Osakidetzako langileek akordioa berritzeko eskatu diote Osasun Sailari

Uxue Igarza Loiola 2022ko ots. 28a, 14:55

Osasun langileek Lehen Mailako Arretan egin zituzten lanuzteak egubakoitzean, eta asteburuan mobilizazioak egin dituzte EAEko hiriburuetan. Gaur, berriz, Osakidetzako zerbitzu guztietara hedatu da greba, eta agerraldiak ere egin dituzte erietxeetan; baita bailaran ere.

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek greba orokorra deitu dute Osakidetzan. "Gaur amaituko da greba historikoen fase bat Osakidetzan. Ikusiko dugu azkenak izango diren edo laster gehiago egingo ditugun", azaldu dute bailarako ordezkariek.

Duela hamahiru urte sinatutako akordioa berritzeko "borondate falta" eta Osasun Sailaren kudeaketa salatu dituzte: "Lotsagarria da, egoerak hala eskatu duenean, profesionalok eta herritarrok sakrifizio handiak egin izana, eta, aldi berean, osasunaren kudeatzaileak prekarietatean sakontzen aritu izana".

Eskaera zehatzagoei dagokienez, besteak beste, honakoak adierazi dituzte: 2023ko aurrekontua handitzea –%25a lehen arretara bideratuz–;  lanpostuak sortzea "lan-zama arintzeko"; 24.600 langileri eragiten dien behin-behinekotasunarekin amaitzea; erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak osorik eta lehen egunetik betetzea; edota "kontziliazioan laguntzeko neurriak" hartzea.

Jarraipenaren inguruko datuak

Sindikatuen arabera "greba historikoa" izan da gaurkoa, eta Osasun Sailarentzat, aldiz, "%9,36ko jarraipena" izan du grebak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak