Ekonomia krisiek eta pandemiak gogor kolpatu dute garraiolarien sektorea ere. Halaber, egunotan puri-purian dagoen erregaiaren prezioaren gorakadak ezbairik gabeko eragina izan du alorrean. Garraiolari debagoiendarrek "kezkaz" eta "ziurgabetasunez" bizi dute egoera, eta azken urteetan izan dituzten zailtasunak eta borrokak azaleratu dituzte asteon, Euskal Herriko eta Espainiako beste hainbat gidarirekin batera.
Jokin Rodriguez, Jon Ander Arza eta Josetxo Atxaga bailarako kamioi gidariek adierazi dutenez, urte asko daramatzate sektoreko langileen baldintzak hobetu nahian. Eta bide horretan "zenbait lorpen" egin dituztela aipatu duten arren, egoera "geroz eta zailagoa" dela nabarmendu dute. Horri lotuta, Atxagak zehaztu nahi izan du aldea dagoela gidarien artean: "Sektorea baztertuta egon bada, gi- dari autonomoak oraindik eta gutxiago hartu dira kontuan. Inoren lurretan gaude".
"Lanean garatu ditzakegun gaixotasunak aintzat hartzea eta bajak hartu ahal izatea; errepidean izan ditzakegun istripuak lan-istripu gisa hartzea eta ez trafiko-istripu gisa; 60 urterekin erretiratzea... Asko dira ditugun eskaerak", dio Rodriguezek. Baina guztien artean, ezinegon bat nabarmendu du, batik bat, Arzarekin batera: "Gure tarifak ez dira KPIaren araberakoak, ezta erregaiaren edo bidesarien araberakoak ere, eta, hortaz, geroz eta irabazi gutxiago ateratzen dugu. Gainera, egun dugun arazo handiena postontzi-enpresa deitzen zaien horiekin dugu".
"Konpetentzia desleiala"
Postontzi-enpresak dira sektorearen mugikortasuna aprobe- txatuz herrialde bateko legeak baliatzen dituztenak, baina, era berean, beste herrialde batzuetan jarduten dutenak, errentagarritasun handiagoa lortzeko.
"Europa ekialdeko herrialdeetan kokatzen dira gehienak, eta konpetentzia desleiala egiten digute: kota baxuagoak dituzte, zerga gutxiago ordaintzen dituzte, aseguru merkeagoak... Baina gure eremu berean ari dira lanean. Hortaz, eurek etekin handiagoa ateratzen dute guk baino, eta berdin zaie diru gutxiagoren truke lan egitea, gastuak ez baitira guk ditugunen parekoak", azaldu du Arzak.
Bidesariak eta erregaia, oztopo
Sektorearen baitako katramila legalez eta langileei dagozkien eskubideez gain, gidariek beste zenbait aldagai ere zerrendatu dituzte. Atxagak erregaiaren prezioaren gorakada jarri du jo-puntuan, besteak beste: "Momentu honetan, %47 gehiago ordaindu behar dut hilean gasolioarengatik, eta lehen irabazten nuen apurra galdu dut".
Horrez gain, autobideko bidesariak izan dituzte berbagai Rodriguezek eta Arzak. "Autoentzako tarifak jarri dituzte: hilabetean, gehienez ere –bidaia kopurua edozein dela ere–, kota finko bat ordaintzen da. Guk, gidariok, ez dugu aukerarik hori egiteko; eta kontuan hartu behar da autobidea lanerako erabiltzen dugula, ez aisialdirako". Nolanahi ere, gidariek ondorioztatu dute aipatutako oztopo horiek gainditzea "erraza" dela: "Erregaia igo bada, igo dezatela guri ordaintzen digutena ere".
Industria, garraioari begira
Gidariak jakitun dira produkzio-katearen erdian dagoen maila direla; hots, funtsezkoak direla enpresak hornituta egoteko eta produktuak kontsumitzaileengana iristeko. Eta, hain zuzen ere, hori baliatu dute euren eskakizunak egiteko. Garraiolarien plataformak deitutako lanuzte mugagabera batu dira euskal gidariak ere, eta asko greban dira astelehena ezkero. Horren harira, piketeak ere egin dituzte eskualdean.
Bestetik, atzo, Arantza Tapia sailburuarekin izan zuten bilera, eta Tapiak azaldu zuen "arduraz" bizi duela egoera: "Grebaren ondorioz, gure ekoizpen-sarearen egoera okertzen ari da". Halere, "greba eta lan eskubideak errespetatu behar direla" zioen. Finean, neurriak "lehenbailehen" hartu behar direla esan zuten sailburuak eta garraiolariek.