar ez dugunean harekiko hiztegia eta ezagutza ere galdu egiten delako. Egia da askotan oso negatibora jotzen dugula, pentsatuaz dena galtzear dagoela, baina guk, esaterako, ezagutza handia duen jende gazte askorekin ere egin dugu topo. Belaunaldi kontua ere sartzen da. Belaunaldi batek miseria eta gosea ezagutu eta naturan bizitzea horrekin lotu lezake, hizkuntzarekin gertatu den bezala. Horientzat garrantzitsua kalea, lantegia eta gaur egunean modernitatea den guztia da; besteak, zaharren kontuak dira. Eta orain, galtzen ari garen heinean konturatzen gara zelako altxorra ari garen galtzen. Sendabelarrekin ere gauza bera gertatzen da: Ereñotzu inguruan sekulako jakituria dago horri buruz, eta belaunaldi batek ukatu edo gutxietsi egin du. Nire ustetan, tradizio batzuk atzean utzi behar dira, denarekin ezin dugulako aurrera egin, baina gure eskuetan dago zer mantendu nahi dugun erabakitzea. Bere garaian hizkuntzarekin aurrera egin nahi genuela erabaki bezala, zergatik ez egin gauza bera beste jakintza batzuekin? Horregatik ikusten genuen hain garrantzitsua bilketa lana egitea; gero erabakiko dugu jasotakotik zer berreskuratu.

Zuen hitzaldietan kondairez eta sinesmenez ere egiten duzue berba. Zein protagonismo du naturak horietan?

Erabatekoa. Naturarekin kontaktuan bizi izanaren ondorio dira kondaira horiek, guztien oinarrian dago naturarekin lotutako errealitate bat. Ia denek dute egia puntu bat, eta gero eransten zaie inguruko guztia. Ahozko kulturen ezaugarri bat da hori: zerbait memorian gordetzeko paperik ez zegoen garaian, kanten edo ipuinen bidez gordetzen zen. Denari jartzen zitzaioan kanta, edo denari sortzen zitzaion ipuina. Arrobioaren kondaira etxe guztietan kontatu digute, esaterako. Pozoia duelako arrobioarekin kontuz ibiltzeko esan beharrean, basomutilen istorio bat kontatzen dute. Abisuak eta informazioa emateko modua da. Alde horretatik, espezie batzuk gauza positiboekin lotzen dira eta beste batzuk, negatiboekin. Zergatik lotzen dira anfibioak eta narrastiak gauza txarrekin? Ni neu ez naiz gaian aditua, baina zerbait kulturala izan daiteke. Ez dakit beste kultura batzuetan sugeei euskaldunok bezain modu negatiboan begiratzen dieten. Norbaiti tokatu behar zitzaion, eta euskaldunen artean, esaterako, gauza txar guztien erruduna zapoa da: jan ezin den belarrari zapo-belarra deitzen zaio; jan ezin den perretxikoari, zapo- perretxikoa; gaizki jotako txistuari, zapo-txistua; edo gaizki egindako saltoari, zapo-saltoa. Otsoak ere gauza txarrekin lotzen dira. Irudi hobea dute hegaztiek: txantxangorriek, txepetxek... Azken horiek Biblian ere agertzen dira gauza on moduan, eta hori izan daiteke animalia positibotzat hartzearen arrazoia.

"Espezie batzuk gauza positiboekin lotzen dira eta beste batzuk, negatiboekin"

Bada zeuri bereziki gustatzen zaizun kondairarik?

Kondaira baino gehiago, uste bat da, eta da txepetxek oilagor-txakur guztiak engainatzen dituztela. Hori Hernanin kontatu digute, baina Iparraldean eta Bizkaian ere esaten da, eta biologoek ez dakite zergatia azaltzen. Muskerrei buruzkoa ere gustuko dut: batzuek diote muskerrek belarrira salto egiten dutela; beste batzuek, kopetara. Eta esaten da askatzeko hamalau herritako kanpaiek jo behar dutela. Antza denez, muskerrak, zerbaiti heltzean, asko itsasten dira eta kosta egiten da askatzea; horixe da aztertzen jarrita topatu dugun azalpena.

Zuen proiektuak interesa piztu duela esan daiteke; liburuaren bigarren edizioa atera duzue, adibidez.

Lehenengoa oso ondo saldu zen Hernani eta Ereñotzu aldean. Bigarrena kanpoan ari gara saltzen: motelago, akaso, baina oso ondo baita ere. Uste dut dela zerbait galtzen ari garen sentipena dagoelako: gauzak galtzeko zorian daudenean estimatzen ditugu. Kezka, gainera, toki guztietan dagoela esango nuke. Horregatik, gurea egin dugun aldi berean, beste toki batzuetan ere egin dira bilketa lanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak