Iragarritako heriotza baten kronika

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 1a, 13:24

2022a hastearekin batera agindu zuen Espainiako Gobernuak telefono kabinak kaletik behin betiko erretiratzea, Telekomunikazio Lege Orokor berriaren baitan. Eskuko telefonoak hedatu zirenetik ahanzturara kondenatuak izan dira, funtzio praktikoa galdu zutelako. Hilabete batzuen buruan, ez da horien zantzurik geldituko. Hona PUNTUAko otsailaren 25eko alerako egindako erreportajea. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Hiri altzarien parte izan dira, jarlekuak, zakarrontziak, postontziak eta markesinak bezala. XXI. mendeak martxa hartzearekin bat joan ziren galtzen garrantzia, eskuko telefonoen hedapenarekin batera. Baina oraindik presente daude kalean; denbora laburrerako, halere. Espainiako Gobernuak urtarrilaren 1ean onartutako Telekomunikazio Lege Orokor berriak zerbitzu publikoan mantentzeko derrigortasuna kendu die telefono kabinei, eta, ondorioz, guztiak kaletik erretiratzeko oniritzia eman du. Erabaki horren arrazoia da gehienak apurtuta daudela eta martxan daudenak oso gutxi erabiltzen direla: 2020an zehar astero dei bakarra erregistratzen zuten, batez beste; 2018an, berriz, hiru egunetik behin.

Bi pertsona Arrasateko Musakola auzoko kabinan, 'selfie'-a ateratzen. (Argazkia: Goiena)

Zerbitzu unibertsala, birdefinituta

Araudi berria telekomunikazio zerbitzu unibertsalaren birplanteamenduan dago oinarrituta. 2021 arte telefonoz deitzeko prestazioa toki zehatz batera zegoen finkatuta; 2022tik aurrera, aldiz, sakelakoetako banda-zabala arduratuko da honako zerbitzu minimo hauek eskaintzeaz: helbide elektronikoa, informazio-bilatzaileak, sare sozialak, Internet bidezko bankua eta, noski, dei arruntak zein bideo-deiak. Gainera, konexioen abiadura areagotzea ere sustatu nahi du legeak, telekomunikazio-enpresek aipatutako online zerbitzuetan hobekuntzak txerta ditzaten.

Hirietan lehenengo, herrietan gero

Kontuan hartu behar da 1.000 biztanletik beherako herri guztietan zegoela araututa kabina bat jartzea, baita herri handiagoetan 3.000 biztanleko kabina bat egokitzea ere. Hala, 500 aparatutik gora daude Euskal Autonomia Erkidegoan, baina egunetik egunera jaisten ari da kopuru hori. Izan ere, hirietan hasiak dira jadanik azpiegitura horiek kentzen. EHUn irakasle Begoña Villanueva bilbotarrak, telekomunikazioan aditua denak, adierazi du "gauez" desagerrarazten dituztela, "egun batetik bestera" konturatzen da-eta Bilboko zenbait kaletan kabinak falta direla.

Oraindik telefonoa mantendu eta pantaila pizten zaion kabina apurretako bat; gehienak guztiz hondatuta eta itzalita daude. (Argazkia: Goiena)

Debagoienean 2022an zehar ez dute kabinarik kendu oraindik. Hortaz, dozena bat inguru gelditzen dira, baina bat ere ez dabil: Arrasaten lau daude, gutxienez –Arbolapetan, Munarren, Zigarrolan eta Gesalibarren–; Aretxabaletan, hiru –Araba hiribidean, Otaloran eta Duranan–; Oñatin –Foruen plazan eta Lizaur kalean– eta Bergaran –Ibargarai etorbidean eta Osintxun– bina; eta Elgetan –Herriko Plazan–, Eskoriatzan –San Pedro auzoan–, Antzuolan –Herriko Plazan– eta Aramaion –Santakurtz abadearen plazatxoan– bana.

Ia 20 urteko abandonua

Erabilgarri dauden kabina apurretan astero dei bakarra erregistratzen da, batez beste

Bestalde, zutik daudenak baino gehiago erretiratu dituzte azken urteetan; Leintz Gatzagako Markola plazakoa, aipatzearren. Telefonica enpresak izan du kabinen gaineko eskuduntza, eta abandonuagatik desagerrarazi ditu, pixkanaka, kaletik, 2003a ezkero ez ditu-eta modu egokian zaintzen. Villanuevaren iritziz, "eskuko telefonoen hazkundearen aurrean Telefonicak interesa galdu zuen kabinak garbi eta erabilgarri mantentzeko; ordutik hona, ez du ezer egin, eta penaz hil dira".

Argigarria da baita ere duela lauzpabost urte gertatutakoa: Espainiako Gobernuak zerbitzu hori konkurtsora atera zuen, eta ez zen enpresarik aurkeztu. Izan ere, kabinek 4,5 milioi euroko galerak dakartzate urtero, eta, ondorioz, gobernuak Telefonica behartzen zuen kontratua betetzera, Villanuevak zehaztu bezala, "enpresa hori delako aparatuen jabea". Edozelan ere, Espainiako Gobernuak partzialki bueltatzen zion dirua Telefonicari.

Garai batean, oso praktikoak

1964an ezarri ziren lehenengo kabinak euskal hiriburuetan, eta bi urte geroago iritsi zen bailarako lehena, Bergarara. 1972ra arte, ordea, ezin izan zen herrien arteko komunikazioa gauzatu, eta herrikideekin hitz egiteko baino ez zuen balio izan. Telefono finkoetara ez ezik, kabina batetik bestera ere dei egiteko balio zuten, aparatu bakoitzak bere telefono zenbakia zeukalako, datu hori oso ezaguna ez bazen ere.

Europako hainbat herrialdetan kabinak birziklatu dituzte; liburutegi gisa, adibidez

Hasieran instalatu zituzten kabinak itxiak ziren, intimitatea bermatzeko. "Horregatik zen oso ohikoa bikote gazteek elkarri deitzeko erabiltzea. Garai hartan, gazteen arteko harreman afektiboak kontrolatzeko joera handiagoa zuten gurasoek, eta kabinek nobioei elkarrizketa pribatuak edukitzeko aukera eskaintzen zieten", azaldu du Villanuevak. Arrazoi beragatik ziren praktikoak "ezkontzaz kanpoko harremanak" zeuzkatenentzat, baita "legearekin bat ez zetozen aktibitateei buruz hitz egiteko" ere. Urteen poderioz, azpiegitura itxien ordez irekiak, sabairik gabekoak, joan ziren nagusitzen. Horrek hasieran eragozpenak ekarri zizkien herritarrei, "ez zeudelako ohituta, gaur egun gauden bezala, kalean lau haizetara telefonoz hitz egitera, jendearen atentzioa bereganatuko zutelakoan".

Baina behin instalazio berrien ezaugarrietara egokituta, kabinak kontu xelebreagoetarako ere erabili izan dituzte, bereziki, haurrek eta nerabeek; txanpon txiki batzuk sartuta, senitarteko, lagun, ezagun edo ezezagun baten telefonora deitu eta bromak egiteko aparatu aproposa izan baita.

Soberan geratutako txanponak jasotzeko zulo txikia. (Argazkia: Goiena)

Birziklatzerik ez

Hiri-altzariok memoria historikoaren parte direla iritzita, Europako zenbait herrialdetan zerbitzu praktikoagoak eman dizkiete, eta liburutegi edo wifi zerbitzugune bilakatu dituzte. Halako ekimenak proposatu dira gurean ere, baina ez dute arrakastarik izan, Villanuevaren iritziz, "udalek eta enpresek beste lehentasun batzuk" dauzkatelako. Horren harira, wifi publikoaren kasuan, udal eraikinen kanpoaldeetan jartzearen aldeko hautua egin dute.

Telekomunikazioen legeak digitalizazioa hobetzea lehenetsiko du

Maria Agirre aretxabaletarrak joan den udan plazaratu zuen kabinak ondare urbanistiko bezala mantentzearen gaia Goiena aldizkarian idatzitako iritzi artikuluan. Bertan, garai bateko bizimoduaren adibide gisa deskribatzen zituen gailuok: "Telefono kabina batean sartzea denboraren makinan sartu eta atzera egitea bezala izan daiteke, baita, era berean, haurrengan galderak egiteko aitzakia aproposa".

Oraindik guztiak kaletik ez kentzearen aldeko iritzia dauka Agirrek, baten batentzat erabilgarria izan daitekeelakoan: "Norbaitek eskuko telefonorik edukitzeko dirurik ez badu, eskubidea izan beharko luke kabinaren bitartez dei egiteko; edo, Interneterako konexio eta estaldurarik gabe geratzekotan, alternatiba gisa funtzionatu beharko luke". Pertsona zaurgarrienei begira, badirudi digitalizazioaren aldeko apustua lehenetsiko dutela agintariek, konektibitatea sustatzeko bonuak ateratzea aurreikusi dutelako, urtero 240 euroko dirulaguntzak banatuz behar gehien dauzkaten kolektiboei. 2020 aurretik altxatutako eraikinetan telekomunikazio azpiegiturak moldatzea da hartu nahi duten beste neurri bat.

Herritar askok penaz agurtuko dituzte, iraganeko bizimoduaren ikur izan baitira

Lasarteko egitasmoa, eredu baliagarria

Nolanahi ere, jendartearen zati handi batek penaz agurtuko ditu mundu analogikoaren ikur izandako egiturak. Pelikuletan ere euren arrastoa utzi dute; Antonio Mercero zuzendari lasartearraren La cabina-n, esaterako. Haren herrikideek Lasarte-Orian kabina bat gordetzeko eskaera egin dute, zuzendaria omentzeko xedez. Debagoienean ez da halako estiloko pelikularik egin, baina Aretxabaletako Durana kaleko agerraldi misteriotsuek gehiago daukate fikziotik errealitatetik baino. Beraz, agian, ez dago tokiz kanpo, gutxienez, bertako kabina mantentzea eskatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak