Iñaki Azkoaga: "Nire ikerketaren arabera 'Baskonia' da gure herria izendatzeko hitzik egokiena"

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mar. 15a, 17:02

Euskal Herria, Euskadi, Euzkadi, Vascongadas, Pays Basque… gure herriak nola du izena? Eztabaida ez da berria, eta ez dirudi epe motzean adostasunik lortuko denik. Iñaki Azkoaga arrasatearrarendako garrantzitsua da auzia lehen lerrora ekartzea eta baita ere adostasun batera heltzea. Bere proposamena egin du Baskonia, una solucion al problema del nombre del pais de los baskos liburuan.

Modu askotan deitzen zaie euskal lurraldeei. Ze ondorio ekarri ditu horrek?

Identifikazio aldetik, ondorio latzak. Adibide bat aipatzearren, Oihana Azkorbebeitia korrikalaria Italiako munduko txapelketan 10. postuan sailkatu zela ikusi nuen, eta bere elastikoak Euskal Herria, Euskadi eta Basque Country zeukan idatzita. Pentsatu nuen: nork jakingo du Italian nongoa den atleta hau?

2017an ere idatzi zenuen antzeko saiakera bat: Vasco, ¿cómo se llama tu país?

Eta hau ekarpen helduagoa da, hura argitaratu ostean ateratako ondorioetatik abiatzen dena. Metodologia soziologiko bat aplikatzeko beharra ikusi nuen; hala, sei izeni indargune eta ahulguneak bereizi nizkien, eta faktoreak aplikatu, bakoitza bere ponderazio eta balioekin.

Baskonia izena da zuretzat aproposena. Zergatik?

Euskal Herriari deitzeko glotonimorik zaharrena da, IV. mendekoa, eta gaur arte erabili izan da. Gure zazpi probintziak Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoan daude administratiboki zatituta. Planteatzen dudana da esparru horiek izen orokorrarekin komunikatuta egotea; hau da, ordena bat ezartzea. Baskonia izango litzateke izen orokorra, eta gero, egon daitezke Baskonia mendebaldea, iparraldea... Horrela, denok jakingo genuke Baskonia handiago bat dagoela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak