Ezagutzeko, maitatzeko eta zaintzeko

Mireia Bikuña 2022ko mar. 15a, 13:55

Aizkorri-Aratz parke naturala ezagutzeko modu didaktikorik badago, hori Arantzazuko Parketxean dagoen interpretazio gunea da. Natura, kultura eta espiritualtasuna bateratzen dituen lekua da. Hona PUNTUAko martxoaren 11ko alerako egindako erreportajea. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Hainbat hilabetez itxita egon ostean, martxoaren 3an zabaldu zituen ateak, "indarberrituta", Arantzazuko Parketxeak. Gandiaga Topagunean egoitza duen interpretazio zentroak ordutegi malguagoa izango du aurrerantzean, eta dena prest dute han bisitariak jasotzeko.

Luis Mari Zaldua (GPS-ko gerentea): "Gure eginkizuna da herritarrei natura ondarea eta kultura paisaia hobeto ulertzen laguntzea"

Izan ere, ordutegia da denboraldi honetarako izango duten berrikuntza nagusia. Martxoan, eguenetik domekara egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara. "Oraingoz, modu horretan hasi gara lanean. Baina, seguruenera, hilero joango gara egunak gehitzen gure ordutegira", esan du Amaia Vicente gidariak.

Aizkorri-Aratz parke naturalaren interpretazio zentroa ezagutu, bisita gidaturen bat edo mendi ibilaldiren bat egin gura dutenei eskatzen zaie aurrez izena ematea: 943-78 28 94 edo arantzazu@gipuzkoanatura.eus. "Aurrez izena emanda, edozein aldaketa dagoela, bezeroekin kontaktuan jar gaitezke. Izan daiteke eguraldiarengatik bisita gidatua edo irteera atzeratu beharra izatea, eta errazagoa da beraiei abisua ematea".

Arantzazuko Parketxean dagoen Aizkorri-Aratz parke naturaleko maketa. (Argazkia: Goiena)

Bitartekari lanak

Arantzazuko Parketxean Aizkorri-Aratz parke naturalaren ondarea oinarri duten jarduerak antolatzen dituzte, herritar guztientzat egokituak. Ingurunearen berri emateaz gainera, gizakia nola bizi izan den eta nola lan egin duen azaltzen dute. Askotariko ekintzak egiten dituzte han; besteak beste, hezkuntza jarduerak eta ibilaldiak. "Parketxearen helburua da Gipuzkoaren natura eta kultura hastapenei buruzko hausnarketa egin ahal izateko gunea eskaintzea. Gure eginkizuna da herritarrei natura ondarea eta kultura paisaia hobeto ulertzen laguntzea. Guk bitartekari lanak egiten ditugu", dio Gipuzkoako Parketxe Sareko gerente Luis Mari Zalduak.

Hiru premisarekin egiten dute lan Gipuzkoako parketxeetan: ezagutu, maitatu eta zaindu. "Guregana datozen herritarrak txundituta eta maiteminduta geratzen dira ikusten eta ikasten dutenarekin. Eta, zerbaitekin maitemintzen zaren momentuan, biziraun dezan, zaindu egiten duzu. Alegia, ezagutzatik estimura eta estimutik zaintzara. Hori da gure lan egiteko modua", azpimarratu du Zalduak.

Bisitariak, Elgeako mendizerrarantz begira. (Argazkia: Luis Mari Zaldua)

Eta adibide garbi bat ipini du: "Iturrigorrira zuhaitz lepatuak ikustera joaten garenean, jendeak zuhaitzak ikusten ditu. Kontatzen diegu gizakiak moldatutako zuhaitzak direla, antzina energi iturri jasangarri bat izan zirela, nolako bidea izan duen, edo usteltzen denean zomorro egur-jaleen bazka dela. Bisitariak konturatzen dira zuhaitz politak eta bitxiak baino askoz gehiago direla. Ikusi baino harago, ingurune hori ezagutu egiten dute".

Bisita gidatuak

Izan ere, bisita gidatuak dira Arantzazuko Parketxeak ematen dituen zerbitzuetako bat. Alde batetik, Arantzazu auzoa bera ezagutzeko aukera ematen duena. Laburra eta erraza. Arantzazu auzoan eta ibilbide irisgarrian barrena egiten da. "Izan ere, Arantzazuk helarazten duena bizi daitekeen toki gutxitan dago: naturak eta arteak bat egiten dute. Bisitariek bata eta bestea osotasun banaezin moduan senti dezakete".

2011ko otsailean inauguratu zuten, eta, ordutik, 26.623 bisitari pasa dira harrera-gunetik

2008ko azaroaren 26an inauguratu zuten Arantzazu eta Gomiztegi batzen dituen ibilbide irisgarria, bide irisgarrien sareko lehen ibilbidea. Gandiaga Topagunearen atzealdetik Gomiztegi baserrira doan bide zaharra egokitu zuten ikusmen, entzumen eta adimen urritasuna eta urritasun fisikoa dutenendako. 1.600 metroan bi metroko zabalerako pasealekua dago, hormigoizko lurzoruarekin eta ikusmen ezintasuna dutenentzat pista distalarekin. Ibilbide osoan eserlekuak eta plataformak daude, baita ere hesi babesgarriak. Ibilbidean zehar, han-hemenka, informazio panelak, behatokiak eta animalien maketak daude, ukimen bidez bertako natura ezagutzeko aukera ematen dutenak.

