Arrasatek punk-rock jaialdi propioa izan behar zuela uste izanik Mondra&Roll antolatu dute Gasteiz Calling eta Barnanroll jaialdien antolatzaileek. "Euskal Herriko punkaren sehasketako bat da Arrasate, RIP, Zakarrak, Puñetazo eta beste hainbat talde sortu dira, eta bertatik Euskal musika eszena handia elikatzen duten musikari eta bandak ateratzen jarraitzen dute", diote eta gaineratu: "Covid-19aren erruz bi urtez saiatu ondoren, hirugarrenean lortuko dugu, eta oraingoan ez gaitu ezerk geldituko. Hemen dago Mondra&Roll eta geratzeko etorri da".
Hainbat talderen urteurrenak
Bi egunetako jaialdia izango da, uztailaren 8an eta 9an, Monterron parkean, eta punk eta rock doinuak lantzen dituzten "izarrak" izango dira oholtzan. Lehenengo edizioa hasiko dute street punkaren ikono den Cock Sparrer talde ezagunaren 50. urteurrena ospatuz, Arrasate aukeratu dutelako urteurreneko biraren baitan geldialdia egiteko: "Euren ereserkiek burrunba egingo dute Udalako mendian, inork inoiz egin ez duen bezala".
Ospakizunetan murgilduta dagoen beste talde bat izango dute lagun horiek, Des-Kontrol arrasatearra: "Tokiko heroiak, herriko bandarik luzeena, aitzindarien oinordekoak. 25 urteko ibilbidean, euren heroiekin batera ospatuko dute ezustekoz betetako gau batean".
Bestalde, Oi! doinuekin etorriko da Cockney Rejects taldea: "Geggus anaia paregabeak ezin ziren jaialdiaren lehen edizio honetan faltatu, haiek musikaren eta harmailen kulturaren kondaira biziak dira, beti musikarekin hain lotuta egon direnak". Suediako The Baboon Show taldearekin egingo dute bat horiek lehen egunean; azken urteotan entzute handia lortu duen taldea, hain zuzen ere.
Ingalaterrako Peter and The Test Tube Babies ere pozik hartuko dute askok, aspalditxoan ez direlako gerturatu Debagoienera. The Capaces ere 20. urteurrenean murgilduta dabil eta Mondra&Roll izango da geldialdia egiteko aukeratu duen gune bat. La Inquisicion bartzelonarrak eta La Excavadora gasteiztarrak osatuko dute egitaraua.
Arrasateko ordezkaritza ere izango du jaialdiak. Des-Kontrolez gain Crap, Perlata eta Zero taldeak izango dira oholtzan.
Egitaraua
Uztailak 8, ostirala
- - The Baboon Show
- - Cockney Rejects
- - La Inquisición
- - La Excavadora
- - The Capaces
Uztailak 9, zapatua
- - Cock Sparrer
- - Des-Kontrol
- - Peter and The Test Tube Babies
- - Perlata
- - Crap
- - Zero