Iaz egindako baloraziotik, bigarren edizio bat antolatzea erabaki dute Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Komunikazio taldeak. "Gure elkarlanaren balorazio ona egin genuen, eta campusean parte hartu zuten ikasleek ere gustura aritu zirela, asko ikasi zutela, eta batzuk errepikatzeko gogoa zutela ere adierazi ziguten. Halako balorazioarekin, bigarren edizio bat prestatzea erabaki dugu", adierazi du Monika Belastegik, Goiena Komunikazio Taldeko presidenteak.
Zuzeneko podcast saioa telebista platotik
Udalekuen helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura. Horretarako, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: kamera aurrean nola jarri, fotokazetaritza, podcastak nola egin, sare sozialen kudeaketa… Aurten, gainera, arreta berezia jarriko da telebistako platotik egindako zuzeneko podcast saioetan. Ariketak egiteko, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Campuseko baliabideak erabiliko dira: telebista-platoa, ordenagailuak eta beharrezko izango duten bestelako materiala. Horretaz gain, Goienaren Arrasateko egoitza –erredakzioa, telebistako platoa eta irratia– bisitatuko dute egun batean.
"Aurtengo berrikuntza nagusiena izango da, proiektu nagusi bat izango dugula, campusari amaiera emateko, eta zuzeneko podcast bat egitea izango da. Irratiaz gain, bideogintzarekin eta zuzeneko errealizazioarekin uztartuko dugu lana", adierazi du Unai Portillak, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasleak.
Master-eskoletarako gonbidatu bereziak
Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta Goienako profesionalek hartuko dute parte Komunikazio Campusean. Era berean, landuko diren gaietan ezagunak direnek eta eskarmentua dutenek emango dituzte master-eskolak: Ainhoa Vitoriak, komunikatzaile eta Gazteako irrati esatariak, Alex Padillak, sare sozialetan aditu eta Tabakalera eta Gazteako komunikazio teknikariak; eta Goiena Komunikazio Taldeko Xabier Urzelaik, mojo edo eskuko telefono adimendunekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan adituak.
Izen-ematea zabalik
Udalekuak DBH-4ko eta batxilergoko lehen mailako gazteentzat daude zuzenduta, eta izena emateko epea zabalik dago ekainaren 18ra arte. Prezioa 125 euro da, eta plaza mugatuak izango dira; txanda bakoitzean, gehienez ere, 15 lagun elkartuko dira. Bi txanda egingo dira, astelehenetik ostiralera: lehena, uztailaren 4etik 8ra; eta bigarrena, 11tik 15era. Biak ala biak, 09:00etatik 13:30era. Izena emateko bidea honakoa da: www.labur.eus/komunikaziocampusa
Informazio gehiago nahi duenak bide hauek jarraitu ditzake:
○ Telefonoa / Whatsapp / Telegram: 600 02 27 20
○ Posta elektronikoa: komunikaziocampusa@mondragon.edu
○ Webgunea: www.goiena.eus/bereziak/komunikazio-campusa-2022