Artzaintzari buruzko gunea, interpretazio zentroan. (Argazkia: Goiena)

Nork bere kontura ibilbidea egiteaz gain, orientazio jolasak egiten dituzte hor. Familian egiteko Altxorraren bila, hain zuzen. Parketxetik irtenda eta pista batzuk jarraituta, taldeka, ibilbidean zehar gordeta dauden altxorrak topatu behar dituzte. Domeketan egiten dute ekintza hori.

Bestalde, nork bere kasa egin ditzakeen ibilaldiak ere badaude: Kontrabandisten bidea, Ezkutuko bidea, Gaztaren bidea, Bizkar ibilbidea eta Urbiako xenda, besteak beste.

Interpretazio-gunea

Baina, duda barik, Ingurumen-hezkuntza programa da Arantzazuko Parketxeak duen eskaintzarik zabalena. Goiz-pasa edo egun-pasa joan daitezke ikastetxeak, eta han askotariko ekintzak egin. Horixe egin zuten Debako Luzaro Ikastetxe Publikoko neska-mutikoek. Parketxea zabaldu orduko, Aizkorri- Aratz natura parkeko interpretazio zentroa ezagutzen egon ziren.

Ikastetxeentzako ekintzak eta parke naturalean egiteko ibilaldiak daude aukeran

Harrera-gunean lehen azalpenak jaso ostean, Gipuzkoako mapa baten gainean lurraldean dauden parketxeak ezagutzeko aukera izan zuten, eta Arantzazukoa zein lekutan kokatzen den ere bai. Ostean, bideo labur bat ikusi, eta aterpetxeak duen elementurik ikusgarrienarekin egin zuten topo: Aizkorri-Aratz parke naturalaren ikuspegi orokorra eskaintzen duen zilar koloreko maketa erraldoia. "Ukitzeko maketa da. Testura ezberdinak ditu, zelaiak, basoak eta haitzak ezberdintzeko. Gune leunak zelaiak dira, zimur samar daudenak basoak, eta erabat zimurtutakoak haitzak", azaldu zien Vicentek.

Debako Luzaro ikastetxeko ikasleak maketari buruzko azalpenak entzuten. (Argazkia: Mireia Bikuña Madrid)

Maketan ikus daitezke Altzania, Aratz, Aizkorri, Urkilla, Zaraia eta Aitxuri tontorrek eratutako lerroak. Bizkaiko Golkoaren eta Mediterraneoaren urak banatzen dituena. Bisitariei atentzioa ematen die mendirik garaiena Aitxuri izateak. "Galdera egiten diegunean, guztiek erantzuten dute Aizkorri dela".

Natura, kultura eta espiritualtasuna

Natura, kultura eta espiritualtasuna bateratzen dituen lekua da aterpetxea. Hori guztiori lortzeko, hainbat baliabide dituzte; euskal basoaren errekreazio abstraktua sinkronizatutako argi sistemarekin eta zuhaitz didaktikoekin; artzainek mendiko larreetan egiten duten lana laburbiltzen duen formatu handiko proiekzioa; eta artzaintzaren inguruan sakontzeko gunea. Azken horretan, ogibide horren gaineko informazio zabala ematen da. Makila gabe artzaina, nekez artzain jartzen du sarreran. Ardien gaineko datuak eta ezaugarriak, artzain bati elkarrizketa, eta artzainek ardiekin berba nola egiten duten entzuteko aukera ere bai.

Luis Mari Zaldua (GPS-ko gerentea): "Zerbaitekin maitemintzen garenean, biziraun dezan, zaindu egiten dugu"

Espiritualtasuna irudikatzen den gunea Pertsonen basoa delakoa da. Itzalak eta Bitoriano Gandiagaren poemak dira hango protagonista. "Erlaxatzeko eta hausnarketarako" gunea.

26.600 bisitari baino gehiago

2011ko otsailaren 14an inauguratu zuten Arantzazuko Parketxea. "Errealitate bihurtutako ametsa" zelan esan zuten ekitaldian egondako arduradunek. Ordutik, 26.623 bisitari pasa dira harrera- gunetik. Lehenengo bi urteetan 3.000tik gora lagun, urtero – lehenengo urtean, 3.570–. 2013tik 2019ra, 2.000tik gora, baina 3.000ra heldu barik. Batez beste, 2.582 bisita urtero.

Aizkorri-Aratz parke naturaleko maketa handia ikusi eta ukitu daiteke interpretazio-gunean

Eta, orduan heldu zen pandemia. Baita Arantzazuko Parketxera ere. "2020a eta 2021a oso gogorrak izan ziren guretzat. 2020an, 532 lagun bakarrik egon ziren gurean. Aurtengo erronka? Bada, pandemia aurreko datuetara itzultzea. Normaltasunerako bidean bagoaz; beste indar bat eman gura genioke parketxeari. Gure bisitari gehienak gipuzkoarrak dira, eta lurraldeko biztanleria gehiena Usurbil eta Donostia aldean bizi da. Haiei kosta egiten zaie Arantzazuraino etortzea. Urruti ikusten dute, eta hori ere erronka handia da guretzat", azaldu du Luis Mari Zalduak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak