Debagoienean presentzia izan dute kamioilarien aldarrikapenek, ostegunean, esaterako, bailaratik bueltaka ibili ziren, eta pikete informatiboak egin zituzten Elorregiko biribilgunean, lanuzterik egin ez duten gremioko kideei egoeraren inguruko informazioa emateko. Gaur goizean Donostian egin dute kamioi karabana, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietatik igaro dira. Instituzioengandik babestuta sentitzen ez direla adierazi dute modu horretan, bidesariak aipatuz adibide nagusi gisa.
Neurriak lehenbailehen hartzeko deia
Grebaren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du lan egin nahi duten garraiolari guztien lan egiteko eskubidea errespetatu dadila. Gainera, Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari eskatu dio “ahalik eta lasterren” har ditzatela “energia eta erregaiaren garestitzeak familietan, industrian eta garraioan duen eragina arintzeko neurriak".
Bestalde, EAEko logistika sektoreak Gasteizen egin du foroa, eta bertan izan da Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua. Espainiako Gobernuak martxoaren 29an energia merkatuko duela iragarri duen arren, Jaurlaritzak ohartarazi du ordurako "berandu" izan daitekeela.
Arantxa Tapia garraioko enpresa handiekin bakarrik batu dela gaitzetsi du Hiru sindikatuak. Garraiolari autonomoen etorkizuna kolokan ikusten dute, sektorea zaharkitzen ari delako. Lanbidearen arriskuak aintzat hartuta, euren hitzetan berandu iristen zaizkie jubilazioak. gazteak sektorera erakartzeko baldintzak hobetu eta ikastaro gehiago sustatu beharko liratekeela adierazi du Altunak.
Garraioaren grebak eragina izan du Udanako errepidea irekitzeko lanetan, eta oraindik ez dago irekiera-data zehatzik.