Debagoieneko Mugimendu Feministak kalera irteteko hainbat arrazoi nabarmendu ditu. "Urtero bezala, aurten ere emakumeoi egunerokoan eraso egiten gaituen gizarte matxista, kapitalista, kolonialista eta arrazista honi aurre egitea dagokigu", adierazi du Ane Egino talde feministako kideak. Olaia Muruak, berriz, kalera aterako dituzten sei aldarri zerrendatu ditu: "Osasun eta hezkuntza sistema duin eta publikoak indartzea, pentsiodunek pentsio publiko duinak jasotzea, zaintzarekin lotutako lanak duintzea eta dagozkien ordaina ematea, pertsona migratuak paperik ez dutelako ez kriminalizatzea, inor etxebizitzarik gabe ez lagatzea eta geure buruak autodefentsa feministaren bitartez defendatzea ozen aldarrikatuko dugu".
"Estatu sozialista", Itaiaren aldarri
Deba bailarako Itaiak, eta bost ideia nagusi azpimarratu nahi izan dituzte. Pandemiaren testuinguruan, emakumeen lan baldintzek "okerrera" egin dutela eta zaintza lanen zama "areagotu" egin dela salatu dute. Bestetik, "erakundeen aurpegi zuriketa" eta "hipersexualizazioaren normalizazioa" ere gaitzetsi dituzte. Finean, azaldu dute "estatu sozialista" dela "emakume langileen zapalkuntza gainditzeko bermea"
Emakunderen kanpaina
Emakunde martxoaren 8aren harira abiatu duen kanpainak, neskek, eta emakumeek, oro har, euren gorputzen eta itxura fisikoaren gainean jasaten duten gehiegizko presioa da aurtengo kanpainaren ardatza, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldutakoaren arabera. "Emakumeak gorputz bat bezala erakusteak gizaki bezala ikustetik urruntzen gaitu, emakumeen kontrako indarkeria areagotuz", azaldu dute.
Hitzorduak herriz herri
Antzuola:
- 19:00etan, manifestazioa.
Aramaio:
- 18:30ean, manifestazioa, Kultur-etxean hasita.
Aretxabaleta:
- 10:30ean, ikastetxeetan tailer ez-mistoa + mutilendako hausnarketa saioa.
- 12:00etan, elkarretaratze mistoa, Herriko Plazan.
- 18:00etan, manifestazioa, zaharren egoitzara joango da. Ondoren, 18:30ean, plazatik abiatuko da.
Arrasate:
- 10:30ean, elkarretaratzea, Gaztelupeko patioan.
- 19:30ean, manifestazioa, Biteritik.
Bergara:
- 19:00etan, manifestazioa Itaiak deituta, San Martin plazatik.
- 19:30ean, manifestazioa Martxanterak talde feministak deituta, San Martin plazatik.
Elgeta:
- 18:00etan, Dorleta Kortazarren ipuin kontaketa: 80 amandre.
- 19:30ean, elkarretaratzea.
Eskoriatza:
- 18:30ean, bideoen emanaldia.
- 19:00etan, manifestazioa, plazan.
- 19:30ean, Femideo 1. Lehiaketaren sari banaketa egingo da, plazan.
Oñati:
- 12:00etan, elkarretaratzea, Olakua auzoan.
- 19:00etan, manifestazioa, plazatik hasita.